Magialdia jaialdiko zuzendaria

Jose Angel Suarez: «Magiak ikusle adimentsuak behar ditu, erronkaz gozatzeko prest daudenak»

Suarezek uste du magiaren indarra ez datzala trikimailuan, baizik eta ikusleari sortzen zaion harriduran; horregatik, Gasteizko Magialdia jaialdia funtsezko topagunea da bai magoentzat, bai publikoarentzat. Igandera arte hainbat ikuskizun izango dira.

Jose Angel Suarez, joan den astean, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Jose Angel Suarez, joan den astean, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
unai etxenausia
Gasteiz
2025eko irailaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez du kartarik atera, ezta txanponik desagerrarazi ere: magiarik egin gabe sartu da Jose Angel Suarez (Gasteiz, 1959) Gasteizko bihotzean dagoen Cafe Dublin kafetegira. Ez dator trikimailuak erakustera, baizik Magialdia jaialdiaz hitz egitera, zeinak atzotik igandera arte iraungo duen. Magiaren mundua betidanik maite izan du, eta 80ko hamarkadan egin zuen lehenengo urratsa, lagun batek estreinako emanaldi baterako argazkiak eskatu zizkionean. Handik aurrera, zale gisa hasi, eta, azkenerako, jaialdien antolatzaile bihurtu da. Orain, esperientzia hori guztia lagun, magiaren barruko bizipenez eta ospatzen ari diren Magialdiaren inguruan mintzo da.

Jorge Luengo mago ezagunak esan zuen magia jendaurrean irekitzeko bide bat dela lotsatientzat. Ados zaude?

Ez guztiz. Lotsatiak diren magoak badaude, baina eszenatokian pertsonaia bihurtzen dira, eta horrek laguntzen die. Hala ere, ez da arau orokorra. Nik ezagutzen ditudan mago gehienak jada irekiak eta adeitsuak dira. Agian Luengoren esperientzia pertsonala da, baina ez da unibertsala.

Nola hasi zinen magiaren munduan?

Betidanik gustatu izan zait magia, baina ez nuen sarbiderik. Txikitatik erakartzen ninduten trikimailuek, baina nire inguruan ez zegoen mundu horretan zebilenik. 80ko hamarkadan aldatu zen dena, lagun batek bere lehen emanaldi publikoan argazkiak ateratzeko eskatu zidanean. Han ikusi nuen lehen aldiz gertutik magia egiten, eta erabat txundituta geratu nintzen. Handik gutxira, elkarrekin ikasten hasi ginen, 1981 edo 1982 inguruan. Hasieran joko sinpleak ziren, baina, poliki-poliki, interesa handituz joan zen, eta bola gero eta handiagoa bihurtu zen. Horrela sartu nintzen benetan magiaren munduan.

Zein izan da zure ikaskuntza maila handiena?

Zalantzarik gabe, profesionalekin harremanetan jartzea. Horrek dena aldatzen du. Liburuak eta bideoak lagungarriak dira, baina ez dute ordezkatzen mago handiekin zuzenean partekatutako esperientzia. Urtero joaten naiz kartomagia jardunaldietara. Han ohartu nintzen magia ez dela teknika hutsa: kontzeptu bat da, filosofia bat, garuna nola engainatzen den ulertzeko modu bat. Trikimailua bera bigarren mailan geratzen da; ikusleari zer sentsazio gelditu zaion da garrantzitsuena.

Haurrentzako magia eta helduentzakoa desberdina izango da...

Erabat. Haurrak ez dira liluratzen magoak untxi bat zapitik ateratzen duelako: untxi bat ikusi dutelako harritzen dira. Helduak, aldiz, trikimailuarekin txunditzen dira. Horregatik, haurrentzako magia oso diziplina berezia da: erritmoa, hizkera, umorea eta arreta pizteko modua guztiz bestelakoa dira. Helduentzat, magia misterioaren gainean eraikitzen da; haurrentzat, berriz, fantasiaren eta jolasaren gainean. Bi publikoen aurrean jarduteko prest egoteak malgutasun handia eskatzen dio magoari.

15300083
Suarez, joan den astean, Gasteizko Cafe Dublin kafetegian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Nola prestatzen da magoa?

Asko praktikatuz. Etxean beti dauzkat karta edo txanpon batzuk mahai gainean, baina ni ez naiz profesionala. Halaber, kongresuetan eta hitzaldietan parte hartzen dut, liburuak irakurri... Lehen oso zaila zen informazioa eskuratzea: Gasteizen liburu bakarra besterik ez zegoen liburutegian. Orain, hirurogei liburu baino gehiago daude, asko gure ekimenari esker. Gaur egun, arazoa da sare sozialetan jendeak imitatu egiten duela, magia eta haren nortasuna nahastu beharrean.

Zein da magoen arteko hartu-emanaren garrantzia?

Funtsezkoa da, eta ia derrigorrezkoa. Magialdia gauza bat da ikusleentzat, eta beste bat magoentzat: teknikak eta trukoak partekatzen dira horrelako jaialdietan. Horrek magia haztea eta Magialdia munduan erreferente izatea ahalbidetzen du.

Magialdiak tokiko erakundeak eta jendea inplikatzen ditu. Zein da aurtengo berritasun nagusia?

Magiaren maila guztietako ikuskizunak eskaintzeaz gain, hiri osoa inplikatzen du. Ez da soilik antzoki edo areto batean gertatzen; kalean, erakundeetan eta eskolan ere presente dago. Aurten, esaterako, magia ibilbide berriak izango ditugu Arabako Batzar Nagusietan eta Arte eta Lanbide Eskolan, oso bereziak izango diren esperientziak. Horrelako proposamenekin, erakutsi nahi dugu Magialdia ez dela jaialdi huts bat, baizik eta hiriko ekitaldi nagusietako bat, gasteiztarrena eta gasteiztarrentzat egina, Europan eta munduan erreferente bilakatu dena.

Zer magia mota gustatzen zaizu?

Hurbileko magia. Zure aurrean gertatzen dena, ezinezkoa den hori. Antzokian ere indartsua da, baina ez dago konexio bera. Telebistan ikusten denean ere ez da gauza bera, ez du pertsona hainbeste liluratzen. Dena dela, magia mota guztiek daukate beren xarma.

Herrialdearen arabera, publikoak nola erreakzionatzen du?

Kultura aldetik asko aldatzen da. Japoniarrek, amerikarrek edo frantsesek ez dute modu berean erreakzionatzen. Baina, azken finean, magia ikustera datorren publikoak beti eskertzen du.

Ba al da magia gustatzen ez zaionik?

Bai, badago. Batzuek pentsatzen dute magoek ikuslea tontotzat hartzen dutela, eta, horregatik, haserretu egiten dira. Baina, nire ustez, kontrakoa da magia: ikusle adimentsuak behar ditu magiak, erronkaz gozatzeko prest daudenak. Baliteke beste batzuek inoiz magia ona gertutik ikusi ez izana; horregatik ez dakite nolako balioa duen. Normalean, ordea, norbaitek magia zuzenean ikusten duenean, liluratuta gelditzen da, eta askotan beste zale bat irabazten dugu. Kaleko magiak, hain zuzen, aukera hori ematen digu: jende arrunta harridura une batez biziarazi eta magiaren mundura erakartzea.

lotsabako

Zer behar du magiak?
Ikusle onak.

Emanaldi handiak edo hurbilekoak?
Denak, beti kalitatearekin.

Mago bat?
Bi: Rene Lavand, lagun handia izandakoa, eta Juan Tamariz, mago eta magia filosofoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.