Maskotentzako hilerri «duinak»

Familiek beren animaliei amaiera duina emateko zuten beharrari erantzuteko sortu zituzten maskotentzako hilerriak. Galdamesko Gure Ametsetako Lorategia da Euskal Herriko handiena, 10.000 metro koadro baititu.

Gure Ametsetako Lorategia hilerriko hobi bat, Galdamesen. JOSU GALDAMES
Gure Ametsetako Lorategia hilerriko hobi bat, Galdamesen. JOSU GALDAMES
unai etxenausia
Galdames
2025eko abenduaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ilunabarrean, haritz zaharren itzalak estalita, argi txiki batzuk pizten dira Galdamesko mendi magalean (Bizkaia). Ez dira farolak, ezta Gabonetako apaingarri artifizialak ere. «Iluntzean hilobi batzuetan argiak jartzen dituztenean, berezia da benetan», esan du, irribarretsu,  Josu Galdamesek, lur zati hori bere bizitzako proiektu bihurtu duen gizonak. Arnasa sakon hartu, eta hunkitu egin da: «Jendeak behar du leku duin bat bere maiteak —maskotak, kasu honetan— uzteko». Hala sortu zen Gure Ametsetako Lorategia, Euskal Herriko maskoten hilerririk handiena.

2021ean ireki zuten Galdamesek berak eta Miguel Aguilar bazkideak. 10.000 metro koadroko naturgune batean antolatu dute, haritzez eta artez inguruaturik; 9.000 animaliarentzako tokia dute. Hilerri amerikar baten estilokoa da: metro koadro bateko eremuetan, harlauza bat jarri, hilarritxo bat, denentzako berdina, eta izenak ipinita. Dena lurrean, desoreka eta eskultura handirik gabe. Maila anitzetan bereizita dago egitura, hobiak sartzeko kaleak antolatzeko. Haietako bakoitzaren sarreran, Galdamesko eta inguruko mendien izenak jarri dituzte: Humaran gaina, Eretza eta Ubieta, besteak beste.

Galdameskoa bezala, familiek beren animaliei amaiera duina emateko zuten beharrari erantzuteko sortu zituzten maskotentzako hilerriak. Duela gutxi arte, maskota etxean lurperatu behar zen, edo albaitarien zerbitzuetan erraustu; jabeek ezin izaten zuten horretan parte hartu, eta ez zuten dolurako leku egokirik. Horixe sumatu zuen Galdamesek: «Gero eta pertsona gehiagok nahi dute beren maskotekiko afektua islatzen duen prozesu bat, doluaren zikloa modu sinboliko eta emozionalean ixteko».

 Ametsetako Lorategia, animalientzako hilerria. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Gure Ametsetako Lorategia, animalientzako hilerria. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Animaliek familietan duten lekua errotik aldatu da. Askorentzat ez dira jada abere hutsak: etxeko kideak dira, eguneroko ohituretan eta harreman afektiboetan erabat txertatuak. Horregatik, dolua modu «osasungarri eta duinean» bizitzeko tresna bihurtu dira hilerri horiek: azken agurra erritu eta esanahi emozional batez egiteko gune dira, eta aukera ematen dute ondoren bisitatzeko toki fisiko bat izateko. «Gainera, osasunaren eta ingurumenaren ikuspegitik, hilerriak alternatiba kontrolatu eta segurua dira», gehitu du Galdamesek.

Ikuspegi hori bera du Goizane Arze adituak; urte luzez txakurrak hezten aritu da. Haren hitzetan, eraldaketa sozial sakona gertatu da animaliekiko harremanaren garapenean: «Gaur egun, gero eta gehiago hitz egiten da animalien doluaz, eta oso egokia da aukera legal, duin eta segurua izatea. Maskotak familiako kide bihurtu dira, eta bisitatzeko gune bat edukitzea lagungarria da dolua osasuntsu bizitzeko».

«Osasunaren eta ingurumenaren ikuspegitik, hilerriak alternatiba kontrolatu eta segurua dira»

JOSU GALDAMES Gure Ametsetako Lorategia maskotentzako hilerriaren jabea

Arzek sarritan bizi izan du animalia maitatu baten galera. Heziketa fisikoan diplomaduna eta zaldi terapian espezializatua izanik, haren lanaren eta egunerokoaren parte bilakatu da animaliek sortzen duten lotura eta konfiantza hori. Baina txakurrekin du konexio sakonena. «Askok esaten dute: ‘Animalia besterik ez da’. Baina harremana oso berezia da maskotekin», esan du. «Txakurrek ez gaituzte epaitzen; gurekin daude, gure emozioetan laguntzen digute. Dolua gogorra izaten da, eta askok, agian, alternatiba moduan ikusten behar dute hilerri batera bisitan joatea, nork bere modura bizi baitu dolua».

Hain justu, Arzek aipatutako alternatiba gisa sortu zen Gure Ametsetako Lorategia. Egitasmoa martxan jartzeko prozesuan, tramite administratibo luzeak eta zalantza ugari gainditu behar izan zituen Galdamesek, hasieran ez baitzuen argi halako instalazio bat legez posible zen edo ez. «Zer egiten du hirietako jendeak maskota hiltzen zaionean?», galdetu zion bere buruari. Baserrian bizi da bera, eta beti topatu du animaliei agur duina emateko modua; hiriguneetan, ordea, prozedura «askoz zailagoa» dela ikusi du.

Indarrean dagoen araudiak berariaz debekatzen du maskotak lurperatzea lurzoru publikoan zein pribatuan, kutsadura arriskuak eta gaixotasun kutsakorren hedapena eragozteko. Horregatik, errausketa da, gaur-gaurkoz, etxeko animalientzako legezko irtenbide ohikoena, eta maskotentzako hilerriak dira legezko alternatiba bakarra.

Egoera ikusirik, hutsunea bete eta Gure Ametsetako Lorategia sortzea erabaki zuten. Jabeak zehaztu du sekula ez dutela etekin ekonomikoa bilatu: «Hau ez da negozio errentagarri bat; jendeak behar duen zerbitzu bat ematea da gure xedea».

Doluaren errituak

Izaki bizidunen errituen garrantziaren gaineko gogoeta sakona eginarazi dio gaiak Arzeri. Ezkutatu gabe mintzatu da bere esperientziaz: «Errituak behar-beharrezkoak dira. Dolua bakoitzak bere modura bizi du, baina erritu batek lagundu egiten du esker ona adierazten. 11 urterekin izan nuen lehen txakurra, eta ordutik hor egon dira nire bizitza osoan. Gauza asko erakutsi dizkidate». Hark beti idazten die agur moduko gutun bat, eskerrak emateko. Gizakiekin barneratuta dago errituak egitea, baina animaliekin, oraindik, ez.

«Dolua ez da lineala, eta, maskota batekin edo bestearekin, ez da berdina izaten. Bakoitzak ezberdin bizi du»

GOIZANE ARZE Txakurren hezitzailea

Arzek bi modutara bizi izan ditu azken agurra edo hileta deritzen erritu prozesuak: hasieran, maskota lurperatuta; gero, erraustuta. «Batzuetan, errautsak etxean gorde izan ditut; beste batzuetan, berriz, nonbaiten bota... Egoera bakoitzaren arabera», azaldu du. Haren hitzetan, ez dago dolua bizitzeko modu zuzen edo okerrik; bakoitzak bere erritmoak eta beharrak ditu. «Dolua ez da lineala, eta, maskota batekin edo bestearekin, ez da berdina izaten. Bakoitzak ezberdin bizi du», gehitu du.

Doluaren parterik gogorrena igaro ondoren, Arzek aurkitu izan du nola jarraitu oroitzapenari eusten, minik gabe baina lotura eta lasaitasuna ekartzeko moduan. Denborarekin, familiak osatu du falta diren animaliekin konektatzeko modu propio eta sinboliko bat, denen artean sortutako erritual txikia eta egunerokoa bihurtu dena. «Umeekin harriak margotu ditugu, argazkiak jarri ditugu... Txoko txiki bat dugu animaliak oroitzeko», kontatu du, irribarre samur batez.

Galdamesko hilerriko hobi batzuk. JOSU GALDAMES
Galdamesko hilerriko hobi batzuk. JOSU GALDAMES

Urteetan izandako konplizitatea, jolasa eta isiluneak gogorarazteko balio die gune horrek. Arzerentzat horrelako guneek balio sakona dute: dolua amaitu ondoren ere maitasuna ez dela desagertzen erakusten dute. «Erritu txiki horiek laguntzen digute hori gogoratzen eta onartzen. Oroitzapenak lantzeko eta emozioak adierazteko modu eroso eta sortzailea dira; dolua normalizatzen laguntzen dute», azaldu du. Hileta errituek, beraz, ez dute soilik agur esateko funtzioa, sinesmen erlijiosoetatik harago doaz: familiaren parte izan den animalia horren arrasto emozionala «modu osasuntsu batean» txertatzen laguntzen dute.

Biak jakitun dira gero eta etxe gehiagotan animaliek duten garrantziaz. Errausketa kolektiboa eta antzeko praktikak askorentzat hotz eta urrun geratzen direla uste dute. «Garrantzitsuena da familiak agur duina egin ahal izatea, eta gero jakitea non dagoen bere animalia», azaldu du Galdamesek. Arzek borobildu du erantzuna: «Animaliekin sor daitekeen lotura berezi hori epaitzen dutenek ez dute maskotarik izan. Baina gaur egun gero eta gehiago zaintzen dira, familiako kideak dira».

Gizakiek betiereko atsedenleku bat duten bezala, Galdamesko hilerria dute animaliek. Oroitarazteko gunea da; dolua hor dago, baina baita bakea ere. Lagun izan diren izaki horiek merezi duten atsedenlekua da: azken etxetxoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.