Besteen gainetik ageri den gizonak ematen du atentzioa aurreneko begi kolpean. Ez dago koadroaren lehen lerroan, inguruko figurenak baino apalgoak dira haren koloreak, baina, dena den, keinuek indarra eransten diote, eta esangura: burua eta besoak jasota, paper zati bat eskuetan, hauspoa eman dio azpian duen behargin saldoari. Erraz identifika liteke agertokia: fabrika bat da, dudarik gabe, makineria gris erraldoiak iradokitzen duenez. Makinetatik ateratzen den keak hartua du konposizioaren zati nabarmen bat, baina langileetako asko aratz ageri dira halere, haiek ematen diote bizitasuna obrari, bai arropen koloreekin, baita gorputzen mugimenduekin ere. Izenburuak uxatzen ditu gera zitezkeen zalantza apurrak: Una huelga de obreros en Vizcaya (1892). Beharginen greba bat Bizkaian, Vicente Cutanda pintore espainiarrak taxutua.
Cutanda 1850ean jaio zen, eta 1925eko abenduaren 5ean hil. Ehun urte igaro dira, beraz, zendu zenetik. Errealismo sozialera lerratu zen, eta kasik elkarrekin egin zuten ibilbidea pintoreak eta mugimendu artistikoak: XIX. mendearen bukaeran sona nabarmena eskuratu zuen Cutandak, eta garai berean izan zen errealismo sozialaren aparra; XX. mendearen hasieran, Cutanda ahazten hasi ziren, irakaskuntzara jo zuen pintoreak, eta lausotuz joan zen, orobat, errealismo soziala ere, abangoardiek eklipsatu zuten-eta. «Lengoaia berrien prebalentziaren eta errealismotik urruntzeko joeraren ondorioz, Cutandaren obra baztertu egin zuten», azaldu du Javier Gonzalez de Duranak —arte historialaria da, eta hainbat museo eta aretotako zuzendaria izandakoa—. Baina heriotzaren efemerideak bazterretik atera du margolaria: Cutandari buruzko ikerketa proiektu bat abiatu du aurten Gonzalez de Duranak Enkarterriko Museoarekin batera, eta haren obrekin erakusketa bat antolatuko dute 2027-2028ko ikasturtean.
«Emakumea eta gizona adiskide gisa ageri dira, berdin dibertitzen dira, eta berdin sufritzen dute»
JAVIER GONZALEZ DE DURANA Arte historialaria
Cutanda ez zen euskal herritarra, baina Bizkaian bizi izan zen tarte batez, eta hango fabriketako egoera islatu zuen hainbat koadrotan, formatu handian. Modu «berritzaile» batean aritzen zen, Fernando Bartolome Garcia EHUko irakasleak nabarmendu duenez. «Fabriketan sartuta egiten zuen lan; bere burua ere erretratatu zuen han, mihise eta guzti, beharginen ondoan lan egiten».
Beste bide batzuetan ibili zen hasieran. Garai hartako boladei segika, gai historikoak pintatu zituen, Erromako eta Erdi Aroko gertakariak, Gonzalez de Duranaren esanetan. Baina Bizkaiko lantegiak zapaldu zituenerako bereganatua zuen langile kontzientzia: Toledoko (Espainia) Langileen Sozietate Kooperatiboan eta Arteen eta Ofizioen Eskolan izan zen irakasle, eta horrek beharginen mundura eta sozialismo politikora gerturatu zuen, historialariaren irudiko. «Jakin-min horretatik hurreratu zen industrializazio siderurgiko modernoko proletarioengana; Madrilen, gauza oso ezezaguna zen. Erabakigarria izan zen Cutandak ibilbide profesionalean izan zuen aldaketan».
Eszena dramatizatuak
Izan ere, boladak aldatzen ari ziren. 1840. urtetik aurrera, zenbait artista aldendu egin ziren ordura arte nagusi izandako irudi erromantikoetatik. «Errealitatearen irudikapen objektiboa egin nahi zuten», esplikatu du Garciak. «Garai hartako giro sozial eta politikoak eragin zien: Industria Iraultza, langileen mugimenduak, prekaritatea, Marxen eta Engelsen teoriak, sozialismo utopikoa, 1830ean eta 1848an Frantzian izan ziren iraultzak...». Errealismo soziala izan zen mugimendu haren ildorik indartsuenetako bat, eta, besteak beste, Gustave Courbet, Jean-François Millet, Constantin Meunier eta Honore Daumier artisten lanetan agertu ziren orduko hartan pil-pilean zeuden gaietako asko: langileen bizi baldintzak, gizarteko ezbeharrak —txirotasuna, gaixotasunak, heriotza...— eta baztertuak, esate baterako.

Fabriketan ipini zuen arreta Cutandak, zehazki. Grebaren koadroko hondo gris bera ageri da Maiatzaren Lehenerako prestakuntzen inguruko lanean, goibela da orobat itsasadarra La barca que atraviesa la rĂa obran, eta Ama Birjinaren figurak argi apur bat ematen dio lantokiari Ensueño. Virgen obrera-n. Eragin inpresionistak «leundutako» errealismoa: halakoa zen Cutandaren estiloa, Gonzalez de Duranaren arabera. «Pinturen girotze orokorrerako, harmonia kromatikora jo zuen —urdinak, grisak, okreak, beltzak, arrosak eta abar erabiltzen zituen—, eta bere pinturek badute konposizio teatralizatu bat, dramatizatua, nahiago baitzuen errukia eragin lastima baino, kontzientziazioa amorrua baino, eta kultura mendekua baino».
Gaiak proletarioen ikuspegitik irudikatzen zituen arren, ez ziren pintura iraultzaileak, historialariak argitu duenez: ez zituzten barrikadak sustatzen, ez zuten deitzen enpresaburuen etxeei eraso egitera, eta hori dela-eta publikatzen ziren hala prentsa ezkertiarrean, nola aldizkari eskuindar oso burgesetan. «Ez zuten minik ematen, baina hunkitu egiten zuten». Izan ere, Garciak azpimarratu duenez, errealismo sozialeko pinturek «sentimentalismo» apur bat izaten zuten oro har, tonu melodramatikoa ere bai batzuek, ikuslearengana heltzea zutelako helburu.
«Fabriketan sartuta egiten zuen lan; bere burua ere erretratatu zuen han, mihise eta guzti, beharginen ondoan lan egiten»
FERNANDO BARTOLOME GARCIA EHUko irakaslea
Hala ere, teoriak teoria eta berrikuntzak berrikuntza, Cutandaren obran sekulako zeresana izan zuen erlijioak. Gizon oso fededuna zen, paradoxikoki. Leon XIII.a Aita Santuaren De Rerum Novarum entziklikak (1891) sakonki eragin zion —proletarioen eskubideak aitortzen zituen ebazpen hark—, eta elementu mitologikoz eta erlijiosoz josi zituen bere artelanak: Caronteren ontzia La barca que atraviesa la rĂa-n, gurutzea La cruz del trabajo-n... Paralelismo «sotilak» egiten zituen, baina «oso eraginkorrak», Gonzalez de Duranaren iritziz: «Behargina Jesus modernoa zen; fabrika, berriz, abernu berria...».
Eraginik ez euskal artistengan
Emakumeak ere sarritan agertu ziren Cutandaren lanetan, industriaren martiri gisara, gehienbat. «Beti agertzen dira beharrean, bai fabrikako langile gisa, bai seme-alaben hezitzaile eta familiako elikagai hornitzaile gisa. Emakumea eta gizona adiskide gisa ageri dira, berdin dibertitzen dira tximinien azpitik egiten duten arratsaldeko paseo batean, eta berdin sufritzen dute lana edo etxea galtzen dutenean». Cutanda pintore moralista izan zen, historialariak xehatu duenez: ez zuen interesik andreen edertasunean, ezta harreman erotiko edo sentimentaletan ere; haien gorputzaren formak disimulatzen zituzten jantzi zabalekin margotzen zituen, jarrera lañoz.

XIX. mendearen bukaerarako, nabarmentzen hasiak ziren errealismo sozialaren moldean egindako pinturak. Ildo berri ororekin gertatu bezala, errealismoa errezeloz begiratua izan zen hasieran, baita aretoetatik egotzia ere, baina mende amaierarako boladan zegoen, eta hura lantzen zuten hainbat pintorek sariak eskuratuak zituzten. Esaterako, Cutanda bera Espainiako Arte Ederren Erakusketa Nazionalean gailendu zen 1892an, Una huelga de obreros en Vizcaya lanagatik. Bizkaiko egoera salatu zuen, baina ez zuen askorik jakin nahi izan bertoko artista garaikideen inguruan, Gonzalez de Duranaren hitzei erreparatuta. «Agian ez zuen gustuko Bizkaiko klase enpresarial eta industrialarekin zuten harreman estua, edo beharbada haien lanak estetizistegiak iruditzen zitzaizkion», hausnartu du. «Alde horretatik, Cutandak ez zuen batere eraginik izan garai hartako euskal artistengan».