Txistuaren munduan izen handia da Isidro Ansorena (Hernani, Gipuzkoa, 1892-Donostia, 1975). Donostiako Udal Txistulari Bandaren zuzendaria izan zen, eta bandetan jotzeko mila konposizio inguru sortu eta bildu zituen. Hark sortutako piezekin ibilbide musikatu bat egiteko asmoa zuten aspaldian Hernaniko txistulariek. Gaur bete dute guraria hamabost txistularik, hainbat herritarren konpainian, Ansorenak Hernaniko toponimiari eskainitako doinuak joz, eta propio aukeratutako geldiuneak eginez.
Hernaniko Musika Elkartearen eskutik, Leire Goñi izan da gidari. Txistua jotzen ere badaki, baina hizketako rolean dabil: «Hasierakoa izan da lehena, txistularien artean biribilketa ezaguna». Gudarien plazatik abiatu dira Lizeaga auzoko belaze batera. Han Pipirita jo dute. «Pipirita baserria Elizatxo auzoan zegoen, hemen, bizkargune batean. 2006an eraitsi zuten».

Bidean txistulari gazteak badira. Baita bizitza osoan txistulari izan direnak ere; haien artean, Patxi Apezetxea hernaniarra. 81 urte ditu. «Oso ideia polita izan da hau antolatzea. Isidrok hainbat doinu egin zituen inguruko baserrien izenekin, eta hura gogoratzeko aukera ezin hobea da hau. Oso polita da belaunaldi desberdinetako txistulariak hemen elkartzea».
Eva Igarriz eta Garbiñe Tijero ere ez dira gaur hasitakoak txistu kontuetan. «Ematen du txistulariok aretoetan eta herriko festetan bakarrik jo behar dugula. Baina hortik ateratzen da ibilbide hau, nobedadea da, eta oso ekinaldi polita iruditzen zait. Harrigarria, aldi berean», azaldu du Tijerok, mendian gora doala. 51 urte dira Tijerok lehen aldiz txistua kalean jo zuela. Igarrizek dio 42 urte direla jotzen hasi zela. «Gehixeago», zehaztu dio Tijerok. Biek nabarmendu dute transmisioa badela, Hernaniko Musika Eskolak bultzatuta. Iñaki Eguren irakaslearen izena goraipatu dute —hark Juan Mari Beltran izan zuen maisu—.
Joxe Ansorenaren doinu bat
Hilerriaren sarreran, Isidro Ansorenaren doinu bat ez, baizik eta haren anaia Joxerena jo dute: Urte berri goiza. Azalpenetan ari da Goñi: «Urtero Urteberri egunean jotzen den pieza da». Hain zuzen, Ansorena kalean dira denak. Hilerri horretan dago lurperatuta Isidro Ansorena bera.
Santa Barbara mendirako bidea hartu dute denek, erritmo lasaian. Urnietako muga oso gertu da. Aritzalde pieza jo dute, han den baserriaren omenezkoa. «Haritzez inguratutako eremua zen hau», kontatu du Goñik. Martiku kontrapasa —hori ere baserri baten omenezkoa— Joxe Ansorenaren hiru birbilobek jo dute, Andoni Arzallus atabalariaren laguntzaz. Ansorena abizeneko belaunaldi berriko txistulariak dira Jon, Idoia eta Elixabete, Joxe Ansorenaren birbilobak. Maldan gora doaz, «ilusioz eta pozez», lagunartean. «Gauza berriak ere ari gara deskubritzen», esan du Idoiak. «Giro sanoa sortu da. Ezagutzen ez genituen txistulari batzuk ere elkartu dira. Eta ederra da Isidro Ansorenaren hain ezagunak ez diren doinu batzuk jotzeko aukera izatea», azaldu du Jonek. Elixabetek «errepikatzeko moduko» ibilaldia dela uste du. «Berriz egingo dugu».
Irrintzi bat entzun da Santa Barbaran
Ibilbideko laugarren geltokia Santa Barbarako harkaitzean egin dute. Haritz Ezeizak, Manex Zabaletak eta Patri Arozenak Harrikarte suita jo dute; Iñigo Arzallus atabalaria, alboan. Handik dabiltzan herritar batzuk harrituta pasatu dira ondotik. Lau piezaz osatuta dago suita, eta Goñik gogoratu du Jose Ignazio Ansorenak moldatu dituela. Irrintzi bat entzun da mendian, Mirentxu Egizabalen ahotsean.

Isidro Ansorena zenaren biloba da Jose Ignazio Ansorena, eta nabari zaio pozik dagoela. «Aitonak dohainak zituen doinu dotoreak eta erakargarriak egiteko. Nahiz eta Donostian gustura zebilen, beti oso hernaniar sentitu zen. Ofizioz igeltseroa zen, eta inguruko baserri guztietan ibiltzen zen obrak egiten». Isidro, harentzat, aitona izateaz gain, aita pontekoa eta txistu irakaslea ere izan zen. «Dena ikasi nuen harekin», dio Donostiako txistulariak —tarteka iritzi artikuluak idazten ditu BERRIAn—. Gaineratu du Hernaniko txistulariak ez direla edonolakoak: «Ekin egiten dute, ez dira hodeietan ibiltzen». Ekitaldia zein ongi antolatu duten goraipatu du.
Gero, Lasarte-Oriako lurretan sartu dira. Maldan behera, Zaltzate baserrira iritsi dira: Isidro Ansorenaren ama jaio zen baserrira. Kontrapasa dantzatu dute Jose Ignazio Ansorenak berak, Udane Eskuderok eta Manex Zabaletak. Zaltzate fandangoa eta Sorgintxulo arin-arina jo dituzte txistulariek —Goñik azaldu du aspaldi eraitsi zuten baserri bat bazela han gertu, Sorgintxulo izenekoa—. Eta amaitzeko, Nire herriko jaiak biribilketa jo dute. «Sanjoanetarako sortu zuen Isidro Ansorenak», gogoratu du Goñik. Sanjoan bezperarako. Gaur egun ere jotzen dute.

Antton Garin hernaniarrak bi bertso kantatu ditu. Zaltzate baserriko nagusietako bat da Antonio Eleizegi, eta zeharo hunkituta dago. «Guretzat oso hunkigarria da hau. Ez genuen halakorik espero». Hamaiketakoa ere bada baserri atarian. Elutxeta sagardotegian jarraitu dute gero. Datorren ostiralean, San Isidro eguna.