Gainean dira Azpeitiko San Ignazio jaiak. Astelehenean hasiko dira, eta ostegunera arte, lau eguneko festa giroa izango da herrian. Marea Arroxak botako du txupinazoa.
Marea Arroxa mugimendua Festa Batzordeak sortu zuen orain dela hiru urte, helburu nagusi batekin: herritar guztien parte hartzea sustatzea. Udalak haien lana aintzat hartu eta eskertu nahi izan du, eta programan honela zehaztu dute: «Marea Arroxak duen garrantzia nabarmendu nahi genuke. Errekonozimendu berezia egin nahi diogu, elkarlanaren emaitzak bikainak izan daitezkeela argi eta garbi erakusten dutelako. Azpeitiko festak herrikoitzeko, euskalduntzeko, parte-hartzaileagoak izateko lana ordainezina da».
Berrikuntza nagusi batekin datoz festak: Marea Arroxaren abestia. Felipe Murillok, elektrotxarangako abeslariak, idatzi ditu hitzak, eta musika Unai Frantsesenak, herriko musika bandako zuzendariak, jarri dio. Herriko hainbat abeslarik eta taldek parte hartu dute abestian.
Denentzako moduko egitaraua
Urtero bezala, ekitaldi ugari izango dira: pilota partida profesionalak bi egunetan, hiru zezenketa saio, abuztuaren bateko prozesioa Loiolara, bakailao txapelketa eta haurrentzako parke eta jaialdiak, besteak beste.
Festetako kontzertuak ere leku handia izango dute. Hiru egunetarako hamar kontzertu antolatu dituzte. Astelehenean lehen lauak eskainiko dituzte, hainbat gunetan banatuta: Aldexok, Los Zopilotes Txirriaos, Imuntzo eta Beloki eta Goxo Goxo. Asteartean beste lau talderen txanda izango da: Fiachras, Obrint Pas, Kupela eta Itziarren Semeak. Asteazkenean bi kontzertu izango dira: Doctor Deseo eta Ingo al deu?. Musika taldeez gain, txaranga ugari ibiliko dira kalez kale festak animatzen: Gau Erdi, Urolatarrak, Txaranga Oria, Incansables eta Los Pasai.
Herriko Musika Bandakoek ere kontzertu edo saio asko emango dituzte: txupinazoaren ondorengo kalejiran, goiz eresian eta zezenketetan, besteak beste.
Gazteentzako egitaraua ere ez da atzean geratzen: saninazio bezperako herri bazkaria, saninazio eguneko txomingeroen bazkaria eta festen azken egunean, goizeko zortzietan, gaupaseroen argazkia aterako dute, zezenak amaitutakoan. Iaz atera zuten lehen aldiz argazkia, eta talde jatorra bildu zen enparantzan.
Azkenik, ostegunean festei amaiera emango zaie, 08:30ean, suziri eta danbateko bidez.
Jaiak. Azpeitia
Marea Arroxaren olatua, sendo
Astelehenean hasiko dira saninazioak Azpeitian, eta Marea Arroxak botako du txupinazoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu