Bizkaiko hainbat herritan erro sakonak dituzte abendu errondek edo marijesiek: Gabonetako koplak kantatzeko biltzen dira herritarrak. Ertz askotako tradizioa dela nabarmendu du Itziar Navarro Ibañez ikerlariak (Donostia, 1991): izan ere, urteekin soslaiak eta motibazioak ugaritu egin dira, hitzak eta doinuak moldatu, baita kantaerak ere. Bilakaera hori ikertu du Navarrok bere doktore tesian.
Marijesiak erlijioari lotutako ohitura bat izan dira?
Koplek tematika erlijiosoa dutenez eta Jesusen jaiotzaz hitz egiten dutenez, badirudi Trentoko kontzilioaren ondorenean sortu zirela [1545-1563], kontrarreforman. Hori da hipotesia; oraindik ez dago ezer frogatuta. Baina izan daiteke euskarazko teatro erlijioso batetik atera izana; alderdi teatrala galdu, eta musika eta hitzak geratu izana. Hori zen Jose Antonio Arana Martijaren hipotesia. Tesirako, Durangoko Udal Artxibo Historikoa kontsultatu dut, eta XVII. mendean, hiru urtetan behintzat, euskarazko teatro erlijiosoa egin zen Gabonetan. Eta marijesiekin lotutako lehenengo iturri idatzia 1699koa da —hau da, idatziz publikatutako lehen kopla sorta—.
Euskararekin erabat lotutako praktika izan da, oro har?
Bizkaian, euskaraz eta bizkaieraz egin da, baina garai hartan beste herrialde batzuetan tokian tokiko hizkuntzetan egiten ziren halakoak: Mexikon, adibidez, hizkuntza indigenetan ere bai.

Urteekin, kutsu erlijiosoa galduz joan da?
Jende gehienaren motibazioa ez da fedea edo erlijioa, nahiz eta, noski, parte hartzaile batzuek sinesmenak izango dituzten. Baina gehiengoa beste zerbaitek bultzatuta ateratzen da kantu errondetan. Zortzi herri eta auzotako errondetan ibili naiz, eta nik uste dut motibaziorik indartsuenak hauek direla: bizilagunekin elkartzea, belaunaldien arteko lotura egitea, herria biziberritzea —hori bereziki inportantea da herri txikietan, despopulatzen ari direnetan—, baita euskal ohitura bati jarraipena ematea ere. Badago transgresio kontu bat ere: gazteak lehenengo aldiz ateratzen dira gauez, pasaera erritu bat da. Eta kantuaren emozioa: barruan zaudenean, zu ere kantuan zaudenean, desberdin bibratzen du gorputzak. Tesirako egin nituen elkarrizketetan ere aipatu didate: kantua dela guztiari eusten diona.
Aldaketek alde musikalari ere eragin diote?
Bai, noski. Herri denetan aldatu dira gauzak, bakoitzak bere ukitua ematen baitie kantuari eta musikari, baita hitzei ere. Batzuetan, esku hartzeak berariaz egindakoak izan dira: adibidez, Sebero Altube euskaltzainak errepika bat aldatu zuen gazteleratik euskarara, eta XX. mendearen hasierako garbizaletasun linguistikoaren zantzu batzuk ere topatu ditut kopletan. Kantaerari dagokionez, ez daukat ikus-entzunezko dokumentazio zahar asko, baina mende hasierako abeslarien kantaera nahiko desberdina zen, askoz ere tinbratuagoa. Gaur egun, gehiago nabaritzen ditut tinbre koralak, jendeak parrokian edo koroan ikasi du-eta kantatzen.
Emakumeen parte hartzearekin dute zerikusia aldaketa horietako batzuek?
Alde guztiei eragin diete. Gizartean berdintasunean aurrera goazen heinean, emakumeak sartuz joan dira marijesietan ere. Lekeitioko erronda da salbuespena: dokumentatuta dago emakumeena izan dela XIX. mendetik behintzat. Seguru asko, gizonak itsasoan zeudelako eta emakumeek lehorrean egiten zutelako lan; edo, bestela, bazegoelako rol banaketa bat: gizonek tabernan kantatzen zuten, baina eskean ibiltzen zirenak emakumeak omen ziren. Gaur egun, erronda guztiak dira mistoak. Gernikan, 2018an gertatu zen aldaketarik handiena: emakume bat hasi zen bakarlari, Ane Miren Arejita.
«Gernikan, taldeko kideen erdiak emakumeak dira, baina emakumeak ez ziren entzuten, erregistro grabean ari zirelako»
Zer eragin izan du?
Hori baino lehen, egoerak harritu egin ninduen: taldekideen erdiak-edo emakumeak dira, baina emakumeak ez ziren entzuten. Zergatik? Erregistro grabean kantatzen ari zirelako. Kanon bat dago, estetika bat: ahots grabeena. Niri erosoagoa zait goiko zortzidunean kantatzea, baina oso lekuz kanpo sentitzen zara berehala, zu bakarrik ari baitzara goian, eta taldeak tira egiten baitu behera. Ane Miren sartu zenean, aldatzen hasi zen hori. Sopranoa da, formakuntza klasikoa dauka; oso ondo proiektatzen du ahotsa. Saiatu zen antzeko nota bat ematen, baina gorago, bere erregistroan. Hasieran, jendeak ez zuen erantzuten jakin; gaur egun, horretan dabiltza.
Bizkaierari eutsi egin diote?
Garai bateko koplen paperetan nabari da euskara baturanzko joera; Iurretan, adibidez. Ordu hartan, ikastolaren aldekoak-eta ari ziren errondak bultzatzen. Orokorrean, esango nuke bizkaiera dela nagusi. Gernikan, ez dute erabiltzen bertoko bizkaiera zehazki, baizik eta bizkaiera formal bat, elizan-eta erabili izan dena bezalakoa; antzinakotasun markak ere baditu lexikoan, aditzetan, deklinabidean... Beste kopla batzuetan, gipuzkerazko aditzak topatu ditut: garai batean, gipuzkerak tradizio handia zuen, bertso paperen bidez, eta baliteke kantariek eurek norabide horretan aldaketak egin izana. Jon Enbeitak esan zidan XIX. mendeko Muxikan bazegoela jendea bertso sortak gipuzkeraz kantatzen zituena buruz.
lotsabako
Kopla bat?
Astoak arrantzia. Idiak arnasia. Samurtasuna pizten dit.Ikergai bat?
Goierriko 24. kopladiko kopla askok kointziditzen dute marijesietakoekin.