Zortzi hilabetean, 567 milioi kilometro. Horixe da NASAk Martera bidalitako Curiosity robotak eginiko bidea. Atzo goizean lurreratu zen ia tona bateko eta auto baten itxurako robotak Marteko Gale krater inguruan, Euskal Herrian 07:32 zirela. Orain arte planeta gorrira bidalitako robotik handiena eta konplexuena da. Marte orain arte ikertu den baino modu sakonagoan esploratzeko bidea emango die NASAko zientzialariei.
«Marteko lurrazalean nago, salbu eta osorik». Curiosity-k NASAko blogean idatzitako mezuarekin batera, lurreratzea zuzenean aztertzen ari ziren Kaliforniako Propultsio Laborategiko ingeniariak eta zientzialariak txalo zaparrada eta zorion oihuen artean lehertu ziren. Ez alferrik. Hamar urtez lanean aritu eta 2.500 milioi dolar xahutu ostean, Marte sakonago ezagutzeko misioa aurrera doa. Iragan urteko azaroan hasi zuen bidaia robotak, Atlas suziriaren barruan.
Beldurrezko zazpi minutuak. Horrela deitu diote AEBetako agentzia espazialeko arduradunek robotak egin beharreko lurreratze konplexuari. Orduko21.500 kilometroko abiaduran sartu da Marteko atmosferan,900 gradu zentigraduko tenperaturako kono batean bildurik. Zortzi suzirien bidez abiadura moteldu, eta garabi espazial batek leunki pausatu du Marteko lurrazalean armiarma mekaniko itxurakorobota. Beldurrezko zazpi minutuakzorioneko zazpi minutu bilakatu ziren azkenean. Lurreratzearen nondik norakoen berri zuzenean jakin ahal izan zen mundu osoan, NASAren webgunearen bidez.
Javier Armentia astrofisikari eta Iruñeko planetarioaren zuzendariak misioa zer garrantzitsua den azaldu du. «Teknologiarik berrienak daramatzan robot bat da. Geologo eta kimikari bat da, eta hainbat esperimentu zientifikoren bitartez Marteko ezaugarriak hobeto ezagutu ahal izango dira».
Marteko hainbat zati aztertu ostean, erabaki zuten robotak Gale krater inguruak arakatzea zela egokiena. Bost kilometro garai den tontor bat dago inguru horretan. «Baliteke kraterraren inguruetan iraganean ura egon izana, garai batzuetan bizitza jaio izana». Bizitza hori sortzeko bidea eman zezaketen baldintza kimiko eta atmosferikoak aztertuko ditu Curiosity-k.
Armentiak azaldu duenez, iraganean Marteko baldintza klimatikoak asko aldatu dira. Beste garai batean bero handiagoa egiten zuen, eta ur likidoa zegoen lurrazalean. «Orain ez dago urik, baina bai lakuak eta itsasoak egon zireneko arrastoak». Adituak ia ziur daude lur azpian ura egon daitekeela, eta zantzu horiek aurkitzeko aurretik bidalitako beste robotak baino askoz prestatuagoa dago Curiosity.
Martera iritsi bezain lasterhasi da lanean Curiosity. Planetako lehen argazkiak bidali ditu dagoeneko, zuri beltzean eta kalitate txikian. Egun batzuk itxaron beharko dute kolorezko eta kalitate handiko irudiak jasotzeko, robotak tresneria zabaldu arte.
Curiosity robotaren jarduna hiru espazio zundaren bidez aztertuko dute NASAko zientzialariek: Odyssey,Ezagutza Orbitatzailea eta Europako Espazioko Agentziako Mars Express.
Hurrengo urratsa, gizakiarena
Armentiak azaldu duenez, etorkizunean gizakia Martera iristeko baliagarria izan daitezke robot sei gurpildunak helaraziko dituen datuak. Charles Bolden NASAko zuzendariak berak 2030eko hamarkadarako aurreikusi ditu gizakiaren lehen urratsak planeta gorrian. «Arazo ekonomikoei arazo teknikoak gehitu behar zaizkie. Marteko atmosfera ez da batere trinkoa. Ez ditu betetzen gizakiak bizitzekobaldintzak, eta eguzki erradiazioa hilgarria da. Ez dakit 50 urte barru bideragarria izango den Martera bidaiatzea; oraingoz ez, behintzat», azaldu du Armentiak.
Bien bitartean, izandako murrizketen ondorioz, Marterekin zerikusia duen orok sortzen duen zirrara baliatzen du NASAk publizitatea egiteko. «Marte NASAren gotorlekua da. Komunikabideek misio horiei ematen dieten hedapena izugarria da».
Marte ezagutzeko atea
'Curiosity' robota Marten lurreratu da; NASAk bidali du, eta orain arte planeta gorrira iritsitako sofistikatuena eta handiena daBi urtez ur arrastoen bila arituko da, iraganean Marten bizitzarik ba ote zegoen frogatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu