Mamutak berpiztuko dituela iragarri du ikerlari talde batek

Elefantearen eta mamut iletsuaren arteko nahasketa bat sortzea da asmoa, batez ere artikoko tundra biziberritzeko. Proiektuaren sortzaileen arabera, sei urte barru prest izango dituzte lehenengo kumeak.

Mamut iletsuaren argazki bat. COLOSSAL
jone arruabarrena
2021eko irailaren 14a
17:37
Entzun

Adituen arabera, duela 4.000 urte inguru desagertu zen mamuta, eta Zirkulu Polar Artikoan bizi izan ziren azkenekoak. Orain, ordea, ingeniaritza genetikoaren bitartez berreskuratu nahi dute espeziea... edo antzerako zerbait. Colossal izeneko enpresa dago proiektuaren atzean. George Church zientzialari genetistak eta Ben Lamm enpresariak sortu zuten, eta 15 milioi euro inbertitu dituzte egitasmo horretan. «Jurassic Park filmak dinosauroak berpiztu zitezkeen etorkizun bat irudikatu zuen. Orain, fikzio hori egia bihur daiteke genetistek mamut iletsua berpizten dutenean», azaldu dute.

Esan bezala, edizio genetikoa erabiliko dute mamuta «berpizteko», baina esan beharra dago, momentuz behintzat, ez dela zehazki mamut iletsu bat izango. Izan ere, CRISPR Errepikapen Palindromiko Labur Elkartuak eta Erregularki Tartekatuak izeneko teknologia erabiliko dute zientzialariek. Teknologia horrek, izaki baten genoma aldatzea ahalbidetzen du. Hau da: DNA zatiak atera eta moldatzeko aukera ematen du. Horri jarraituz, elefante asiarraren zelulak hartu, mamutaren DNA zatiak txertatu, eta elefante asiarretan ernaltzea da proiektuaren asmoa. Prozesua bukatuta, mamutaren eta elefante asiarraren arteko nahasketa izango den espezie bat lortzea da asmoa.

Elefante mota hori mamutarekin genetikoki antz handiena daukan animalia da, eta batera bizi izan ziren duela 4.000 urte. Gaur egun, galtzeko arriskuan dago. Colossalek bere helburua lortuko balu, artikoko klima hotzean irauteko gai izango litzatekeen elefante bat izango litzateke emaitza. Horretarako, mamuten ilea, hotzetik babesteko erabili ohi duten koipe geruza eta beste egokitzapen batzuk eragiten dituzten geneak hartuko dituzte adituek. Elefante asiar baten umetokian edo umetoki artifizial batean ernalduko da gero mamut eta elefantearen arteko hibridoa. Aurreikuspenen arabera, sei urteren buruan izango dituzte lehen kumeak.

Baina, ikusgarria izateaz gain, zertarako balioko du espezie berri horrek? Proiektuaren sortzaileen arabera, helburu nagusia artikoko tundrak biziberritzea da, eta, horrekin batera, klima aldaketa gelditzeko beste pauso bat ematea. Colossalek azaldu duenez, esaterako, mamutek zuhaitzak botatzerakoan, antzinako zelai artikoak lehengoratzen lagundu dezakete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.