2018an, Open Arms itsasontzia Burrianako (Castello, Herri Katalanak) portu txikira heldu zen, eta gizarte mugimenduetako jendea laguntzera joan zen. Ontzitegia dago han, konponketak egiteko. Horren ostean, Mediterraneora erreskate lanetara zihoazen itsasontzi gehiago heldu ziren, hainbat herrialdetakoak. Boluntario taldea indarra hartuz joan zen, eta 2021ean estatutuak erregistratu zituzten, eta L'Aurora Grup de Suport sortu. Ehun bat boluntariok osatzen dute L'Aurora, eta Irina Dragomir (Buzau, Errumania, 1981) eta Vicent Aleixandre (Valentzia, 1978) dira bozeramaileak. Iruñeko Katakrak argitaletxearekin eta Irungo Harrera Sarearekin dute harremana. Joan den astean, Basauriko (Bizkaia) Txarraska gaztetxean aurkeztu zuten proiektua.
Zein da zuen eginkizun nagusia?
IRINA DRAGOMIR: Ontziak mantentzeaz gain, denetarik egiten dugu, hala nola tripulazioko pertsonak ostatuarekin lagundu edo medikuarengana joan.
VICENT ALEIXANDRE: Hasieran, gizarteko sektore batzuen gaitzespena izan genuen. Eskuin muturraren presentzia dago han, eta gorantz doa Voxekin. Haien diskurtsoen aurka egiteko, aliantza sortu dugu tokiko saltokiekin, zuzenean itsasontzietan zerbitzatu dezaten. Herritarrek proiektuari buruz ondo hitz egiten dutenez, gure lana kriminalizatzen saiatzen direnek presioa jaitsi dute.
Zergatik ailegatzen dira hainbeste itsasontzi Burrianako portura?
ALEIXANDRE: Portuak ez du portu agintaritza propiorik, eta ez du kontrolik sartzeko eta irteteko. Gainera, inguruan sortu diren laguntza sareek oso erakargarria egiten dute. GKE guztiek leku berean bat egiten duten lehen aldia da.
Ikasketa eta Sentsibilizazio Zentroa sortu duzue. Zertarako?
ALEIXANDRE: Hezkuntza komunitatearentzat egindako tresna da, itsasontziek egiten dutena ezagutarazteko dinamikak sortzeko. Gorroto diskurtsoa nagusitzen ari da gizartean, batez ere gazteengan. Diskurtso horri aurre egin behar zaio.
Beste proiektu batzuk badituzue?
DRAGOMIR: Artistas al rescat proiektua. Valentziako hainbat artistak ekarpena egin nahi izan dute, eta lamina bat eman digute dohaintzan. Bizikletekin beste proiektu bat daukagu. Ontziak iristen direnean, bizikleta batzuk jartzen ditugu haien eskura, herrian mugitzeko.
Zer eragin du honek guztiak tokiko ekonomian?
ALEIXANDRE: Bi urtean, ontzitegiaren enpresaren langile kopurua bikoiztu egin da. Italian kontrolak egiten dituzte ontziek nabigatu ez dezaten, autoaren IAT kontrolaren antzekoak. Konponketak egitera behartzen dituzte, baina Italiak ez die uzten ontziei bere portuetan konponketak egiten. Horregatik, gure herrira etorri behar dute.
Zer harrera dauka taldeak Burrianan?
DRAGOMIR: Batez ere, gu gara hor gaudenak. Gure maitasuna ematen diegu, iristen direnean etxean egongo balira bezala egon daitezen.
ALEIXANDRE: Baina herriak ez du oso harrera ona egin. Gehienei berdin zaie, eta badago gure kontra egin nahi duen jendea; adibidez, Vox.
Zer harreman duzue agintariekin?
ALEIXANDRE: Ahalik eta inplikaziorik txikiena daukagu politikariekin, badakigulako politikari bati fabore bat eskatuz gero zerbait eskatuko digula bueltan. Hauteskundeak datoz, eta politikariak etorri dira proiektua ikustera. Urriaren 15etik aurrera argazkietan ateratzera etortzen den politikariak uretan amaituko du. Ez dugu gure proiektua manipulatzerik nahi.
Nola ikusten duzue etorkizuna?
ALEIXANDRE: Ez dut uste aldaketarik egongo denik. Gure sistema osoa aldatu beharko litzateke, eta herrialde horiek agortzeari utzi, baina kapitalismoak ez du onartuko. Jende asko itsasoan hiltzen da, baina jende gehiagok galtzen du bizia basamortuan, edo pertsonen salerosketan sartuta dago. Hor egon beharko genuke, baina Europak ez du ezer egin nahi. Europak bere enpresek haien lurretan negozioak sortzen jarraitzea besterik ez du nahi.
Egoera okertu daiteke Italiaren gobernu berriarekin?
ALEIXANDRE: Aurreikusi genezakeen hauteskundeetako emaitza. Salvini barne ministro izan zenean, pertsonak kriminalizatzen saiatu zen, baina Poliziak prozesu judizialak egin zituen haren aurka. Italiak erreskatatutako jendea itsasoan mantentzen du, portu segurua esleitu gabe. Tentsio egoerak sortzen dira ontzian. Pertsona batzuek lau miliatara dagoen lurra ikusten dute eta salto egiten dute igerian joateko. Europako auzitegiek diote Italiak ezin duela hori egin, eta egiten jarraitzen du. Egoera aldatu arte, guk bertanjarraituko dugu.
ATZEKOZ AURRERA. Vicent Aleixandre eta Irina Dragomir. L'Aurora erakundeko kideak
«Mediterraneoko egoera aldatu arte, guk bertan jarraituko dugu»
Mediterraneo itsasoan salbamendu lanetan aritzen diren ontziak Burrianako portura joaten dira mantentze lanak eta konponketak egitera. Han sortu dute boluntarioek L'Aurora Grup de Suport.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu