MENDIA. Pirinioetako 'Behobia'

Altitoy irekia bihurtu da mendiko eskiatzaileen erreferente nagusia; astelehenean ireki zuten izena emateko epea, eta lau egunen buruan bete dute 500 eskiatzaileen gehienezko kopurua.

Donostia
2010eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Hogei mila lasterkarien langa gainditu du aurten estreinakoz Behobia-Donostia herri lasterketak. Izena emateko epea ireki, eta ziztu batean amaitu ziren zenbaki guztiak. Alderaketa bat egitera, bide bera hartu du mendi eskiko proba batek, Altitoy irekiak. Pirinioetako probetan erreferente bihurtu da, eta aste honetan gertatua da horren adierazgarri: astelehenean ireki zuten izena emateko epea, eta antolatzaileek jarritako 500 eskiatzaileen muga atzo arratsalderako bete zen. Eskaera kopurua ikusita, azti eta bizi ibili ez direnentzat itxaron zerrenda prestatuko dute orain, www.altitoy. com webgunean.

Urtarrilaren 29an eta 30ean jokatutako da Altitoy 2011. Iaz bezala, Donostiako Vasco de Campingek eta Luz Ardidengo Altitoy elkarteek antolatu dute. Azken urteetako bideari eutsiz, bi ibilbide prestatuko dituzte antolatzaileek: A ibilbidea, lehiaketarako, eta B ibilbidea, sailkapenik gabekoa -herri proba, hain zuzen-. Eguraldiak eta elurraren egoerak baldintzatuko dute ibilbideen azken prestaketa, baina Andoni Areizaga probaren zuzendariak aurreratu ditu zeintzuk diren bide-prestatzaileen asmoak: «A aukeratzen dutenentzat, Midi d'Bigorre mendiaren itzulia prestatu nahi dugu, larunbaterako, eta Ardiden mendiaren inguruan ibilbidea iganderako. Bide teknikoak eta gogorrak dira lasterketakoak, eskarmentua duten mendizale eta eskiatzaileentzat». B ibilbidea, herri lasterketakoa, Pouterre de l'Homme eta Pic de la Bonida inguruetatik prestatuko dituzte. «Mendi ukitua dute horiek ere, baina bide erraz eta gozagarriak dira», dio Areizagak. Altitoyri festa giroko proba eta herri izaerakoa izatea ezerk eman badio maila guztietako eskiatzaileei irekitako proba izateak eman baitio.

Mendi ukituko ibilbideak

Ibilbideei garrantzi berezia ematen die Altitoyk, eta Alpeetan jokatzen diren probak dauzkate eredutzat horiek prestatzerakoan. «Mendiko ukitua ematen saiatzen gara, eta hori da probaren arrakastaren gakoetako bat», dio Areizagak.

Frantziako legeetan oinarrituta jokatuko da Altitoy, eta parte-hartzaile guztiek derrigorrean aurkeztu behar dute osasun agiria. Tramitea errazteko asmoz, hartu eta inprima daitekeen PDF orrialde bat jarri dute antolatzaileek lasterketaren webgunean. «Badakigu jende askorentzat deserosoa dela, baina ez dugu beste aukerarik», argitu dute antolatzaileek.

Izena emateko zerrendak gainezka egin duela-eta itxaron zerrenda irekitzeko asmoa dutela jakinarazi du Areizagak, «ordainketa ez dutelako guztiek egin oraindik». Izena ematea 45 euro da, eta beste hiru euro ordaindu behar da txip elektronikoaren truke. Hornidura eta oparia daude barne.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.