Euskal Herriko inauteri ezagunenetarikoa da Lantzekoa (Nafarroa). Kultur ondare ere izendatua du Nafarroako Gobernuak, eta turista mordoa biltzen du beti. Festa egun handia da herrian. Urteko handienetariko bat, dudarik gabe. Aspalditik dator ohitura, eta urtero odol berritzen dute herritarrek Mielotxin izeneko gaizkilearen aurkako epaia eta haren exekuzioa. Mendeak ditu hura erretzeko pizten duten suak. Baita haren inguruan dantzatzen den zortzikoaren urratsek ere. Garai batekoak dira, baita gaur-gaurkoak ere. Atzokoak, zehazki.
Igandean hasi ziren inauteriak herrian, eta asteburu osoan igarri da festa giroa. Ostatu, kale eta etxeetan ohi baino jende gehiago. Hala izaten da. Jana eta edana ere soberan, eta giro ona nagusi. Asteartea da, halere, Lantzen egun handia. Orduan ikusten da inauteria bere osotasunean. Pertsonaia guztiak eta epai ondoko sua: Mielotxin, Ziripot, Zaldiko, Arotzak eta txatxuak. Eskolarik ez duen haur bat baino gehiago izututa, haiei begira, kale bazterretan, gurasoen besoen bila, laguntza eske.
Atzo euririk ez zen izan, eta jendetza bildu zen herriko kaleetan goiz-goizetik. Gero eta gehiago eguerdia iritsi ahala. Orduan egiten da lehen irtenaldia, eta iluntze aldera bigarrena. Ostatuko sabaian erdi ilunpetan, Ziripot zaku eta lastoz jantzi, eta herriari buelta eman zioten bazkalaurrean pertsonaia guztiek. Bere rolean bakoitza. Oihuka, zarataka, eta zirikatzaile txatxuak, Ziripot lasto artean poliki ibilian, Ziripoti bultzaka Zaldiko, arotzak hura harrapatu eta haren oinak ferratzen, eta Mielotxin herritarren haserreari ihes egin nahian edo. Jira eta dantzan. Ostatura buelta, eta bazkaria gero.
Iluntze aldera, berriz ere herriari buelta. Herriko kaleetan gora eta behera bigarrenez herritarrak zapiak aurpegian, isatsak eskuan. Oihuka eta zarataka. Zilipurdika. Mielotxin berriz ere ihesean. Alferrik oraingoan. Azkenean, txatxuek harrapatu, eta plazara eramaten dute beti. Atzo ere bai. Epaia egin, errudun zela ebatzi eta exekutatu. Tiroz hil zuten, urtero bezala, eta su eman zioten gero. Haren inguruan aritu ziren herritarrak ondoren zortzikoa dantzatzen. Eta azken urrats horiekin akabo inauteriak. Aurtengoz, behintzat.
Ezarian. Inauteriak
Mendeak dituzten urratsak
Nahasian ibili dira Lantzeko kaleetan gora eta behera kanpoko bisitariak, txatxuak, Ziripot, arotzak eta Zaldiko; inauterietako egunik handienean, Mielotxin harrapatu, epaitu eta exekutatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu