Donostiako Aste Nagusia

Marmitako onenaren bila

Aste Nagusiko ikurretako bat dira lehiaketa gastronomikoak, eta jaien azken egunerako utzi dute marmitako lehiaketa. Esperientzia handiko lehiakideak eta lehen aldiz parte hartu dutenak aritu dira kozinatzen Gipuzkoa plazan.

Trikiti doinuek alaitu dute giroa. GOTZON ARANBURU / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2023ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Gipuzkoa plazako parkean bi talde handi daude, bakoitza korro batean, erdian pertsona bat dutela. Erdian dagoenak txaleko laranja bat du, eta albo batean free tour du idatzia. Haren inguruan daudenek entzungailu bat daramate belarrian, azalpenak entzun ahal izateko. «Zalantzarik edo galderarik baduzue? Bada, mugi gaitezen», esan die txalekodun batek bere ingurukoei.

Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikinaren aurrean geratu dira, eta taldeari geroz eta zailagoa egiten zaio gidariaren azalpenak entzutea. Trikitilariak jo eta jo dabiltza, eta, gainera, eraikineko arkupeetako bakoitzean jendea zerbait kozinatzen ari da. Jakin-minari eutsi ezinik, bada taldetik aldendu eta arkupeetara gerturatu denik ere.

Marmitako Lehiaketaren XVI. aldia izan zen atzo, Donostiako Aste Nagusiko azken egunean. Hemezortzi bikotek hartu zuten parte, eta, epaimahaiaren arabera, Erlaitz bikotearen platera izan zen onena: Rosa Mari San Josek eta Rafael Diazek osatua da, eta 450 euro jaso zituzten saritan.

Buru-belarri ari dira bikoteak, batzuk erabat berotuta, eguzkiak bete-betean ematen baitie. Eguzkia oraindik ez da haiengana iritsi, baina daramaten erritmoak ez die arnasa hartzen uzten. Fundamentua eta Freskotasuna bikotea osatzen dute Leire Apellanizek eta Arantxa Santestebanek. Haien marmitakoa ere fundamentuzkoa eta freskoa izango den galdetzean, barre artean hauxe erantzun dute: «Saiatuko gara behintzat».

Izan ere, bikotearen lehen aldia da aurtengoa. Galdakaokoa (Bizkaia) da Apellaniz, eta Iruñekoa Santesteban. Donostian bizi dira biak, eta, Apellanizen esanetan, txantxetan, «apur bat donostiarrago» sentitzeko hartu dute parte.

Santesteban bere kidearen laguntzaile fina da: «Nik ez dut inoiz marmitakorik egin; beraz, esaten didan guztia egiten saiatuko naiz». Marmitako lehiaketan ez du inoiz parte hartu, baina asteartean legatza saltsa berdean egiteko lehiaketan epaimahai izan zen Apellaniz, eta gutxi gorabehera badaki zer izan daitekeen garrantzitsuena: «Zaporeak eta itxurak garrantzi handia dute. Saltsari dagokionez, ez du izan behar ez oso mehea, ez oso lodia».

Antonio Pedrazak eta Juan Morenok ere lehen aldia dute. Lasarteko (Gipuzkoa) Semblante Andaluz kultur elkarteko kideak dira, eta lagun batek animatu zituen parte hartzera. «Kultur elkarteko ekitaldietan otorduak prestatzen egoten gara; hala ere, marmitako lehiaketa batera gatozen lehen aldia da». Patatak egiten ari da bikotea, barazkiak sueztitu eta salda bota ondoren.

Bada Aste Nagusiko lehiaketetan esperientzia duen bikoterik ere. Zaragozako (Espainia) lagun batekin hartzen du parte duela lau urtetik Iker Uriartek. Telebistan ikusita izan zuen lehiaketaren berri, eta izena eman zuen. Lehenengo urtean, lehen saria irabazi zuen, eta geroztik bazkaria irabazten dutela esan du.

Lehiaketaz lehiaketa

Orokorrean marmitakoa nola prestatu bazekien ere, Youtuben bideo batzuk ikusi zituen Uriartek, eta, lehenengo urtean «hain ondo» atera ondoren, ez dute errezeta aldatu. «Hala ere, ez da beti berdin ateratzen», esan du.

Partaideetako batzuek ez dute soilik marmitako lehiaketan parte hartzen, Aste Nagusian egiten diren beste lehiaketetan parte hartzeko ohitura baitute. «Partaideen artean giro aparta egoten da; askok elkar ezagutzen dugu, beste lehiaketa batzuetan topo egin dugulako», esan du Uriartek.

Labaka ahizpak dira partaide horietako batzuk. Jone eta Maite Labakak hartu dute parte gaurkoan, nahiz eta beti Maiteren alboan egoten den kidea Nieves deitzen den beste ahizpa izan. Aurten, legatza saltsa berdean prestatzeko lehiaketan bigarren postua lortu dute, eta paella prestatzekoan, hirugarrena.

Uriarteren iritzi bera du Maite Labakak: «Kozinatzen amaitzen dugunean, bakoitzak jateko zerbait prestatzen du, eta gainerako partaideei eskaintzen diegu». Marmitakoa etxean prestatzen duen bezala egiten du lehiaketan, bere esanetan; «Ez dago sekretu berezirik».

Parte hartu zuten lehen alditik, gauzak asko aldatu dira Tomas Nuñez eta Jose Manuel Irigoienentzat. Txapelketaren hamasei aldietan, soilik behin egin dute kale. «Nork bere formulak izaten ditu, baina orain jendeak espezia gehiago botatzen dizkiola iruditzen zait», gehitu du Irigoienek. Haiek ez dute botatzeko ohiturarik, eta errezeta berari jarraitzen diote urtez urte. Nuñezek atentzioa eman dio Irigoieni, lapikora begira dezan: patata bat labanarekin hartu, eta segituan garbi-garbi erori da azpian zuen koilarara. «Eginda dago», esan dio Nuñezek.

Lehiaketaren ostean, elkartera joango da bikotea, beste hamabi lagunekin batera. «Hori izan da Aste Nagusiko gure plana; lehiaketetan parte hartu, eta prestatutakoa elkartean jatea», esan du Irigoienek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.