Zientzia

Marka erabakigarria lortu dute fusio energia sortzeko lasterketan

Bost segundoz eutsi diote fusio erreakzio bati Oxfordeko laborategi batean, eta 11 megawatt sortu dituzte. Esperimentala da lortutakoa, baina garrantzitsua, iradokitzen duelako benetan lor daitekeela fusio komertziala.

JET laborategiko ontzia, barruan plasma duela irudikatuta. JET
Edu Lartzanguren.
2022ko otsailaren 9a
17:47
Entzun

Ez du asko ematen, baina mugarria izan daiteke: Oxfordeko (Ingalaterra) JET laborategian fusio erreakzioen marka ezarri dute: bost segundoz eutsi ahal izan diote fusioari, eta 59 megajouleko beroa sortu dute. 1997. urteraino egin behar da atzera aurreko marka aurkitzeko. JETek berak segundo bateko erreakzioan 22 megajoule lortu zituen.

Kontuan hartu behar da JET laborategian duten erreaktorearen imanek ezin dutela bost segundoko erreakzio bat baino luzeagorik kudeatu. Beraz, esperimentuaren garrantzia beste nonbait dago: erakutsi dute ahal den guztia atera diezaioketela erreaktoreari, plasmaren fisikak nola funtzionatzen duen praktikan ongi ulertzen dutela dagoeneko, eta, ondorioz, saioa erreaktore ahaltsuago batean eginez gero, emaitza handiagoa lortuko litzatekeela. Horrek frogatuko luke fusioaren bidez energia errentagarria lortzea posible dela. Eta albiste onena zera da: erreaktore ahaltsu hori aspaldi ari direla eraikitzen Frantzian, Marseillatik oso gertu: ITER esperimentua.

Izan ere, Oxfordeko JET laborategian dagoen makina tokomak motakoa da, hau da, plasma barruan gordetzeko erroskila huts moduko bat (toro bat, alegia), eta ITER ere mota horretakoa da. Adituen arabera, gaur iragarritako arrakastak erakutsiko luke diseinuarekin asmatu dutela.

Eguzki txikiak

Fusioa eta fisioa antzeko hitzak dira, baina bi gauza oso ezberdin. Fisioa erabiltzen dute bonba atomikoetan eta gaurko zentral nuklearretako erreaktoreetan. Fisioa arriskutsua da, une oro kontrolpean ez badago kate erreakzioa sortzeko joera duelako berez, Txernobylen eta Fukushiman agerian geratu bezala. Horrez gain, fisio erreakzioen hondakinak oso erradioaktiboak dira, eta arriskutsu izaten jarrai dezakete milaka urtez.

Fusioa beste kontu bat da: izarretan gertatzen den erreakzio bat da; Eguzkian gertatzen da, kasurako. Presio eta tenperatura handien eraginez, bi hidrogeno atomoen nukleoak elkartzen dira, eta, ondorioz, helioa sortzen da. Prozesuan energia asko askatzen da. Prozesuak ez du fisioaren arriskurik, ez duelako kate erreakziorik sortzen (elikatu ezean, gelditzeko joera du berez). Gainera, ITER-en hidrogenoaren bi isotopo erabiliko dituzte: deuterioa eta tritioa. Tritioa erradioaktiboa da, baina erradioaktibitate maila apalekoa, uranioa ez bezala, eta hamabi urte baino ez ditu behar kaltegabe bihurtzeko.

Gainera, deuterio asko dago naturan, besteak beste itsasoko uretan. Beraz, fusioaren bultzatzaileek agindu dute prozesua energetikoki eraginkorra izatea lortzen bada horrek gizateriaren energia arazoak konpon ditzakeela, indar iturri agorrezin eta merke bat lortu ahalko litzatekeelako. Fusiorako kilo bat lehengaik gaurko erregai fosilen kilo batek baino hamar aldiz energia gehiago eman dezake. Energia hori sortzean, ez du berotegi efektua eragiten duten gasik sortzen. Tritio gutxi dago naturan, ordea, baina fusio zentralek euren tritio propioa sortuko dutela agindu dute energia mota horren bultzatzaileek.

Adituek pozik hartu dute gaur plazaraturiko emaitza, ustekabearen kontrakoa delako: gailuak funtzionatu baitu, azkenean, espero zen bezala, urte askotako ahaleginen ostean, eta horrek erakutsiko lukeelako ITER-ek ere funtzionatu egingo duela.

Izan ere, orain arte emaitza apalagoak lortu dituzte JET gailuan, horren paretetan besteak beste grafitoa erabili izan dutelako, eta horrek hidrogeno isotopoak xurgatzen dituelako, eta plasma sortzea zaildu. Orain, berriz, eraberritu egin dituzte gailuaren paretak, eta tungstenoa eta berilioa metalak erabili dituzte tartean. ITERen ere gauza bera egitea dago planeatuta.

ITERek espero bezala funtzionatzen badu, gero Europako lehenengo fusio zentral elektrikoa sortzea espero dute. Horrek erreakzioa sortzeko behar den energia baino gehiago sortuko luke, eta argindar sarera lotuta legoke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.