ATZEKOZ AURRERA

Mandrakeren ilusioa islatuz

Nafarroako Komikiaren XIV. Azokan parte hartu duten artistek, Iruñeko hainbat erakusleiho apainduko dituzte, bihar arte. Pedro Oses artistak artea kalera eraman nahi izan du.

Nacho Ignatus artistak Iruñeko Keops tabernan egindako pieza. I. URIZ. / FOKU.
itsaso jauregi 2
Iruñea
2023ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Bere txapel grisarekin eta motxila beltzarekin sartu da Pedro Oses artista Iruñeko Chundarata liburu dendan. Gehiegi begiratu gabe, txapela komikiz betetako mahaian utzi du, eta motxila lurrera bota. Begiak txikitu, eta erakusleihoa aztertu du, bere kristalezko mihiseari forma eman nahian. Nafarroako Komikiaren XIV. Azokako antolatzaileek artea kalera ateratzea erabaki dute, eta Iruñeko hainbat erakusleiho apainduko dituzte artistek, bihar arte. Osesek, motxilatik errotuladore akrilikoak atera, eta atorrako poltsikoan sartu ditu, liburu denda apaintzeko prest.

Mihisea bi ataletan banatu du, eta, erdian, dendako atea. Chundarata liburu denda kanpotik ikusiz gero, eskuineko aldean kokatu du Osesek bere protagonista: Mandrake magoa. Pertsonaia klasikoa eta lehendabiziko superheroia da, askorentzat. Artistak besoa marraztu du, eta, amaieran,behatz mehe eta zorrotzak. Behatzen amaieran margotuko du obraren bigarren atala. «Ezkerreko aldean zuhaitz batzuk jarriko ditut, Gurutzeko plazan zer gertatzen ari den gogoratzeko», esan du Osesek.

Mandrake hirian girotu du Osesek, laukizuzen grisez inguratuta, baina aztiaren fantasia izango litzateke naturaz jositako hirian egotea. Errotuladore beltzarekin errepasatu du magoaren figura, poliki-poliki eta besoa leihoan finkatu gabe. Haren zapatak margotu eta gero, bi pauso atzera eman ditu, eta berriz begiak txikitu: «Zailena erakusleihoan zuzenean marraztea da, huts bat eginez gero marrazkiaren parte bihurtzen delako».

Aztiaren zapata distiratsuak amaitzean, errotuladore berdeak hartu ditu, eta erakusleihoaren ezkerreko aldera bideratu ditu begiak. Galtzetako poltsikotik paperezko orri txiki bat atera du, zuhaitzen zirriborroarekin. Nahiz eta orria eskura izan, bakarrik behin erabili du, eta bere eskua kristaletik libreki dantzan utzi du: «Margotzean, batzuetan, gauzak aldatu egiten dira, baina oso polita da ideiek nondik eramaten zaituzten ikustea».

Artistaren ideiak dantzan ikusi ditu Maider Diaz Chundarata liburu dendako langileak, eta poliki-poliki erakusleihoa kolorez betetzen. «Zoragarria da Oses lanean ikustea. Aspaldi margotu genituen zuhaitz batzuk erakusleihoan, Zangoza kalean egin nahi duten aparkalekuagatik, eta polita da berak ideia berreskuratzea», esan du dendariak.

Inprobisazioaren alde

Desagertutako hosto horien gainean egin ditu zuhaitz berriak, zeruko hodei hanpatuak balira bezala. Kaletik zihoan ume bat geldirik geratu da kristalezko artelanari begira, aho zabalik. Hala ere, bere oinetako bat dendako espaloian jarri bezain pronto, amaren eskua agertu da haren sorbaldan, eta erakusleihotik aldendu. «Batzuek Oses ezagutzen dutelako begiratzen dute, eta beste batzuek ez dakite oso ongi zer gertatzen den. Jendea gure dendara sartzen da, galdetzera», azaldu du Diazek. Umeak bere galderak beste abagune baterako gorde beharko ditu.

Osesek bere ikaslerik gazteenen ereduari jarraitu nahi dio, eta inprobisazioa «guztiz» babestu: «Umeei mihise huts bat ematen diezunean, ez dute konposizioan pentsatzen». Askotan, Arrosadia auzoko liburutegira joaten da artista, haurren lanak ikustera: «Umeen sormen hori askotan galtzen da, gure gizartean artea ez delako gehien babesten dena». Mihisearen alde batean, eraikin altuak aztiarekin, eta, beste aldean, natura, baina haien artean hesi sendo bat dago: dendako atea. Bere artistarik gazteenen ereduari jarraituz, inprobisatzea erabaki du Osesek; dendako atea itxi, eta aztiaren eskutik ateratzen diren uhin meheak marraztu ditu. Bere obratik urrundu, eta begiak txikitu ditu azkeneko aldiz: «Natura Mandrakek jendeari transmititzen dion fantasia da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.