Donostiako Iñigo kaleko 12.ean dagoen Martxa kafetegiak, itxura batean, eramateko kafeak prestatzen dituen kafetegi bat ematen du. Hori ere bada, baina ez hori bakarrik, batetik, haren inguruan sortzen ari den giroak zaildu egiten baitu kafea hartu eta ospa egitea; gogoa ematen du bertan geratzeko, hizketan. Euskaraz, gainera. Bestetik, doako kirol irteerak ere antolatzen dituzte, eta askotariko jendea bildu. Kafea eta komunitatea ez da eslogan hutsa; horixe izan baita Nekane Larrañagaren (Usurbil, Gipuzkoa, 1996) helburua Martxa kafetegia sortu zuenetik. Eta lortzen ari da.
Zer martxa dabil Martxa kafetegian, martxan jarri zenuenetik?
Kristoren martxa dabil! Jende dezente animatu da hona etortzera. Kirol jarduerak egiten ditugunean batez ere, kristoren giroa sortzen da, eta hemen lanean gabiltzanean beti dago zer egina. Beraz, martxa behar da.
Kafea eta korrika egitea uztartu zitezkeenik ere! Inspirazioa Londresek eman zizun?
Bai. Bueno, horrelako toki pila bat daude; ez dut ezer berririk asmatu, egia esan. Londresen bizi nintzen, eta bizikletan mugitzen nintzen beti. Oso ondo dago bizikletan ibiltzeko.
Itxura batean, ez dirudi hala denik.
Ba, oso ondo dago. Lan egiten nuen tokirako bidean, kafetegi pila bat dituen kale bat dago, eta txirrindulariak ikusten nituen kafeak hartzen. Hori bai inbidia! Ni lanera, eta haiek lasai-lasai. Ja hemen nengoela, bi urte baino gehiago egon nintzen lesionatuta, eta Zarauzko binakako triatloian eman nuen izena. Entrenatzen aritu nintzen, baina bakarrik; garai hartan, kuadrillakoek ez zuten kirol askorik egiten: korrika gutxi, bizikleta oraindik eta gutxiago, eta igeriketa, ahaztu. Londresko kafetegien sare sozialak ere segitzen ditut, eta pentsatu nuen ondo legokeela espazio bat sortzea, kafea aitzakiatzat hartuta, topagune izateko, nik bere garaian faltan sumatzen nuen hori sortzeko.
Eta Martxa sortu zenuen apirilean.
Bai. Kafetegi bat da, baina kafea aitzakia bat da sozializatzeko. Komunitate bat da Martxa, kafetegi bat baino gehiago.
Non-eta Donostiako Parte Zaharrean.
Eta komunikazio osoa euskaraz egiten dut: euskalduna naiz, bizitza osoa euskaraz bizi dut, eta natural egiten dut; ez da marketina. Era berean, ikusi dut euskaraz egiten badut garbi geratuko dela hemengo jendearentzat dela. Eta esan beharra daukat turista askok galdetzen didatela euskarari buruz: nola irakurtzen den Martxa, zer esan nahi duen, nola esaten diren oinarrizko kontuak... Beti euskaraz agurtzen baititut. Euskaldunak ez direnak ere ongi etorriak dira, eta balio die euskararen inguruko tabuak kentzeko eta belarria egiteko.
«Proiektu xume bat da Martxa, baina gogoa daukat aurrera ateratzeko eta gauzak pixkanaka egiteko»
Martxa sortzeko ideia eduki zenuenetik benetan egin zenuen arte, zer pauso eman zenituen?
Bulkada baten parekoa izan zen... baina buelta asko eman nizkien buruari eta kalkulagailuari. Halere, ausartu egin nintzen. Batzuetan ideiak burutik pasatzen zaizkizu, baina gero ez dituzu aurrera eramaten. Urte batzuk neramatzan teknologiaren munduan lanean produktu kudeatzaile moduan, aurrezkiak neuzkan... Eta ez naiz gozogilea, e! Gozoak egitea zaletasun bat izan da niretzat, eta hemengoek agian horregatik daukate etxeko itxura. Jendea egoteko mahaiak-eta jarri nahi nituen, baina ez dira kabitzen. Eramateko prestatzen ditugu kafeak; proiektu xume bat da, baina gogoa daukat aurrera ateratzeko eta gauzak pixkanaka egiteko.
Eta kafe horiek espezialitatekoak dira.
Kafe arabiarra dugu; tratamendua zainduagoa da prozesu guztian, eta langileen baldintzak, hobeak. Gainera, kafez hornitzen gaituztenek badakite zehazki nondik datorren. Produktu ahalik eta onena eta zainduena eduki nahi izan dut. Matcha ere badaukagu; lagun bati ez zaio kafea gustatzen, eta mehatxu bat jaso nuen... Irabiatuak ere badauzkat.
Eta kirola da beste ardatz bat. Zein da dinamika?
Kirol irteerak antolatzen ditugu. Lehenengo, korrika saioak antolatzen hasi ginen; hemen elkartu, berotzera elkarrekin joan, eta taldetan banatu korrika egiteko. Astero egiten dugu, larunbat goizetan; udan, aste barruan egin dugu. Mendi martxa bat ere egin dugu, Ulian; oso giro polita sortu zen, eta gehienak emakumeak izan ginen! Jendea ezagutzeko modu bat da. Eta, orain, buru-belarri gabiltza bizikletarekin; aurrekoan Ereñotzura joan ginen, Zumaiara ere bai... Beste batean, Miarritzera joan ziren: krepe bat jan, eta buelta egin zuten.
Aurrera begira zer helburu dituzu?
Komunitatea gehiago sustatu nahi dut, eta hortik egin nahi dut tira. Pixkanaka.
lotsabako
Korrika egiteko ibilbide gustukoena?
Neguan, Donostiako hiru hondartzak, eta udan, Urumea bazterra.Kafea, korrika egin aurretik edo ondoren?
Aurretik, kafeina dosia hartzeko.