Datorren asteko estreinaldiak

Marvelen multibertso berri bat

Sam Raimi zuzendaria superheroien abenturetara itzuli da, 'Doctor Strange in the Multiverse of Madness' filmarekin. Benedict Cumberbatch aktorea da Strange doktorea

Benedict Cumberbatch aktoreak Strange doktorearen rola antzeztuko du aurrerantzean ere. BERRIA.
urtzi urkizu
2022ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Bueltan da Strange doktorea superheroia Marvelen eskutik, eta bueltan da Sam Raimi zinemagilearen eskua superheroien filmetarako. Badira urte batzuk Raimi zuzendari gisa jarduten ez dena—Oz the great and powerful 2012an zuzendu zuenetik ekoizle lanetan aritu da proiektu gehienetan—. Eta denbora pasatu da, hamasei urte, Spider-Man 3 zuzendu zuenetik. Armiarma gizonaren lehen trilogia gidatu zuen Raimik, eta komertzialki ondo funtzionatu zuten lehen bi zatiek, baina hirugarrenari kritika oso zorrotzak egin zizkioten. Eta zinemagileak iragarri zuen ez zuela superheroien inguruko film gehiago zuzenduko. Marvelek Strange doktorearen gorabeherei segida emateko eskatu dion arte.

Doctor Strange Scott Derricksonek zuzendu zuen, 2016an. Hasieran, Derricksonek berak zuzendu behar zuen pertsonaiaren abenturen jarraipena, baina 2020aren hasieran zinemagileak eta Marvelek publikoki azaleratu zituzten beren desadostasunak; Derricksonek ekoizle gisa jarraitzea onartu zuen, baina zuzendari izateko beste norbait aukeratu behar zuten. Eta Raimi Marvelen mundutik aspaldian urrundua bazegoen ere, haren eskua fidagarritzat zeukan estudioak egitasmoari aurre egiteko.

Gaur egun, bestalde, teknologiaren munduan indarra hartzen ari den kontzeptua da multibertsoarena. Eta Strange doktorearen istorio berrian multibertsoaren txoko ezkutu eta ilunetan murgilduko dira. Strangek bere botereak zer neurritara iristen diren frogatu beharko du: aztiak aliatu zaharrak eta berriak izango ditu alboan, baina baita etsai oso indartsuak ere. Multibertsoaren errealitate alternatiboak arriskutsuak dira, eta tartean etsai misteriotsu bat egongo da.

Trailerrak iragartzen du beste dimentsio batean murgiltzea dela filma ikustea. Zientzia fikziozko ekoizpen garestienen efektu bereziak ez dira faltako pelikulan. Pertsonaien artean, ez da ahaztu behar Wanda Marcimoff mendekatzailea-ren parte hartzea: kaosaren magia baliatzen du, eta telepatiaren bidez errealitatea aldatzeko gai da. Elizabeth Olsenek antzezten du rol hori.

Cumberbatch, boladan

Strange doktorearena egin zuen Benedict Cumberbatch Ingalaterrako aktoreak 2016ko lehen filmean, eta pertsonaia sartu duten Marvelen beste ekoizpen batzuetan ere han azaldu da. Fikziozko mundu horien zaleentzat, beraz, ezaguna da britaniarraren aurpegia —berriki agertu da, esate baterako, Spider Man: No way home arrakastatsuan—. Baina hori baino askoz gehiago egiteko gai da Cumberbatch, bere lan finek erakusten duten moduan: 2014an izan zen lehen aldiz Oscar sarirako hautagai, The imitation game filmari esker. Eta, aurten, saria merezi zuenen artean zegoen The power of dog-en egindako interpretazio paregabeagatik. Saririk gabe gelditu zen aktorea, baina kritikari ugarik goraipatu dute Jane Campionen western berezian egin duen lana. Marvel estudioek konfiantza dute Cumberbatchengan, eta litekeena da datozen urteetan superheroien film komertzialak bestelako lan interesgarriagoekin tartekatzea.

'DOCTOR STRANGE IN THE MULTIVERSE OF MADNESS'
Zuzendaria. Sam Raimi.
Aktoreak. Benedict Cumberbatch, Elizabeth Olsen, Rachel McAdams, Chiwetel Ejiofor.
Herrialdea. AEB.
Iraupena. 157 minutu.
Generoa. Superheroiak.
Estreinaldia. Maiatzaren 4an estreinatuko dute Iparraldean; eta maiatzaren 6an Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.