Makrobiotika sendotzen

Orain dela bi urte sortu zuten Euskal Eskola Makrobiotikoa, Iruñean, garapen pertsonalerako erremintak eskaintzekoLokala estreinatuko du aurten eskolak, eta han emango dituzte ikastaroak

Eskolako kideak, elikagai makrobiotikoekin. BERRIA.
K Saioa Alkaiza(h)
2012ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Ezaguna egin da azken urteetan makrobiotika Euskal Herrian. Ezezagunagoa da, ordea, izenaren esanahia. Makro hitzak handia esan nahi du, eta bio-k, bizitza. Makrobiotikak, beraz, bizitza osoago eta luzeago bat lortzeko jarraibideak eman nahi dituen ikaskizuna da. Gurean ere txer-tatuta dago, eta gero eta jarraitzaile gehiago ditu. Orain dela bi urte Euskal Eskola Makrobiotikoa (EEM) sortu zuten Tina Asensiok eta Egoitz Garrok, Iruñean (Nafarroa), eta arrakasta handia izan dute. Aurtengo udan ere lanean dihardute; Eginon (Araba), astebeteko udaleku makrobiotikoa egin dute, eta orain ikasturteko ikastaroak prestatzen ari dira.

Betetako ametsa da eskola Garro eta Asensiorentzat. Makrobiotikan adituak dira biak, eta kexu ziren Euskal Herrian elikadura mota hori ikasteko tokirik ez zegoelako. Horrela hasi zen proiektua. «Beste bizi-eredu bati jarraitzeko aukera eman nahi genuen. Orain dela lau urte hasi zen ideia», dio Garrok, «eta 2010ean sortu genuen eskola. Elikadura osasuntsua zabaldu nahi dugu, betiere naturarekiko harremanean». Aurten irekiko dute EEMren lokala, Arrotxapean. Han emango dituzte ikastaroak, eta taberna makrobiotiko bat ere irekiko dute, proiektuak aurrera egiten duen seinale.

«Elikagai ekologikoak erabiltzeaz gain, ekologikoki elikatu behar dugu», adierazi du makrobiotikako adituak. «Naturak eskaintzen diguna eta ingurumenean eragin gutxien duena hartu behar dugu. Adibidez, Amazoniako basogabetzearen eragile nagusia haragi kontsumo handia da», dio. Azken finean, jateko moduak baldintzatzen du nolako ekonomia eta gizartea sortzen dugun. Gure elikatzeko erak eragina dauka sistema sozial eta ekonomikoan.

Bertakoa, betikoa, biologikoa

Jakien energian oinarritzen da makrobiotika. Jaki bakoitzak energia mota bat dauka, eta nork bere oreka bilatu behar du jaki horien konbinazioaren bitartez. Konbinazio egokian datza osasuna. Baina elikagaien energia alda daiteke; prestatzeko moduek, koloreek eta egiturek aldatzen dute. Adibidez, sagar gordin batek eta sagar erre batek energia ezberdina ematen dute, Garroren esanetan. Momentuaren arabera moldatu behar da energia hori. Adibidez, egokiagoa da sagar errea neguan jatea, eta ez udan, hotz egiten duenean gorputzak jaki beroak hobeki hartzen dituelako.

Aholkuak ematen baditu ere, makrobiotika ez da derrigorrezko jarraibide bat. Ez du dieta eta bide bakarrik proposatzen. «Helburu nagusia aske eta zoriontsu izatea da», dio Garrok. «Orientabide batzuk ematen dira, baina bakoitzak bere makrobiotika egin behar du».

Gizakiek hiru alderdi zaindu behar dituzte: fisikoa, psikikoa eta espirituala. Horiek orekatzeko azalpenak ematen ditu makrobiotikak, baina ez du mugarik ezartzen. Aitzitik, esparru jakin batzuk estuki lantzen ditu: tokian tokiko eta garaian garaiko produktuen kontsumoa bultzatzen du, eta jakiek ekologikoak izan behar dute beti. Hala, dieta guztiek dituzten oinarrizko zenbait elikagai zehazten ditu, hala nola zereal integralak, barazkiak, lekariak, fruituak, haziak eta frutak. Era berean, kafea, azukrea eta haragi gorriak ez dira komenigarriak, baina jan daitezke. «Hartuz gero, gomendatzen dugu gutxitan, gutxi eta kalitatezkoak hartzea». Exotikoa dirudi; haatik, ikaskizun hori ez omen dago ohiko euskal sukaldaritzatik urruti. Gauza logiko asko proposatzen ditu makrobiotikak. Garroren irudiko, beti egin izan dena egitean datza. Makrobiotikaren abantailak goratu izan dituzte medikuek azken urteetan. Horregatik, gaixotasun eta gaitz larriak zaintzeko ere erabili izan da. Euskal Eskola Makrobiotikoko ikastaroetara bat baino gehiago joaten da gaixotasunen bat sendatzeko; baina, orokorrean, jakin-minagatik joaten da jendea.

Ekialdetik mendebaldera

George Ohsawa filosofo japoniarrak sortu zuen makrobiotika. Hasieran, baina, bestelakoa zen; Printzipio bakarra deitu zuen Oshawak hastapenean. Medikuntza, elikadura eta espiritualtasuna lotzen zituen, eta ekialdeko elikadura usadioetan oinarritzen zen. Denbora pasa ahala, kontzeptua zabaldu nahi izan zuen sortzaileak, Mendebaldeko gizarteetara egokitzeko, eta orduan bataiatu zuen makrobiotika izenarekin, 1938an.

Geroztik, haren ikasle izandakoek zabaldu dute bizitza ulertzeko modu hori, eta urterik urte jarraitzaile kopuruak gora egiten jarraitzen du herrialde askotan. Euskal Herrian ere gero eta gehiago dira makrobiotikara bildutakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.