Bertsolaria

Xabier Paya: «Mahuka azpian gertatzen den magia kontatzea izan da 'Ganbarako lana'»

Bertsolari baten buruan sartzen da Xabier Payaren 'Ganbarako lana' antzezlana; bertsolariaren buruan, hain zuzen, ganbarako lana prestatzen ari den unean. Cafe Bar Bilbao antzerki saria jaso du.

Xabier Paya, asteartean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Xabier Paya, asteartean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2026ko otsailaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zer gertatzen da bertsolariaren buruan ganbarako lana prestatzen ari denean? Ganbaran sartzea bezala da Ganbarako lana antzezlana irakurtzea. Xabier Payak idatzi du (Getxo, Bizkaia, 1982), eta Cafe Bar Bilbao antzerki saria jaso du harengatik. «Azken urte parean, antzerki idazkuntzan bilatu dut sorkuntzaren egarria asetzeko bide polit bat».

Izan al zinen 2001eko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalean?

Bai, hantxe egon nintzen, belodromoan eserita.

«Aturritik Ebrora herri bat badela belodromoa izan liteke lekuko. Urte asko daramatzazu zuk nahi baino tristura gehiago ikusiz. Zure ondorengoentzat beste zerbait nahi zenuke». Kartzelako lanean gai hori jarri zutenean, zer pentsatu zenuen?

Iruditu zitzaidan lehenengoz modu nahiko argian, baina gai batek behar duen zabaltasunean, euskal gatazkari buruzko gai bat jartzen zela, noiz eta 2001ean, oraindik oso egoera zaila zen garaian. Horrekin erlazionatu nuen tristura: Aturritik Ebrorako herrian zer tristura zegoen, zer zaila zen aurrera egitea Euskal Herri moduan.

Zergatik ekarri duzu gai hori Ganbarako lana antzezlanera?

Azken txapelketetan —Bizkaikoan eta Xilaban— agian bueltan datorren olatu bat da, zorionez, baina iruditzen zait euskara, euskal identitatea eta euskal kultura izate esplizitutik desagertu direla azken hamarkada eta erdian gutxienez; beste zeharlerro batzuek hartu dute presentzia. Horiek ere bagara, baina ez dugu izan behar banilla edo txokolatea, baizik eta banilla eta txokolatea. Nire iritziz, Aturritik Ebrora bizi garen gizakion DNAn egon behar den lehenengo partikula, lehenengo atomoa euskara da, eta euskal gizartea. 25 urte atzera ari gara egiten gai horri begiratuz, eta bertsolari baten buruan zer gerta zitekeen, zer gai aldatzen diren, zer autozentsura gerta daitekeen… Ba, komedia baterako bide ona iruditu zitzaidan.

Ematen du jokoa, alajaina, ganbara barruan sartzeak.

Mahuka azpian gertatzen den magia kontatzea izan da. Badakigunok badakigu, baina iruditzen zait balio didaktiko hori izan zezakeela: agian bertsolaritzara hainbeste hurbildu ez den batek inoiz antzezlan hori ikusten badu, ikusiko du zein den bertsolari baten psikodinamika edo nola antolatzen duen bere burua. Zer gai, nola jarri azken puntua, errimak, doinua; eta, hori guztia gertatzen den bitartean, beste ahots batzuk sortzen dira esateko: «Ez, hori baztertu. Hartu beste hori». Hori guztia, antzerkiaren lizentziari esker, astiroago gertatuko da; bertsolaritzan, minutu eskas batean oholtza gainean gertatzen da hori guztia.

«Antzerkiari gero eta gehiago ikusten diot bizitza errealaren laborategi oso potentea izateko gaitasuna»

Bertsolariaren barne eztabaida, testuan, bertsolari zahar baten eta gazte baten artekoa da. Zer dela-eta?

Arketipoetan, adineko jendeari kontserbadurismoa ezarri ahal zaio, eta gazteei, erronka zaletasuna; baina, aldi berean, gazteak irabazi egin nahi du, ondo egin nahi du, txalo gose berezia dauka, eta adinekoak, aldiz, nahiago du saio on bat egin, ondo sentitu bere buruarekin, bere burua topatu… Antzerki labur bat da, eta pertsonaien sorkuntzak ezin du denbora handirik eskatu. Estereotipo horiez baliatu naiz: batetik, gazte anbiziotsua, eta, bestetik, zahar kontserbadorea, baina besteek zer iritzi duten hainbeste pentsatuko ez duena eta jadanik bere identitatea landuago daukana.

Eta hiru bertso osatu behar dituzte. 

Pentsa genezake lehenengoa eta bigarrena gai beretik doazela: euskal gatazkaren kasuan, lehen bertsoa izan liteke agian egun horretan belodromoan kantatuko zen bertso bat, baina bigarren bertsoan tirabira bat gertatzen da. Norbere baitan bertsolariak gatazkari buruz uste duena esateko gatazka bat sortzen zaio, eta gatazka hori agerian jarri nahi nuen. Hirugarrenean, bada agian bertsolaritzan gaur egun gertatu dena: seguru nago ni-tasunetik gehiago kantatuko litzatekeela. Obrak espero ez den giro bat dauka, baina gaur egun txapelketetan edo gaitegietan oso presente egon daitekeena: bertsolarien identitatea eta izatea.

«Agian berandu da herria askatzeko/ baina inoiz ez da berandu barkamena eskatzeko» esan nahi, eta ezin.

Ez dut imajinatzen 2001ean bertsolari bat hori kantatzen. Gaur egun oraindik, gizarte moduan ez dakit prest gauden obra horretan esaten den dena entzuteko. Antzerkiari gero eta gehiago ikusten diot bizitza errealaren entsegu edo laborategi oso potentea izateko gaitasuna.

Egañak kantatu zuena bota zezakeen antzezlaneko bertsolariak, baina beste bide baten alde egiten du.

«Hori da nire ondorengoentzat/ nahiko nukeen herentzia», kantatu zuen Egañak. Nik ez dakit zenbat gogoeta egin nuen, baina une hartan zera pentsatu nuen: «Nik agian hori kantatuko nuke, baina zein dira nire ondorengoak? Nik ondorengorik izango dut?». Gaur egun askoz ere publikoagoa da bertsolarien sexualitatea eta generoa, eta orduan ez zen. Orduan ere bertsolari homosexualak existitzen ziren, baina ez zeuden inongo fokutan. Bertsolaritzaren mugimenduan gai aniztasuna eta konplexutasuna gaur egun askoz presenteago dago, eta gai horiek hartu dute oholtza, eta beste batzuk desplazatu dira.

lotsabako

Zer nahiago: kartzela edo ganbara?
Ganbara.

Eztul sinkronizatuek eragiten al dute ganbaran?
Eztul sinkronizatuak edonor bere onetik ateratzeko arma bat dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA