MENDIA. Ikusgarria eta gogorra

Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren 7. aldia jokatuko da igandean, mendi lasterketen festa. Europako Txapelketa da, eta espezialista onenek parte hartuko dute.

2008ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun


Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren 7. aldia jokatuko da igandean, mendi lasterketen festa. Europako Txapelketa da, eta espezialista onenek parte hartuko dute.
ekaitz agirre

Donostia

Gogorra eta ederra. Bi hitz horiek dituzte ahotan Zegama-Aizkorri mendi maratoia gertutik ezagutzen dutenek. Kirol guztietan izaten dira arrazoi bat edo bestea tarteko izen eta sona hartzen duten probak, eta Zegama-Aizkorri ezinbesteko erreferentea dute mendizale eta lasterkariek. Ibilbidearen gogortasunak, inguruaren edertasunak eta mendian biltzen diren milaka eta milaka zaleek berezi egiten dute lasterketa. Euskal Herritik haratago ere zabaldu da haren itzala. Munduko Kopako proba izan zen iaz; aurten, aldiz, Europako Txapelketa jokatuko da. Agertoki ederragorik nekez kontinenteko onenak erabakitzeko. Eguraldiak lagunduko duen esperoan -iragarpenek euria egingo duela diote-, dena prest dute igandeko festa handirako.

Mendiko lasterketek azken urteotan hartu duten indarraren adierazgarri garbia da Zegama-Aizkorri. Urtetik urtera antolatzaileek zailtasun handiagoak dituzte dortsalen banaketa egin ahal izateko. «Buruhauste handiak izan ditugu, eskariak gainditu egin gaituelako. Datu bat baino ez: Italiatik 35 lasterkari etorriko dira. Zegama-Aizkorrik duen osasunaren seinale ere bada hori», azaldu du lasterketaren zuzendari Alberto Aierbek. Igandean 468 lasterkari abiatuko dira Zegamatik, baina milatik gora geratu dira dortsala eskuratu ezinda. Euskal Herriko lasterkariak dira, noski, kopuruan nagusi; baina Kataluniatik, Espainiatik, Andorratik, Frantziatik, Venezuelatik, Italiatik edota Suitzatik ere etorriko dira.

Iazko irabazle Kilian Jornet eta Corinne Favre dira maratoia irabazteko faborito nagusiak, baina haiek estu hartzen saiatuko direnen zerrenda luzea da oso. Gizonezkoetan Ricardo Mejia mexikarra -2006an irabazi zuen-, Andorrako Agusti Roc, Fulvio Dapit, Marco Rusconi eta Fabio Bonfanti italiarrak edota Raul Garcia espainiarra aintzat hartu behar dira. Etxeko lasterkarien artean Fernando Etxegarai, Ionut Zinka, Jabi Olabarria, Jose Felipe Larrazabal, Jesus Mari Romon... luzea da zerrenda -Zuhaitz Ezpeletak eta Asier Urdanpilletak ez dute parte hartuko-. Ikusmina piztu duen bestea Juan Martin Tolosa da. 2002ko lehenengo ekitaldia irabazi zuen Tolosak eta bigarren sailkatu zen 2003an. Ordutik ez da haren berri izan. «Irteteko asmoa badu, zerbaitengatik izango da», iritzi dio Aierbek.



MIKEL GARMENDIA GOGOAN. Emakumeen artean iazko irabazle Corinne Favre da irabazteko hautagai nagusia -Angela Mudge 2006ko txapeldunak ez du parte hartuko-. Stephanie Jimenez edota Pierangela Baronchelli aintzat hartzekoak dira; euskal lasterkarien artean, berriz, Alizia Olazabal, Alizia Romero, Oihana Azkorbebeitia, Helena Perez... ia berrogei emakume izango dira irteeran, guztira. Irten aurretik Mikel Garmendia izango dute guztiek gogoan. 2002tik hutsik egin gabe parte hartu zuen Zegama-Aizkorrin, eta urte hasieran hil zen, lan istripuan.

Zegamatik abiatu eta Aratz eta Aizkorriko mendilerrotik barrena ibiliko dira lasterkariak. Ibilbidean Aratz, Aizkorri, Aketegi eta Aitxuri tontorrak pasatuko dituzte. Laburbilduz, ibilbide teknikoa eta zailtasun handikoa. Zegama izango dute abiapuntu, eta Aratz gaina lehenengo jomuga, malda gora etengabean. Handik Sancti Spiritusera jaitsiko dira lasterkariak. Jana eta edana izango dute han. Indarrak errekuperatzea komeni, eguneko igoera gogorrenari ekin aurretik: Aizkorrikoa. Sancti Spiritusetik Aizkorrirako tartea ez da luzea -bi kilometro baino ez-, baina 500 metroko desnibela gainditu beharko dute zati horretan.

Aizkorri puntatik Urbiara jaitsiko dira, baina aurrez ibilbideko puntu garaiena pasatu beharko dute: Aitxuri (1.551 m.). Urbiarako jaitsiera pikoa da, tentea. Hori dela eta, eguraldiak baldintzatuko die jaitsiera lasterkariei. Tentuz jaitsi beharrekoa da euria eginez gero. Urbiako zelaiak pasatuta, maratoiko azken igoera izango dute aurretik: Andraitz. Ez da igoera gogorrena, baina ordurako nekea pilatuta izango dute korrikalariek. Handik Zegamara jaitsiko dira. Indarrak xahutzeke dituztenek gozamena eta sufrikarioa partekatuko dituzte; larri dagoenak, aldiz, kalbario latza izango du.



FITxa TeKnIKoa

Eguna. Igandea, maiatzaren 25a.

Irteera. Zegama, 09:00etan.

Helmuga. Zegaman 13:00 aldera lehenengo lasterkaria.

Distantzia. 42,195 km.

Kontrolak. 14.

Anoa postuak. 13.

Tarteko helmuga. Aizkorri, 22,58 km.

Desnibel metatua. 5.472 metro.

Gehieneko altuera. Aitxuri (1.551 m).

Gutxieneko altuera. Zegama (296 m).

Gehieneko denbora. 8 ordu.

Errekorrak. 3:54:18 gizonezkoetan; emakumezkoetan 4:43:04.

Parte-hartzaile kopurua. 468.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.