Jakina da uda garaian, eta eguraldiak laguntzen duenean, hondartzak jendez betetzen direla. Autoa hartu, traste guztiak sartu, eta kostaldera inguratzen dira eguna uretan edo eguzkia hartzen igaro nahi dutenak. Eguna lasai ederrean pasatzera joaten diren horiek, ordea, batzuetan ez dute lasaitasunik aurkitzen, marmokak baizik.
Korronteek eta haizeak ekartzen dituzte marmokak kostaldera. Horregatik, «oso zaila» da aurrez jakitea noiz eta nora etorriko diren, Javier Francoren esanetan. Azti-Tecnalia Ozeanografia fundazioko ikerlaria da Franco. Marmokek Kantauri itsasoan dituzten joerak aztertzeko, Marmoka Project proiektua du martxan Azti-Tecnaliak, eta proiektu horretan ari da lanean. «Marmoken inguruan ahalik eta informazio gehien bildu nahi dugu», adierazi du.
Eragin ditzaketen eragozpenengatik baino gehiago, duten garrantzi ekologikoagatik bildu nahi dute informazioa marmokei buruz. «Animalia askorentzako jana dira marmokak, eta haiek ere organismo asko jaten dituzte», esan du Francok. Itsas dortokek eta arrain handiek jaten dituzte marmokak; esaterako, atunek. Haiek, berriz, zooplanktona, arrain txikiak eta beste marmoka batzuk jaten dituzte. Horregatik, elikadura sareetan marmokek zein eginkizun duten aztertu nahi dute.
Marmoken joerak zehazteko, hainbat iturritatik jasotako informazioa bilduko du Azti-Tecnaliak. Esaterako, itsasoan marmokak ikusten dituen edozeinek bidal diezaioke informazioa Aztiri. Horretarako, marmokak identifikatzeko gida bat argitaratu dute, eta arrantzaleen eta itsasoan ibiltzen direnen artean banatu dute. Gida horretan ageri dira Kantauri itsasoan gehien ikusten diren zortzi marmoken irudiak eta ezaugarri nagusiak. Hainbat kolorez bereizirik daude, duten arriskuaren arabera.
Aztiren webgunean (www.azti.es), berriz, fitxa bat eskura daiteke; marmokak ikusten dituen edozeinek bete dezake fitxa. «Zein marmoka espezie ikusi duen, zenbat, non eta ahal denean argazki bat; datu horiekin bete behar da fitxa», esan du Francok. «Zenbat eta jende gehiagok parte hartu, orduan eta zehatzago jakingo dugu gure kostaldean zein marmoka diren ohikoenak eta non agertzen diren gehien».
Jendeak betetako fitxez gain, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak karabela portugesen prebentziorako martxan jarri duen kanpainaz ere baliatuko da Azti-Tecnalia informazioa biltzeko. Karabela portugesaren irudia duten informazio kartelak egin ditu Segurtasun Sailak, eta hondartza eta kirol portuetan banatu ditu. Kanpainaren bidez, karabelak ikusten dituen orok SOS deiak zentrora deitzea nahi dute, kostara datozen ala ez ahalik eta lasterren jakin ahal izateko.
SOS Deiak zentroak Aztiri pasatuko dizkio jasotako datuak. «Karabela portugesak arriskutsuak dira, baina badute abantaila bat: organismoaren zati bat uretatik kanpo geratzen zaienez, oso erraz ikusten eta ezagutzen dira. Gainera, gandorra uretatik kanpo izanik, haizearen arabera mugitzen dira; horregatik, errazagoa da haien ibilbidea aurreikustea beste marmokena baino», adierazi du Francok.
SOS Deiak zentroaren abisua jaso bezain pronto, karabelek egingo duten ibilbidea marraztuko du Azti Tecnaliak mapa batean. Horretarako, Euskalmet Euskal Metereologia Zentroaren laguntza izango du, haizearen joera zein izango den jakiteko. «Simulazio bat egingo dugu; karabela portugesak kostara iritsiko diren, zein lekutara iritsiko diren eta noiz irudikatuko dugu», esan du Francok. Egunean behin berrituko dute mapa.
Arriskutsuenak, karabelak
Karabela portugesen ibilbidea baino ez dute irudikatuko mapan. Batetik, arriskutsuenak direlako. Bestetik, oso konplexua delako beste marmokek zein ibilbide egingo duten jakitea. «Beste marmokak ez dira haizearen arabera mugitzen; horregatik, ia ezinezkoa da kostaldera noiz etorriko diren jakitea».
Izatez, karabela portugesak ez dira marmoka espezie bat. Dena den, Francoren esanetan, antzeko organismoa dute. Beste marmokak baino arriskutsuagoak dira, ordea. «Marmoka gehienek pozoia botatzen dute babes sistema modura, eta karabela portugesaren pozoia oso toxikoa da», azaldu du Francok. «Gainera, haien garroek hamar metrora bitarte neur dezakete; horregatik, ez da komeni asko hurbiltzea».
Karabela portugesak ez, baina aurtengo udako lehen marmokak iritsi dira dagoeneko Gipuzkoako kostaldera. Besteak beste, Zarautzen eta Donostian agertu dira. Pelagia noctiluca espeziekoak dira agertu diren marmokak; horiek dira ohikoenak gure kostaldean. Marmoka lumineszente izenaz ere ezagutzen dira, eta haien ziztadak ez du arriskurik.
Ezarian
Marmokak ezagutu nahian
Marmoken inguruan ahalik eta informazio zehatzena biltzeko proiektua du martxan Azti-Tecnaliak iaztik; besteak beste, arrantzaleek eta itsasoan ibiltzen den jendeak emandako datuez baliatzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu