Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Sandratiren zaindariak

IMG 3205
MENDIA. IBILBIDEA. Sandratiren zaindariak.
  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Otzaurte, San Adrian, Sancti Spiritu, Pagazulueta, Aratz, Lizarrate, Sandrati, Aizkorri
  • Distantzia: 13,5 km.
  • Iraupena: 3 ordu eta 45 mn.
  • Ingurunea: Mendeetan, erregeek, artzainek, merkatariek eta erromesek erabili duten igarobide ezagunaren inguruan testigantza historiko asko aurkituko ditugu.
  • Estekak: Ibilbidea
mikel arrizabalaga
2010eko apirilaren 9a
00:00
Entzun

Sandratiko haitzuloa, Lizarrate harkaitzaren bihotzean, Aizkorri eta Aratz mendien zainpean dagoen tunel edo pasabide naturala da. Errege galtzada zaharrean eta aldi berean, Santiago Bidean dagoen bide horrek Goierriko harana eta Arabako lautada lotzen ditu; beraz, Gaztela eta Europa arteko komunikabide garrantzitsua izan da betidanik. Elezaharrak dioenez, behin Karlos V.a Sandratiko haitzulotik igaro zen. Horrek ez omen zuen sekula inoren aurrean burua makurtu, baina Sandratiko atakan zaldiz zihoala, Araba aldeko irteera oso garaiera txikikoa izanik, bertako gotorleku zaintzailearen aurretik pasatzean, burua makurtu behar izan zuen.

Sancti Spiritutik Aizkorrira

Zegamatik (Gipuzkoa) edo Altsasutik (Nafarroa) Otzaurtera doan errepidea hartu eta izen bera duen bentara iristean bertatik ateratzen den porlanezko pista jarraituta iritsiko gara aterpera, eta San Adrianera igotzeko bidearen ondoraino. Autoei bidea eragozten dien burdinazko langa pasatu eta berehala, eskuinera, garai batean mikeleteen etxea izan zen tokira heldu gara. Parez pare dugun aldapa pikoari heldu diogu, eta berehala iritsi gara Sancti Spiritu baselizaren ondora. Garai batean, erromesentzat ospitale izan zen ermita hori txikia da, eta, leku hori tenplarioekin lotu arren, ez zaio atzematen militarren aztarnarik.

Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren ibilbidea seinalatzen duten borobil horiak jarraituz aurrera egin dugu. Laster, aldapa gogortu egin da, eta horrek gure erritmoa moteldu du. Tarteka geldialdiren bat egin eta balkoi natural honetatik Zegama aldera dagoen panoramikaz gozatzeko beta hartu dugu. Basotik atera eta gure gainean, haitz zorrotz batetik eskegita Aizkorriko Gurutze Santuko ermita ikusi dugu. Aiztontor Altuaren magaletik marrazten den xenda gero eta estuagoa da, eta aire samarrean zoazela ematen du zenbait tartetan. Azken malda pikoari ekin eta Aizkorriko gailurraren ondoan dagoen ermitara heldu gara. Paregabea da ikuspegia: Gorbeiako mendigunea, Urbasa, Izarraitz, Aralar, Andia eta Durangaldeko mendiak ez ezik, Pirinioetako gailurretako elurraren zuria ikusteko parada izan dugu.

Aizkorritik Aratzera

Hamaiketakoa egin eta Aizkorriko gailurreria osatzen duten mendiei begiradatxo bat bota ostean, martxan jarri gara berriro. Etorritako bidetik atzera egin, eta Oltza aldera jaisten den bidean barna berehala galdu dugu garaiera. Pagadian murgildu eta berehala, Oltzara doan xenda eskuinera utzi eta Pagazuluetako lepora jaitsi gara. Urbiatik datorren bidearekin bat egin eta Gipuzkoako bira (GR 121) erakusten duten bide seinale zurigorriak segitu ditugu. Laster, Zalduondotik datorren galtzada zaharrarekin egin dugu topo. Aurrerago, mendi maratoiaren zirkulu horiak berriro agertu zaizkigu, eta horiek marrazten duten bidea jarraitzea erabaki dugu. Basotik atera eta lepora iristean, markak utzi eta aurrez aurre dugun Aratz alderako malda pikoari heldu diogu. Kostata, baina igo gara Elurzuloko tontorrera. Arnasari buelta eman orduko gertu dagoen Aratzera jo dugu. Mendi biluzi horren tontorra Nafarroako, Gipuzkoako eta Arabako mugan dagoen kare haitzezko mendiguneko punturik gorena da.

Lizarretako pasabidera

Abiapuntura itzultzeko unea heldu da, eta, igotako bidetik jaitsi beharrean, berriro mendi maratoiaren marka horiak ikusi, eta jarraitzea erabaki dugu; ohiko bidetik, hain zuzen ere. Mendean dugun haranean erraz galdu dugu garaiera, eta, egurrezko bide seinaleen ondora iristean, Lizarretako iturria bilatu dugu. Zintzurra freskatu ondoren, galtzadan barrena Lizarreta edo San Adriango pasabidearen bila joan gara. Barruan sartu, eta garai batean inguru horiek izan zuten bizitza imajinatzen saiatu gara. Bertan, ermitaren ondoan dagoen panelean idatzita dagoena irakurri dugu. Itxuraz, inguru hauetan, historiaurre garaitik bizi izan da jendea, eta, are gehiago, ehortzia izandako gizaki baten aztarnak ere aurkitu ziren galerietako batean. Erromatarren garaiko aztarnak ere badira.

Erdi Aroan tunela erabiltzen zela jakina da, eta Gaztela eta Europa lotzeko bide garrantzitsuenetako bat izan omen zen. Bide horretan, gaur egun ere egoera onean dauden zenbait galtzada egin zituzten. Ibilbide honek zituen arriskuei (lapurrak, eguraldia...) aurre egiteko pasabidea babestea erabaki zuten, eta horrela harresiak zituen gotorleku bat eraiki zuten. Pasabide horren inguruetan, beste eraikin batzuk ere izan ziren, hala nola Santa Trinitate izenpeko ermita, gerora Sandrati bihurtua, eta gaur egun San Adrian dena.

Alde batetik bestera zeharkatu eta atzean utzi dugu gure historian hain garrantzitsua izan den pasabidea. Mikeleteen etxeraino jaitsi beharrean, eskuinera ikusi dugun xenda nabarmena hartu eta abiapuntura iritsi gara. Aizkorri eta Aratz, biak ala biak Sandratiren zaindari bikainak!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.