Araotz Gipuzkoako bailararik ezkutuenetako bat da, eta bertan jaio zen Lope Agirre, Hego Amerikako esploratzaile eta konkistatzailea. Santa Kruz apaizaren gerrillarien babesleku izateaz gain, Espainiako gerra amaitzean kontrabandisten igaroleku bihurtu zen. Ibilbide honetan, Andartoko begiratoki apartatik Urbia txiki esaten dioten Degurixako paraje ederren ikuspegi zabalaz gozatu dugu, eta Orkatzategiko gailurreko talaiatik ikuspegi paregabea izan dugu aurrez aurre. Bukatzeko, Aitzuloko leihoak ezagutu ditugu, zeintzuek mendia alde batetik bestera zulatzen baitute.
Oñatitik (Gipuzkoa) Arantzazura doan bidea hartu (GI-3591), Uribarri auzoa pasa, eta lehen bidegurutzean eskuinera hartuko dugu (GI-3592). Jaturabera jaitsi, eta Araotzeraino jarraituko dugu; Elizalde auzoan dagoen elizan hasiko dugu gaurko ibilaldia. Errepidetik gorantz egin dugu, eta berehala heldu gara Aizkorbe baserriaren ondora, eta bertan ondo zaindutako ikuztegi bikain bat dago. Bidegurutzean ezkerreko bidea hartu dugu, eskuinekoak Orkatzategi aldera darama-eta. Laster beste bidegurutze batekin egin dugu topo; beherantz egin arren, ezkerrekotik egin dugu aurrera. Hurrengoan, berriz, gorantz jo dugu. Ubidearen gainetik pasa ondoren, pista zabala jarraitu eta Garabieta izeneko inguruan, pista utzi eta xenda jarraituz Ezateko lepora igo gara. Atseden txiki bat hartu ondoren, xenda utzi eta tontorrera jo dugu.
Andarto
Lapiazean zehar, bide jakinik gabe baina betiere arriskurik gutxien duen ingurua aukeratuz (bustita dagoenean labainkorra egoten baita), erraz iritsi gara Andartoko tontorrera. Aloña eta Aizkorriko mendilerro luze eta ederra, Elgeako haize erroten ilara zatarra eta Degurixa haren magalean ezkutaturik dagoen bailara paregabea dira gure gaurko lehenengo postala osatzeko ditugun elementurik garrantzitsuenak. Hamaiketakoa egiteko leku aproposa.
Orkatzategi dugu hurrengo jomuga, eta horretarako, lehendabizi Degurixa aldera jaisten hasi gara, igotzeko erabili dugun bidearen paraleloan hasieran jaitsiz, baina gero aldendu egin gara, gure urratsak zelai aldera zuzenduta. Gure ezkerrera saroiak utzi, eta Kontrastako lepora igo, gara pista zabalari jarraituz. Degurixari bizkarra eman, eta Urbaltza aldera jaisten hasi gara. Gas hodiaren seinalea ikustean suebakitik jaitsi gara, eta bailararen beheko aldera iritsi gara. Pistari jarraituz gero, Urkuluko urtegira jaitsiko ginateke; horregatik, baserri berezi (cowboyen pelikuletako modukoa) baten gainetik ateratzen den xenda estuari heldu diogu Santakruz baselizara heltzeko. Baselizaren atarian dagoen bankuan eseri eta Araotzeko bailarari begira geratu gatzaizkio. Gertu Orkatzategiko bizkarra eta tontorra.
Orkatzategi
Baseliza atzean utzi eta Orkatzategi aldera jo dugu, bide nabarmen bati jarraituz. Urtapotoluetako trikuharri eroriaren ondotik pasa gara. Bide leuna pixkanaka gogortzen hasten da, eta gailurrera gerturatzen gindoazen heinean, abiadura moteldu behar izan dugu, azken aldapa motza baina bizia da eta. Arnasa estutu eta iritsi gara gailurrera. Merezi izan du ahaleginak, gaurko gure bigarren postala osatzeko osagarriak aurkitu ditugu. Mendia hemen bukatzen dela dirudi, Urkulu aldera guztia amilduko balitz bezala, eta honen inguruan herriak, auzoak eta baserriak barreiaturik. Nolako gozamena! Motxilak lurrean laga, eta talaia paregabe honetatik gertuko zein urrutiko paraje eta mendiak identifikatzen eman ditugu hurrengo minutuak.
Aitzulo
Abiapuntura itzultzeko ordua da, motxilak bizkarreratu eta maldan behera jarri gara. Berehala iritsi gara Aitzgaineko (Araozta ere esaten zaio) urtegi txikiaren ondora. Hemendik aurrera, uraren ibilbideko (PR-GI 102) seinale zuri eta horiei jarraitu diegu Aitzulora heltzeko. Harri eta zur geratu gara haizeak eta urak zizelkatu dituzten formak ikustean. Barruko bazterrak arakatu , bidera itzuli eta markei jarraituz Zubia auzora jaitsi gara. Ugaran auzora segidan, eta azken aldapari helduz, abiapuntura.
Mendi ibilaldia
MENDIA. IBILBIDEA. Andarto eta Orkatzategi artean
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Gipuzkoa
- Zailtasuna: Ertaina
- Tontor eta leku izenak: Araotz, Andarto, Santakrutz, Orkatzategi, Urtapotolueta
- Distantzia: 14,5 km.
- Iraupena: 3 ordu eta 35 mn.
- Ingurunea: Araozko Elizalde auzotik abiatuko gara oinez, eta Degurixako 'Urbasa txikia' eta mendia alderik alde zulatzen dituzten Aitzuloko leihoak ezagutuko ditugu.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu