Hamar gauekoa da Bilboko Aste Nagusia, munduko luzeena dela diote bertakoek. Baina gauzak hasi eta bukatu egin behar direnez, gaur gauean, agur esango diote Marijaiari bilbotarrek. Bosgarren urtez, jaietako sinbolo nagusia erreko dute itsasadarrean, udaletxearen aurrean. Baina Marijaia ez da bakarrik egongo. Harekin batera Deustuko arraunlariak bi trainerutan joango dira, eta, haiekin batera,Iraia Iturregi pregoilaria. Normalean, txupinerak ere parte hartzen du ekitaldi honetan, baina, aurtengo debekua dela-eta, oraindik ez da jakinarazi zein modutan parte hartu ahal izango duen Jone Artolak. Litekeena da Itziar Urtasun jaietako zinegotziak betetzea txupineraren lana.
Ekitaldia 22:20ean hasiko da. Areatzako zubiaren azpian. Momentu horretan, txosnetako argiak itzaliko dituzte. Iluntasunaren erdian, argi kanoi batek Marijaia fokuan jarriko du. Bitartean, Marijaiak bere bidea egingo du, udaletxera arte. Han, Iraia Iturregik azken agurra emango dio Aste Nagusiko erreginari. Aurreko urteetan, pregoilariaren hitzen ostean, txupinerak jaien bukaerako suziria botatzen zuen, eta Marijaia erretzen duen mekanismoa martxan jartzen. Antza, bete behar hori Urtasunek egingo du.
Ekitaldia bukatzeko, Shanti Basaurik Marijaiaren agurrerako propio asmatutako Agur Marijaia kantua entzungo da. Horrela bukatuko da Bilboko asterik luzeena: Aste Nagusia.
Bilboko Aste Nagusia
Marijaia erreta bukatuko dituzte jaiak
Marijaiari agur esango diote gaur gauean, su festa eta musika elkartuko dituen ekitaldi batekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu