25 urte bete dira aurten Ezpeletako (Lapurdi) piperraren jatorri izena sortu zela, piperraren ekoizpena arautzeko asmoz. Ramuntxo Lekuona izan zen sortze horren parte hartzaileetako bat. 25 urteen bilan gisa, uste du ekoizpenak bilakaera ona izan duela oro har: «Sekula ez genuen uste izan puntu horretara iritsiko ginenik». 1990eko hamarkadaren hasieran, Lekuonak kontatu duenez, Ezpeletako piperra eta ekoizleak desagertzear ziren, baina, aldi berean, produktuak «fama» zuenez, zerbait egitea erabaki zuten. «Agertzen hasi ziren han-hemenka iruzur batzuk, Ezpeletako piperra izendapenarekin saltzen zutenak». «Kezkatzen» hasi ziren, eta pentsaketari ekin zioten. 1993an, sindikatu bat sortu zuten, eta dinamika horrek jatorri izena sortzea ekarri zuen.
«Zerbait egin behar zen Ezpeletako piperra babesteko. Antolatu ginen poliki-poliki; eta pentsaketetan hasi ginen, jatorri izen batera buruz joateko». Sor-marka eratzen ari ziren bitartean, laborariak, pixkanaka-pixkanaka, piperra egiten hasi ziren berriz. Denen abiatzea laguntzeko, denen materiala elkartu zuten eta formakuntzak egin zituzten... Behin izendapena lortu zutela, arauak, eremuak, kantitateak... finkatu behar zituzten; sor-markaren barnean errespetatu behar ziren irizpideak trenkatu behar zituzten.
Panpi Olaizola Ezpeletako piper ekoizlea da, eta gaur egungo sor-markaren lehendakaria. Esplikatu du jatorri izena sortzen zutelarik izan zela trabarik handiena, bide luzea izan zela. Halere, arauak finkatzerakoan, hainbat eztabaida izan ziren landatze eremuei zegokienez, bereziki: «Batzuek nahi zuten piperra Ezpeletan baizik ekoiztua izan zedin. Ez zen posible. Batzuek badutena beretzat bakarrik atxiki nahi zuten. Baina, azkenean, ez zuen luzaz iraun. Eremuak handitzea erabaki zen». Orotarat, Lapurdiko hamar herritan ekoizten da Ezpeletako piperra: Ezpeleta, Larresoro, Haltsu, Jatsu, Uztaritze, Senpere, Itsasu, Kanbo, Zuraide eta Ainhoan.
Arauak finkatu
«Sor-markak, orokorrean, badu berme bat: kalitatezko produktu bat ekoizten dugula, araudi zorrotz bat errespetatzen duena. Hori da oinarrizko bermea. Horregatik, jendeak konfiantza du guregan», azaldu du Olaizolak. Lekuonak esplikatu du sor-markak egiazko «identitate» bat eman ziola bertako produktu bati: «Definitu ahal izan genuen zer den Ezpeletako piperra, eta, beraz, kalitate onena bermatu. Biziki inportantea izan zen».
Piperraren arloan ekarpenak izan direla uste dute bi ekoizleek, baina baita laborantza munduan ere. «Laborantza munduari egin ekarpena ez da ttipia izan, urrundik ere. Ekonomikoki, eta baita sozioekonomikoki ere, handia izan da sor-markak ekarri duena: instalazio anitz izan dira 25 urteotan; badira laborari ttipiak egon direnak, baina baita handiagoak bilakatu direnak ere».
Sor-markak ekoizleen lana arautzea du helburu nagusia. Olaizolak azaldu duenez, arauak sustut administratiboak dira: ekoizleka zenbat piper biltzen ahal den, zer lurretan, noiz idortu, noiz xehatu, noiz landatu, eta abar. Arauak finkoak eta «zorrotzak» badira ere, alda daitezkeela erran du; adibidez, uraren erabilpenari buruzko eztabaidak badituztela azken aldietan. «Piperra ureztatzen ahal da landatu ondoko hilabetean. Gero ezin da gehiago, ustez hemengo piperra bere klima egokian baita. Ondorioz, ez du ur gehiagorik behar. Baina azkenaldiko klima aldaketaren ondorioz, hori jadanik ez da egia. Hori dugu berrikusteko».
Beste arau batzuk aipatu ditu: adibidez, ekoizleek itxoin behar dute piperra gorri-gorria izatea bildu aitzin, edo landarea idorrarazten utzi behar dute hautsa egiteko; bi aste itxoin behar dute labera sartu aitzin. Ekoizpenari dagokionez, kopuru zehatzak ere errespetatu behar dituzte: «Hasieran bazen jende bat anitz ekoiztu nahi zuena; beraz, mugatu nahi izan da, ez sobera industrializatzeko, eta naturalki ekoizteko».
«Hasieran bazen jende bat anitz ekoiztu nahi zuena; beraz, mugatu nahi izan da, ez sobera industrializatzeko eta naturalki ekoizteko»
PANPI OLAIZOLA Piper ekoizlea eta izendapenaren lehendakaria
«Entseatzen gara hastapenetik borrokatzen beti dugun kalitate heina mantentzea. Batzuek, beharbada, nahiko lituzkete ahuldu edo arindu, baina momentukoz manera horretan lortzen dugunez, zorroztasuna atxikiko dugu. Desafioa geroari buruz ez da gauzak erraztea edo ahultzea. Lana da, ez da beti erraza, baina epe luzean horrek bere emaitzak ekarriko ditu». Ber iritzia du Lekuonak, piperra egiteak lan anitz eskatzen duela uste duelako: «Ez da lan erraza. Gainera, badira gastu anitz, eta horrek beldurtzen ahal du hasteko. Baina badira hasiberriak ongi lortzen dutenak».
Egun, berrehun ekoizle badira. Baina azken bi urteetan izan da beherakada bat ekoizleei begira. Ekoizleak gutitzen ari dira, eta, Olaizolak zehaztu duenez, lehen aldia da desmartxa hasi denetik beherakada gertatzen dela: «Apaltzen hasi da. Baldintza gero eta gogorragoak dira: baldintza klimatikoak, nekea... Nahiz eta ez den seinale ona, oraindik egoera ez da hain kezkagarria, baina bai, senti da aldaketa bat».
Pentzetik marrazkira
Euskal Herriko herri eta hiri turistiko denetan ikus daiteke Ezpeletako piperra, baina ez murruetan zintzilikatuak edo janari dendetan: galtzerdietan, katiluetan, bainujantzietan, oihaletan... Azken urteetan, Ezpeletako piperra, jakia baino gehiago, irudi turistiko eta marketin irudi bilakatu da leku anitzetan.
«Hasieran polita izan zitekeen», erran du Olaizolak. Esplikatu du fenomeno berbera izan zela ardi latxekin, «denetan» bazirela, denda turistiko guztietan. «Uste dut, euskaldunek erabiltzen dugun ikurra bada, harro baikara gure laborantzaz, gure hazkuntzaz, polita dela. Baina turistikoa bilakatzen delarik, ez du deus ekartzen hemengo kulturari, hemengo ekoizpenari. Piperra turistikoa baizik ez dela erakusten du». Piperra marketin produktu bilakatu izanak ekoizleek eta laborariek egiten duten lana gordetzen eta ezabatzen duela uste du Olaizolak.
«Batzuek ulertu dute irudi horrekin sos anitz lortzen ahal zela, katiluetan, plateretan, kamisetetan... Berez, nahi dutena egin dezakete, baina Txinan egindako produktuak dira. Gure piperra ez da Txinan egina, hemen egina da». Piperra ez ezik, lauburuak, gasna eta beste hainbat ikur aipatu ditu Olaizolak; Ezpeletako piperra ez da erabilia izan den lehen ikurra, eta ez da azkena izanen.
Halere, nahiz eta ez duen positiboki ikusten, ez du uste hain «kaltegarria» denik. «Piperraren irudia denetan emateak ez dio onik egiten, baina horrek ez du kentzen gure merkatua martxan dela. Gure piperra saltzeko laguntzen du, hein batean».
Lekuonak ez du hain zorrozki ikusten egoera: «Hedabideek eta dendek irudi hori hedatzen dute. Gertatzen diren gauzak dira. Guti iraunen duen zerbait da. Ez dut uste hain kaltegarria denik, salbu ez bada ongi erabilia». Gainera, positiboki ikusten du gertatu den eboluzioa. «Gorabeherak izan badira eta izanen badira ere, hasieran sekula ez genuen usteko berrehun bat etxaldek piperra ekoiztuko zutela. Espero dugu horrela segitzea».