Marea jaisten denean

Ibaiertzetako hondarrek informazio oparoa ematen dute gizakien jarduerei eta esku hartzeei buruz: mutiloiz, aldatsez, eskaileraz, erabili gabeko kaiz eta ontzi aztarnaz josita daude ur bazterrak. Horiek aztertzen ditu mareartekoen arkeologiak.

Bilboko Zorrotzaurre auzoa, 2024ko azaroan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bilboko Zorrotzaurre auzoa, 2024ko azaroan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
amaia igartua aristondo
2026ko apirilaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Marea jaitsi denean azaleratu dira. Herdoilak eta goroldioak apaindu dituzte ur azpian egon diren bitartean, hezetasunak nabarmen ilundu ditu itsasbeheren eta itsasgoren etengabeko segidan, eta orain, marea jaitsi denean, agerian geratu dira ostera ere itsasadarraren bi ertzetan. Zurezko zutabe higatu batzuk, harri landu erraldoiak, ontzi puska bat. Testuingurua galdu duten elementuak. Baina ez dira ezustez agertu toki horietan: zeregin jakin bat izan zuten noiz edo noiz. Erortzear dirudien plataforma hartan, esaterako, mutiloi bakartiak akordura ekartzen du garai batean ontzi mardulak ibili eta ertzeratu zirela Bilboko itsasadarrean.

Gizakiak ahaleginak eta bi egin ditu beti eremu naturalak bere beharretara egokitzeko, Jose Manuel Mates Luque arkeologoak eta Arqueocean arkeologia zerbitzuen arduradunak nabarmendu duenez, eta dinamika horien berri ematen dute marearteko eremuan sustraitu diren arrastoek. «Historia txiki bat kontatzen digute», nabarmendu du. «Arrastoetako bakoitza puzzle baten pieza bat da, eta, urrundik begiratzen diezunean, hobeto ulertzen duzu zer-nolako paisaiaren parte ziren».

«Arrastoetako bakoitza puzzle baten pieza bat da, eta, urrundik begiratzen diezunean, hobeto ulertzen duzu zer-nolako paisaiaren parte ziren»

JOSE MANUEL MATES LUQUE Arkeologoa

Piezok jakin-mina eragiten dute, ezinbestean. Tokiz kanpo dira-eta, ingurua moldatuz joan arren iraganean izoztuta geratu balira legez. Iradokitzen dutenak eransten die xarma, beharbada. Izan ere, zer dela-eta dago kai hori hor, gaur egun apenas mugimendurik dagoen toki batean? «Zer funtzio du? Zerekin konektatzen du? Nora doa? Nora begira dago? Ba al dago beste kairik aurreko aldean?». Galderak bota eta berehala erantzun die arkeologoak: orain dela gutxi arte ez da hainbeste zubi egon, arrazoi ekonomikoengatik batik bat, eta itsasadarra ontziz gurutzatu beharra zegoen lehen. Eta eskailera hark zertarako balio zuen? Bada, itsas fatxada doitu zutenean bihurtu zen erabilgaitz. Mates Luquek azaldu duenez, garai batean erribera atzera emana zegoen, baina ibilgu asko artifizialki zarratu zituzten gero. Itsasadarraren zati bat bereganatuta, azpiegitura berriak irentsi egin zituen neurri batean aurreko ertzetan kokatutako elementuetako batzuk; besteak beste, eskailera hori.

Erne ibiliz gero, behialako giza jardueren lorratz askoz gehiago atzeman daitezke ibaiertzeetan. Hondoko harritzar batean zizelkatutako eta daborduko inora eramaten ez duten eskailerak, meatzeetako gabarrei eusteko uztaiak, arrantzan egiteko kalalekuak. Edo pasealeku bilakatutako kanalizazioak: Lekeitioko (Bizkaia) hondartzatik San Nikolas uhartera doan malekoia, kasurako. Itsasbeheran, plataforma azaleratzen denean, oinez joan daiteke irlara, baina, berez, Lea ibaiak dakarren harea porturaino sar ez zedin eraiki zuten, XVIII. mendean.

Aspaldiko itsasontziak

Toki batzuetan, itsasoak ontziak gordetzen ditu. Ondarroako (Bizkaia) Zaldupeko zubitik gertu, paisaiaren zati bihurtua da aspalditik Santa Fe barkua. 1950eko hamarkadaren bukaeran abandonatu zuten. Hura dokumentatzen ibili dira berriki Mates Luque eta haren taldea. Urteak daramatza mareartekoen arkeologiako proiektu batean murgilduta; lehenik eta behin, ibaiak miatzen ditu zantzu interesgarriak lokalizatzeko, eta piezaz pieza esku hartzen du ondoren. Hainbat kolpetan egindako lana izaten da, marearteko eremuak dituen berezitasunen kausaz: izan ere, leku horietara iristen nahiko erraza izaten den arren, mareen mugimenduak erabat baldintzatzen du landa lana. Kasu baterako, oraindik ez dute bukatu Santa Fe-ren dokumentazio lana, pare bat egunetan marea ez zelako behar beste jaitsi.

Jose Manuel Mates Luqueren taldea Santa Fe ontziaren arrastoak lantzen, martxoan, Ondarroako itsasadarrean. JOSE MANUEL MATES LUQUE
Jose Manuel Mates Luqueren taldea 'Santa Fe' ontziaren arrastoak lantzen, martxoan, Ondarroako itsasadarrean. JOSE MANUEL MATES LUQUE

Edozelan ere, piezak garbitu behar izaten dituzte haiek dokumentatzen hasi baino lehen, hamarkadaz hamarkada haien gainean metatuz joan den sedimentua ezabatzeko. «Santa Fe-ri dagokionez, legar asko dauka, espero nuen baino askoz gehiago, eta hondakin modernoak ere baditu: adreilu, teila eta beira pusketak». Zangak ere egiten dituzte, egitura zati batzuk harean eta basan lurperatuta egoten direlako. Mamia azaleratu ostean, piezak neurtu eta argazki mordoa ateratzen diete, hiru dimentsioko modelatuak taxutzeko.

Baina arkeologia behar guztietan gertatzen den legez, erlojupeko lana izan ohi da marearteko hondarrak dokumentatzea ere. Egunean bitan, uretan murgilduta egoten dira pieza horiek, eta hezetasunak eta kresalak erasaten die, baita egurra jaten duten izaki bizidunek ere; marea jaisten denean, berriz, eguzkia eta oxigenoa dira etsaietako batzuk; eta ezin ahaztu, arrasto horien irisgarritasuna kontuan izanda, gizakiek ere larriagotu egin dezaketela desagerpen prozesua, piezak joz, harriak botaz, haiei su emanez... «Iltzez, bernoz eta abarrez lotuta dauden pieza mordo batez osatuta daude itsasontziak. Eremuaren alterazio fisiko-kimikoen ondorioz —batzuetan beroa egiten du, beste batzuetan hotza edo, are, elurra—, loturak ahulduz joaten dira, eta egiturak galdu egiten dira pixkanaka, pisuaren ondorioz askatzen direlako, edo korronteek sakabanatzen dituztelako». Egurra azkarrago hondatzen da piezak zigilatuta ez badaude: hau da, halako arrastoek gehiago irauten dute hareak, lokatzak eta abarrek erabat estaltzen dituztenean, geruza trinko horrek galarazi egiten du-eta piezek oxigenoarekin kontakturik izatea.

Jada erabiltzen ez den plataforma bat Bilboko Olabeaga kaiaren aurrean, joan den astean. AMAIA IGARTUA ARISTONDO
Jada erabiltzen ez den plataforma bat Bilboko Olabeaga kaiaren aurrean, joan den astean. AMAIA IGARTUA ARISTONDO

Dena dela, materiala zein den, hobeto edo okerrago kontserbatuko da. «Harriak hobeto eusten dio, baina, hala ere, hondatuz joaten da uraren gazitasunagatik; burdinari kalte handia egiten dio eremu horrek, askoz azkarrago herdoiltzen da eta...», xehatu du Mates Luquek. Horrez gain, hondatze prozesuak beti dauka erabat aurreikus ezin daitekeen zirrikituren bat, eta arrasto batzuk uste baino arinago desagertzen dira. Horren adibide da arkeologoak Mendexan (Bizkaia) lokalizatutako barkuetako bat: orain dela 34 urteko argazki batean, egitura ia osorik ageri da, baina ordutik galdu egin da armazoiaren zati handi bat. «Ondarroako Santa Fe ontzian aurreneko esku hartzea egin genuenean, orain dela lau bat urte, bertoko batzuek esan ziguten haur denboran ontzigainetik uretara egiten zutela salto. Baina dagoeneko ez da ontzigainaren arrastorik geratzen».

Dagoen tokian uztea

Egiturak erabat desagertu baino lehen dokumentatzea da Mates Luqueren buruhaustea. Badago lan horri balioa ematen dionik: Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Texasko (AEB) Itsas Arkeologia Institutuak emandako diru laguntzak eskertu ditu arkeologoak. Baina ez zaio iruditzen mareartekoen arkeologia oso estimatua denik, oro har. Jende askok «zabortzat» dauka ibaiertzeko ondare hori, informazio iturri aberatsa den arren. «Elementu hauek dokumentatzen baditugu, hobeto uler dezakegu itsas eraikuntza: agian, gaur egun betikotu diren elementuak atzematen ditugu arrasto zaharretan; beraz, horrek esan nahiko luke jarraipen bat edo eraikuntza tradizio bat egon dela. Edo, alderantziz, aldaketa bat egon dela adieraz dezakete hondarrek».

«Elkarrekin lotutako pieza mordo batez osatuta daude itsasontziak. Eremuaren alterazio fisiko-kimikoen ondorioz, loturak ahulduz joaten dira, eta egiturak galdu egiten dira pixkanaka»

JOSE MANUEL MATES LUQUE Arkeologoa

Nabarmen egin daiteke atzera iraganean izoztutako zantzu horiei esker. Mates Luquek lokalizatu dituen ontziak XX. mendekoak dira, oro har, baina itxaropentsua da ibaietako sedimentuek ezkuta ditzaketen altxorrei dagokienez. Izan ere, baliteke topatu dituen ontzien kokalekuak ez izatea ausazkoak. Beste leku batzuetan badira barkuen hilerriak: gehiago erabiliko ez diren itsasontziak abandonatuta lagatzeko bazter jakin batzuk, non itsasontzi mordo bat pilatuz joan den denboraren joanean. Hortaz, baliteke inguru horietan, lokatzetan aztarrika eginda, are pieza zaharragoak aurkitzea egunen batean.

Urbietako ontzi aztarna aitatu du adibide gisa. «1998an agertu zen, Gernika-Lumoko itsasadarraren ibilgu zaharra birkanalizatzeko obretan». XIV. mendearen bukaerakoa da, eta Bilboko Arkeologia Museoan ikus daiteke egun. Egur zatiak ondo zigilatuta zeuden, eta horregatik kontserbatu ziren hainbeste denboran ur azpian, Mates Luqueren berbetan. «Ez ninduke harrituko ibilgu hauetako batean arrasto zaharragoak agertzeak, ezta Neolitoko kanoa monoxilorik agertzea ere».

Gabarra baten arrastoak dokumentatzen Lea ibaiaren bokalean, Lekeition, 2019an. JOSE MANUEL MATES LUQUE
Gabarra baten arrastoak dokumentatzen Lea ibaiaren bokalean, Lekeition, 2019ko abenduan. JOSE MANUEL MATES LUQUE

Momentuz, baina, Santa Fe ontziaren dokumentazioa bukatzea dauka helburu. Ondarroara ekainean itzultzeko asmoa du, beharra bost bat egunetan borobiltzeko. Eta ondoren? Lokatzak, teilek eta beira zatiek estaliko dute barkua ostera ere, eta korronteek sakabanatu eta desagerraraziko dute azkenenik, edo guztiz lurperatu. «Ez dugu ezer lekuz mugituko», ziurtatu du arkeologoak. «Ez dauka zentzurik zerbait lekualdatzeak ez badaukazu horretarako logistika nahikorik, eta ez badaukazu ontzia non gorde eta kontserbatu». Dokumentatuta geratuko da, behintzat. Eta etorkizunean, baliteke beste arkeologo talde batek hura hondotik ateratzea. Edo ez. Beharbada hor geratuko da betiko, inguruko paisaiarekin bat eginda marea jaisten den bakoitzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA