MENDIA. ESPEDIZIOAK. Pedro Garcia Katmandutik Zaragozara eramango dute, izozte txikiekin

Edurne Pasaban, Asier Izagirre eta Alex Txikon gaur iritsiko dira etxera; ongietorria prestatu diete Tolosan, bihar

Donostia
2010eko maiatzaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pedro Garcia ordiziarra, Josu Ortubai gasteiztarra eta Alfredo Garcia espainiarra atzo eguerdian iritsi ziren Katmandura, gaua Txina eta Tibet arteko mugan pasatu ondoren. Iritsi bezain pronto joan ziren ospitalera, eta bertan egin zizkieten mediku azterketak. Mendizaleak onik daude, baina Pedro Garciak izozteak ditu eskuetako hatzetan. Everestetik jaitsi eta beheko kanpalekuan egin zizkioten lehenengo azterketen emaitzak berretsi zizkioten ordiziarrari. Haren senideak aseguru etxeekin harremanetan dira, eta mendizalea ahal bezain pronto Zaragozako (Espainia) ospitalera eramango dutela jakinarazi zieten. Gauzak horrela, datozen egunetan iritsiko da mendizalea Zaragozara.

Ongietorri eta omenaldiak

Euskal Herrira gaur helduko dira, bestalde, Edurne Pasaban, Asier Izagirre eta Alex Txikon. Al filo de lo imposible espedizioko kideak asteazkenean iritsi ziren Madrilera, eta gaur hartuko dute etxerako bidea. Gipuzkoako Aldundiak gaur bertan egin asmo die ongietorria mendizaleei, eta Tolosako Udalak bihar eguerdirako prestatu du harrera ekitaldia. Plaza Zaharrean bertsoak, kantuak eta musika izango dira Pasabanen eta Izagirreren omenez, eta handik Udaleko balkoira igoaraziko dituzte herritarrak agurtzera. Ezusteak iragarri dituzte antolatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.