Marearteko eremuaren bioaniztasuna Donostian

Euskal kostaldeko espezieen inguruko erakusketa bat ikus daiteke abendura arte Aquariumean

Argazkiak eta ikus-entzunezkoak daude erakusketan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
Donostia
2011ko ekainaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Egunean bitan igotzen da itsasoko marea. Iristen den bezala, badoa. Itsasbeheraren eta itsasgoraren artean, ordea, bada kontuan hartzeko eremu bat: lurraren, itsasoaren eta airearen arteko muga da, eta mikrohabitat ugari daude elkarrekin inguru horretan. Donostiako Aquariumak Mugan: lurraren, itsasoaren eta airearen artean erakusketa ireki berri du, «eremu horren balio handia ezagutzera eman eta marearteko erabilera begirunetsu bat sortzeko helburuarekin». Abendura arte bisitatu ahal izango da. Argazkiak, azalpenak, maketak eta ikus-entzunezkoak topatuko ditu bisitariak erakusketan. Euskarri anitzez gain, landutako gaiak ere askotarikoak dira: marearteko eremua, organismoek ingurunera egokitzeko dituzten estrategiak, marearteko eremuko bioaniztasuna eta inguruneaz errespetuz gozatzearen garrantzia. Kostaldeko habitataren inguruan jakin-mina duenak, beraz, aukera du hankak busti gabe barruraino sartzeko. Bidean, askotariko espezieen irudiak aurki daitezke: itsas trikuak, muskuiluak, karrakelak... Algei eskainitako tartea eta itsas izar bat barrutik ikusteko aukera ere ematen du erakusketak. Amaieran, proposamena egiten dio erakusketak bisitariari: bainujantzia eta sandaliak janztea eta itsas organismoz betetako mundu koloretsua bisitatzea, horrela inguru hori hobeto ezagutuz errespetatzen ikasteko.

Azti Tecnalia ikerketa zentroko ikertzaileek prestatu dituzte erakusketako testuak; irudiez Alex Iturrate argazkilaria arduratu da. Normalean, itsas azpiko argazkilaritzan aritzen da Iturrate, baina erakusketa honetan, «bizitzaz beteta dauden putzuetako bioaniztasuna» erakutsi nahi izan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.