Euskal Kultur Erakundeko transmisio eta komunikazio arloko koordinatzailea

Jakes Larre: «Maite Barnetxek euskara etxeetako pantailetara eraman zuen lehen aldikotz»

Badu hamar urte Maite Barnetxeren emankizunak Euskal Kultur Erakundean kontsultatu daitezkeela. Balio «handiko» funtsa da, Larrek nabarmendu duenez. Etzi omenduko dute Barnetxe.

Jakes Larre, Euskal Kultur Erakundearen egoitzaren aitzinean. LORENTXA SARAGUETA / EKE
Jakes Larre, Euskal Kultur Erakundearen egoitzaren aitzinean. LORENTXA SARAGUETA / EKE
Xalbat Alzugaray
2026ko irailaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskara lehen aldikotz telebistan entzun zeneko artxibategi osoa zaintzen du Jakes Larrek (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1976). Maite Barnetxe 1971n hasi zen Euskal Herria Orai eta Gero karrikaratzen, eta orotara hirurehun emanaldi inguru egin zituen FR3 telebista katearentzat. Haren heriotzaren 40. urtemuga oroituko dute etzi Bidarrain (Nafarroa Beherea), eta, horren karietara, EKE Euskal Kultur Erakundeak ikusgai emanen ditu Barnetxek egin emankizunak. INA Ikus-Entzunezkoen Frantziako Institutuak kontserbatu ditu emankizunak, eta, hitzarmen baten bidez, kausitu zuten artxiboak osorik EKEra ekartzea, borroka luze baten ondotik.

1971n, gertakari garrantzitsua izanen zen euskaraz mintzo zen norbait telebistan ikustea.

Daniel Landartek usu erraten zidan telebistaren arribatzeak kalte egin ziola euskararen egoerari, emankizunak frantsesez baitziren osoki. Maite Barnetxeri esker, berriz, 1971n euskara aditzen hasi zen Ipar Euskal Herriko telebistetan, eta, gainera, hemengo jendearen egunerokotik hasiz. Hari esker, euskarazko telebista sortzen hasi zen Ipar Euskal Herrian, eta, ondorioz, funts horrek balio handia du. 

Gai franko landu zituen, gainera.

Ekonomia, kultura, antzerkia, dantza, bertsolaritza eta euskararen egoera. Horiek dira gai nagusiak. Halere, ikerketa batzuek diote FR3 katearen Bordeleko egoitzako kontrola pairatzen zuela kazetariak, gai batzuk ez baitira agertzen. Hain zuzen ere, emankizuna karrikaratzen zeneko aktualitate politikoa ez zen sekula kontatu. Garai hartako tentsio politikoa ez zen batere islatu emankizunetan, eta horrek erakusten du gaien hautaketaren aldetik zentsura edo kontrola bazuela; baina, halere, emankizunak balio handikoak dira.

Telebistan hasi baino lehen, euskarazko tarte bat aurkezten zuen Radio Cote Basque irratian.

Idazkari gisa hasi zen irrati horretan, eta fitexko mikrofono aitzinera pasatu zen, euskarazko tarte ttipi bat aurkeztera. Soinu funts garrantzitsua osatzen dute emankizun horiek ere, eta nik betidanik entzun dut Maite Barnetxe euskal telebistaren ama zela, hamabortz minutuko emankizun horien bidez euskara etxeetako pantailetara eraman baitzuen lehen aldikotz.

«Soinu funts garrantzitsua osatzen dute emankizun horiek ere, eta nik betidanik entzun dut Maite Barnetxe euskal telebistaren ama zela, hamabortz minutuko emankizun horien bidez euskara etxeetako pantailetara eraman baitzuen lehen aldikotz»

Kultur erakunde gisa, nola berreskuratu duzue Barnetxeren funts guzia?

Hemengo jendeak bazekien Barnetxeren funts bat bazela Parisko INAn. Erakunde horrek Frantziako telebista eta irrati publikoen artxibo guziak biltzen ditu. Izaera komertzialeko erakundea da, eta ez genekien xuxen zenbat emankizun ziren. 1998an hasi nintzen lanean hemen, Pantxoa Etxegoin zuzendari zela, eta, garai hartan, Maiteren alaba Chantalek amaren emankizunen funtsa hona ekarrarazteko xedea aurkeztu zigun.

Eta garai horretan hasi zen bataila administratiboa?

Kasik hogei urteren buruan, Tolosako INAn ari den langile batekin harremanetan sartzea lortu genuen, gurearen mota bereko eskaerei irekia baitzen. Hark erraztu zigun Parisko egoitzarekin harremanetan ezartzea, eta horri esker lortu genuen partaidetza bat egitea Barnetxeren funtsa dokumentatzen hasteko. Kattalin Totorika eta Maider Bedaxagar aritu ziren lan horretan, eta, dokumentazio misioa bukaturik, INArekin hitzarmen bat sinatu genuen funts hori Ipar Euskal Herrian kontsultagai izan zedin, Euskal Kultur Erakundean.

INAren funtzionamendu hetsiak trabak sortu zizkizuen, beraz?

Haiekin negoziatzea zaila da gurearen pareko erakunde ttipi batentzat. Dokumentazio lana egitea proposatu genien, eta, horren truk, eskubidea eman ziguten Maite Barnetxe funtsa kontsultagai izateko hamar urtez. Laster berriz hasi beharko dugu haiekin negoziatzen, kontsulta epe hori luzatzeko. Uste genuen INAk kontsulta adar bat sortuko zuela Baionako mediateka berriaren proiektuaren karietara, baina ez da hala egin; adar hurbilena Pauekoa da, eta mementoko bertzerik ez da. Nahi genuke Maite Barnetxeren emankizunak gutienez bertze hamar urtez entzungai izatea Ipar Euskal Herrian, baina traba nagusia hau da: hemengo elkarte batek Barnetxeren emankizun bat erakutsi nahi badu gaualdi baten karietara, aldi guziz lortu beharko du INAren baimena, eta baimen hori diru truk bakarrik lor daiteke.

Maite Barnetxeren 'Euskal Herria Orai eta Gero' emankizunen muntaketa bat. EKE / INA
Beharrezkoa ikusten duzu funts aberasgarri horren berri zabaltzea?

Erakusketa fisikoa da Barnetxeren lanak plazaratzeko gure bide bakarretarik bat, edo gertakari baten karietara salbuespen gisa funtsa ateratzea. Bidarrain omenduko dute etzi, eta baimen berezi bat lortu dugu kontsulta gunea hara eramateko. Egia da INAren funtzionamenduak trabak ezartzen dizkigula, Maite Barnetxeren irudiak ez baititugu nahi bezala zabaltzen ahal. Okzitanian, aldiz, webguneak osatu dituzte tokiko erakunde publikoekin partaidetzak eginez, eta interesgarria litzateke hemen ere hori egitea, emankizunak ororendako izan daitezen; baina INA erakunde komertziala izateak gauzak blokeatzen ditu anitzetan, diru franko galdegiten baitute.

Beraz, mementoko, ikerketa bat plazaratzea litzateke dibulgazioko bide eraginkorrena?

Interesgarria atzemanen nuke bide hori jorratzea edo herriz herri film proiekzio batzuk negoziatzea. Guk ere indarra eginen dugu INArekin negoziatzeko, baina erabakiak Parisko INAk hartzen ditu, eta ikusiko dugu 2028an, hitzarmena berritzeko garaian, nola pasatuko den. Orain, Barnetxeren omenaldian, herritarrek emankizunak kontsultatzen ahalko dituzte, baina nabarmentzekoa da emankizun baten kopia nahi badute eskubidea dutela INAri galdegiteko. Ene ustez, balio du jendeak emankizun horien kopiak eskatzea, INAri erakusteko zinezko galde bat badela.

LOTSABAKO

Zerk harritu zaitu gehien funts horretan?
Euskaldun berria naizenez, jendeak mintzatzeko zuen moldea izan zait interesgarri. 

Nori aholkatuko zenioke funtsa kontsultatzea?
Ikerlariei eta euskara ikasten ari direnei. Garai hartako euskal gizartea iruditan izateko xantza dugu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA