Jaiaz, musikaz eta ardoaz gozatzeko aukera paregabea izango da egun hauetan Arabako Errioxan.Musika Mahastietan izeneko festa antolatu dute, gaur hasi eta igandera arte. Kontzertuak izango dira nagusi, IX. Big Band Festival jaialdia egingo baitute. Kanpoan izango dira musika emanaldi guztiak, hara joaten direnek paisaiaz goza dezaten, eta, batez ere, Arabako Errioxa ezagut dezaten.
Aisia eta heziketa lotu nahi dituzte jaialdiaren bidez. Izan ere, bost egun hauetarako, hainbat ikastaro antolatu dituzte. Arabako Errioxako artista gazteek musikan gehiago murgiltzeko aukera izango dute hala. Larunbatean, berriz, ikasitakoa praktikan jarriko dute Bastidan, emanaldia egingo baitute.
Gazteez gain, Arabako Errioxako herrietako taldeek ere izango dute euren aukera. Gaurtik ostegunera, Eltziegoko eta Bastidako taldeek kontzertuak emango dituzte hainbat tokitan, Logroñoko Piccolo y Saxo taldearekin.
Ostiral gauean, nazioarteko musikari baten emanaldia izango da Guardian, Gasteiz Big Bandekin batera. Igandean, berriz, herriko bandak emango du kontzertua. Emanaldi gehiago ere antolatu dituzte igande goizerako: Big Band Berrik joko du Lapuebla de Labarcan, eta Gasteiz Big Bandek Eltziegon.
Dena den, larunbata izango da egun nagusia. Gasteiz Big Bandek, Big Band Berrik eta Deba Bandek hiru herritan emango dituzte kontzertuak: goizean, Oionen eta Moredan; arratsaldean, Villabuenan.
Gerizpean
Mahastiak, musikaz blai
Gaur hasi, eta igandean amaituko da Musika Mahastietan jaia, Arabako Errioxan; kontzertuak dira nagusi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu