Ezarian

Maputxeen errealitate gordina

Argentinako Neuquen eskualdeko komunitateen errealitatea eta egiten ari diren borrokak islatu ditu Maite H. Mateo argazkilari iruindarrak.

Fernando Kintrikewo lonko-a, komunitateko burua. ©MAITE H. MATEO.
2013ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Argentinako Neuquen probintzian bizi diren maputxe komunitateen errealitate zaila islatzen duen argazki erakusketa zabaldu berri dute Iruñeko Konestable jauregian, otsailaren 10 arte. Maite H. Mateo argazkilari iruindarrak, Gizarte Ikerketarako Talde Eragile elkartearekin (GITE) elkarlanean egindako lanean, eskualde hartan bizi diren maputxeen egoera islatu du 29 argazkitan. Agerian gelditzen dira lur jabe handiek kendu zizkieten lurrak berreskuratzeko egiten ari diren borroka eta energia konpainia handiek lurralde horretako gasa eta petrolioa ustiatzeko ingurumena suntsituz egiten ari diren gehiegikeriak.

Lurraren jendea esan nahi du maputxe hitzak mapudungun hizkuntzan. Maputxe herria Txile hegoaldean eta Argentina hego-ekialdean bizi da. Espainiarrak Ameriketara iristean, egungo Txileko lurretan bizi ziren, baina, kolonizatzaileen presioagatik, Andeetako ekialdeko lurraldeetara ere zabaldu ziren. XIX. mendearen bigarren zatian, Txilen eta Argentinan egindako kanpaina militarraren ondorioz, maputxeek lurren gaineko kontrola galdu zuten: 31 milioi hektareak osatutako lurraldea milioi erdi hektareara murriztu zen. Lurrak bereganatu zituzten lur jabe handiei energia multinazionalak gehitu zaizkie azken urteetan.

Abeltzaintzan eta nekazaritzan oinarritutako bizimoduari eusteko behar zituzten lurrak galduta, pobretuta eta baztertuta geratu ziren. Maputxeen gizarte antolakuntza familian oinarritzen da. Arbaso bereko familiek lof delakoa osatzen dute, eta elkar laguntzen dute, lonko bat (buru) buruzagi dutela. Egun, milioi bat bizi dira Txilen, eta maputxeen aldarrikapenei gobernuek emandako erantzun bakarra errepresioa izan da. Argentinan ere milioi bat daude, eta, han ere, gobernuak deus gutxi egiten du herri horren eskubideak bermatzeko.

Herrialdetik herrialdera maputxeen egoera asko aldatzen da, baina Txilen zein Argentinan maputxeen egoera kezkagarria dela dio Mikel Berraondok, indigenen zuzenbidean aditu den abokatu iruindarrak. GITEko kidea da, eta Hego Amerikako herri indijenen eskubideen alde dihardu. Neuquen probintziako 250 buruzagi maputxe auzipeturik daude. Hirurogei auzi penal eta ehundik gora zibil ireki zaizkie. «Interes ekonomiko handiak daude; ezkutuko jazarpena, diskriminazioa eta arrazakeria izugarria jasaten dute. Txilen, egoera are zailagoa da». Joan den hilabetean lur jabe baten etxea erre, eta bi lagun hil ziren Txilen, maputxeak bizi diren lurretan. Horrek areagotu egin du maputxeen aurkako jazarpena. Txilen terrorismoaren kontrako legea ezartzen hasi zirenetik, 90eko hamarkadaren bukaeran, berrehun buruzagi maputxe baino gehiago kartzelara sartu dituzte. «Hamar eta hogei urte arteko espetxe zigorrak ezarri dizkiete manifestazio batean parte hartzeagatik eta euren lurrak defendatzeagatik».

Petrolio hobia lorategian

Argentinan, probintzietako gobernuek botere handia dute. Berraondok salatu du Neuquengo gobernuak ez dituela errespetatzen maputxeen eskubideak: «Kolono, lur jabe eta energia konpainiekin bat egiten du herri indigenak eurenak diren lurretatik botatzeko». Baina probintziako agintariek ez eze, Cristina Fernandez Argentinako presidentearen gobernu federalak ere ez ditu errespetatzen giza eskubideak. «Hitzak zaintzen ditu, baina, praktikan, probintzia arrazistak sostengatzen ditu. NBEko behatzaileak ere esan dio ez dituela errespetatzen herri indigenen giza eskubideak».

Neuquenen petrolio eta gas ugari dago, eta hainbat enpresaren ustiaketa ikaragarria da, batez ere Repsol-YPFk. Adibide bat jarri du: «Loma de la Lata izeneko tokian, aztarnategi oso ezagunak daude, eta bi komunitate maputxe, baina petrolio konpainien utzikeriagatik ingurua erabat kutsatuta dago». Ingurua petrolio hobiz beteta dago, eta, etxearen aurrean, petrolioa ateratzeko hobiak jarri dizkiete maputxeei. Neuquenen, 55.000 komunitate bizi dira. Antzera mintzatu da Maite H. Mateo argazkilaria. Hilabete bat egon da maputxeen komunitateak ikusten eta ezagutzen. Herri maputxeak nozitzen duen zapalketa islatu du haren lanak: «Kolonizatzaileak Ameriketara iritsi zirenetik, herri hori zapaldua dago». Energia konpainiak inolako kontrolik eta segurtasunik gabe ari dira gasa eta petrolioa ustiatzen, eta horrek orain arte emankorrak ziren lurrak agortu eta ibaiak kutsatu ditu, eta, ondorioz, animaliei eta herritarrei kalte egin. «Nahi dutena egiten ari dira; segurtasun neurririk gabe egiten dituzte zuloak. Petrolio eta gas iragazketak izan dira ibai zein lursailetara. Lurra lehortu egin da, eta ez dira ateratzen lehen ekoizten ziren landareen erdiak». Adibidez, choike-a (ostruka), luan-a (gameluaren familiako animalia) eta mara (Patagoniako erbia) desagertu egin dira.

Erakusketako argazkiek han zer gertatzen ari den erakusten dute; argazkietan, multinazionalen gehiegikeriak ez eze, maputxeen eguneroko bizitza ere ageri da: Lucia Kiniwakura bertako komunitate bateko piyankuse-a (agintari filosifikoa) eta Fernando Kintrikewo lonko-a.

Baina energia multinazionalen gehiegikeriez gain, probintziako gobernuak ezarri nahi duen turismo ereduaren aurka ere hasi dira lanean maputxeak. Neuqueneko mendikatea da Patagonian turismo jendetsua ez duen toki bakarra. Maputxeek edonorentzat eskura dagoen eredua bultzatu nahi dute, baina gobernuak dirudunentzat prestatutakoa bultzatu nahi du. «Euren ohiturak eta kultura errespetatzen duen turismoa nahi dute maputxeek, komunitateei onura ekarriko dien turismoa, baina gobernuak beste asmo batzuk ditu», dio Berraondok.

Eskubideen etengabeko urraketei aurre egiten urte asko daramatzate maputxeek. GITEren eta beste elkarte batzuen laguntzarekin, Herri Indigenen Eskubideen Behatokia ireki zuten 2008. urtean, Neuquenen. Abokatu batekin hasi ziren, eta, egun, hamar abokatuk osatutako talde egonkorra dute. Bost urte daramatzate agintari maputxeen defentsan. Orain arteko maputxeen aurkako epaiketetan zigorrik ez izatea lortu dute. Lurraldeak berreskuratzeko egiten ari diren borrokan, garaipen garrantzitsuak lortu dituzte. Maputxeak beraienak ez diren lurretan bizi direla diote probintziara duela hamar-hamabost urte etorritako lur jabeek. Euren lurrak indarrez kendu dizkietela leporatzen zaie maputxeei. Lurretatik kanporatzeko, hasieran, auzi zibilak irekitzen dizkiete, eta joaten ez direla ikustean, auzi penalak. «Zazpi urteko espetxe zigorrak eskatzen dizkiete euren lurretan egoteagatik». Egoera horren aurka, maputxeak antolatu egin dira, eta lurrak eta familia mehatxatuak defendatzen dihardute. Lurraldearen aferaz gain, ingurumenari egiten ari zaion kalteagatik ere salaketak egiten hasi da behatokia. Petrolioa ustiatzeko proiektu bat geldirazi dute.

Arazoak arazo, itxaropenerako kimuak ere badaude. Euren kultura berreskuratzeko lan harrigarria egiten ari dira Neuquenen. Duela 40 urte, inork ez zuen mapudungunez hitz egiten, baina, egun, laguntza publikorik gabe eta jazarriak izan arren, haurrei hizkuntza eta kultura erakusten diete. «Berreskuratze kultural geldiezin bat gertatzen ari da. Hiru belaunaldik berreskuratu dituzte hizkuntza, tradizioak eta bizitzeko modua. Lau-bost urteko haur guztiak mapudungua ikasten ari dira. Horrek bermatuko du maputxeen etorkizuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA