«Jaun-andreok, zabaldu begiak eta ireki belarriak. Presta zaitezte, emanaldi ezin zailago honekin liluratuta gelditzeko». Publikoak dena ikusia duela uste duen bakoitzean, esaldi magiko hori oihukatu ohi du zirkuko aurkezleak, eta, horrela, karpa azpian dauden guztiek arnasari pixka bat gehiago eustea lortzen du.
Esaldi hori da Nafarroako Zirku Jaialdiaren leloa. Gaur abiatuko dute Ezin Zailagoa zirku bira, Tuteran. Bertze lau geltoki ere izanen dituzte, ezinezkoa dirudiena posible egiteko; bihar Uharten arituko dira; etzi, Altsasun; ortziralean, Vianan, eta, larunbatean, San Adrianen.
QuieroTeatro konpainiak antolatzen du, bortz herrirekin elkarlanean, eta aurten 24. aldia izanen da. Konpainiaren sortzaile Belen Alvarezek «zirku garaikide, ibiltari eta beterano» gisa definitu du ekitaldia.
La Nordika konpainiak Rojo Estandar ikuskizuna taularatuko du, 19:00etan, Tuterako Foru plazan. Malabarrak eta dantza uztartuko dituztela erran du Alvarezek: «Rosa Diez antzerki zuzendari famatuak gidatuko du, eta dramaturgia puntua gehituko dio».
«Umore handiko» ikuskizuna izanen dela ziurtatu du antolatzaileak. Hain zuzen, umorea da Rojo Estandar eta Pocket loop emanaldiak lotzen dituena. Hala ere, bigarrenak umore «absurdoagoa» duela erran du: «Erokeria dibertigarria da. Musika beraiek egiten dute, eta, horrez gain, oso malabar onak egiten dituzte». Frantziako Stoptoi konpainiak gidatuko du espektakulua, 20:00etan hasita, Queiles pasealekuan.
«Guretzat inportantea da zirkua jendeari gerturatzea. Horregatik ez dugu sarrerarik kobratzen»
BELEN ALVAREZAntolatzailea
Jaialdia publiko guztiarentzat pentsatua dagoela azpimarratu du Alvarezek: «Guretzat inportantea da zirkua jendeari gerturatzea. Horregatik ez dugu sarrerarik kobratzen».
Gibelerat eginez, Alvarezek azaldu du Nafarroako Gobernuak diru laguntza bat eskaini zuela, udalek programazio bateratua antolatzeko. Gauzak horrela, Tuterako, Uharteko, Altsasuko, San Adriango eta Vianako kultur teknikariak batu ziren, eta Alvarezekin harremanetan paratu: «Elkarlana sustatuz, Nafarroan kalitatezko zirkua eskaintzeko intentzioz ekin genion lanari».
Sektorean aitzindari
«Proiektu berritzailea» izan zela adierazi du Alvarezek: «Duela bi hamarkada ez zegoen egitura hau zuen proiekturik, eta, hain justu, horregatik izan zuen erantzun ona». Hala, Euskal Herriko eta atzerriko hainbat hitzaldi eta topaketatarat gonbidatu dituzte, beraien «formula originala» azaltzeko.
Alabaina, hastapenek zailetik ere izan zutela aitortu du Alvarezek: «Batetik, esfortzu ekonomiko guztia arratsalde bakarrean kontzentratzeko beldur ziren herriak; baina, bestetik, bazekiten indarrak batzeak oihartzun handiagoa emango ziola ekintzari».
Eta hala izan zen, hasiera-hasieratik «erantzun bikaina» izan zuela esplikatu baitu antolatzaileak: «Arrakasta izan du hasieratik, eta jendeak urtez urte gehiago eskatzen du».
2010ean «garapen nabarmena» eduki zutela azaldu du: «Europako proiektu batean sartzeko aukera izan genuen, Pirinioetako Zirkuak izenekoa. Ondorioz, sarea handitu genuen, eta Frantziako eskolekin eta taldeekin harremanak sortu».
Jaialdiak urteak betetzen segitzeko gakoa «lankidetza estuan» aritzea dela ondorioztatu du antolatzaileak. Aurten, jende anitz joatea espero du, eta gogotsu dago proiektuarekin segitzeko: «Beste bost pertsonen iritzia ere garrantzitsua da, baina jarraitzeko aukera asko ditugula uste dut, herritarrek jaialdia maite baitute».