Euskal Herriko abertzaleon izenean Marteko herriari eskerrak eman nahi dizkiot gure independentziaren alde egin duen ekarpenarengatik. Aitor dut hasieran ez genuela zuen jokaldia ondoegi ulertu, ez genuela zuen mugimendu zolia egokiro interpretatu. Are gehiago, askok boutadetzat hartu genuen. Ezinezkoa zirudien Marte urrunetik etorritako batek gure borrokaren norabidea aldatzea. Eta gutxietsi zintuztegun.
Haatik, artean ez genuen Belen Esteban ezagutzen.
Belenek urrats sendoak eman zituen hasiera-hasieratik. Urrutitik etorri arren, ondo asko ezagutzen zituen hala bere eginbeharrak nola Ebrotik beherako idiosinkrasia berezia. Horrexegatik ezkondu zen toreatzaile batekin. Gero, arriskuak arrisku, haurdun geratu zen, ezagun baita haur batek on egiten diola dibortzio bati. Jarraian, Herriaren printzesak -hala esaten baitiote aspaldion- aldizkariak bereganatu zituen. Egun telebista kate oso baten jabe da, eta bere boterea gero eta handigoa. Berriki jakinarazi dutenez, Espainiako hirugarren indar politikoa litzateke politikan hasiko balitz.
Luze gabe Espainia osoaren jabe izango delakoan nago.
Eta egun horretan, alderdi zein eragile guztiak -Urkullu, Egiguren eta Confebaskeko enpresariak barne- ohartuko dira irtenbide bakarra geratzen zaigula euskaldunoi. Hobe bakarrik gaizki lagunduta baino.
Auzo-lotsa esango dute batzuek.
Maisu-jokaldia diot nik.
Eskerrik asko, martetarrak. Bihotz-bihotzez.
MARATILA
Martetarrei, begirunez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu