Miel Mari Elosegi. Basozaina

«Mendian dauden zuhaitz hilek balio ekologiko oso handia daukate»

Egur hilez hitz egingo du Elosegik asteburuan Donostiako Eureka zientzia museoan egingo dituzten Natur Zientzien Topaketetan.

BERRIA.
ainara arratibel gascon
Donostia
2013ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
«Onddo, liken eta goroldio espezie batzuek ezinbestean behar dute egur hila bizitzeko». Miel Mari Elosegi basozainak (Leitza, Nafarroa, 1970) hala azaldu du basoak eta oihanak ahalik eta gutxiena ukitzeko beharra. Hemengo basoen alde gehiago egin behar dela iritzi dio. UEU Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako Natur Zientzien Topaketetan, Egur hila, oihan bizien oinarri hitzaldia emango du. Larunbatean izango da, 09:30ean.

Asko aldatu al da egur hilen kudeaketa?

Nik esango nuke aldatu dela, baina ez gehiegi. Baso kudeatzaile klasikoek joera zuten hildako egurra kentzeko. Gaitzak jota edo zahartzen ari ziren zuhaitzak baino nahiago zituzten gazteak. Gaur egun, ikasi ahal izan dugu hildako egurrek garrantzi ekologiko handia dutela. Mendian dagoen zuhaitz hil bat ez da zerbait galdua, balio ekologiko handia du. Beraz, zuhaitz batzuk basoan zahartzen eta hiltzen uzten dira.

Hori da nagusitzen ari den joera?

Pixkanaka ari da zabaltzen. Baina joera ez da aplikatzen leku guztietan. Adibidez, badira lursail pribatuak. Horietan batez ere errentagarritasuna bilatzen da. Besteak beste, haritz amerikarrak eta pinuak bezalako zuhaitzak landatzen dituzte, eta normalean ez da leku handirik geratzen zuhaitzak zahartzen uzteko. Herri lur edo baso komunaletan, berriz, badago tarte gehiago zuhaitz batzuk bertan hiltzen uzteko. Kanpoko adituek eta hemendik atzerriko basoak ikustera joandakoek erakutsi digute errealitate hori.

Zer lortuko dahorrekin?

Liken, goroldio eta intsektu espezie batzuek zuhaitz zaharrak behar dituzte bizitzeko. Zuhaitz horiek kenduta, espezie horiek galdu egiten dira, eta basoa dibertsitatea galduz joaten da. Beraz, horiek ez galtzea lortuko dugu. Ikuspegi klasikoan ez zuten hori kontuan hartzen. Uste zuten zahartu ahala zuhaitzei gaitzak sartzen zitzaizkiela, eta zuhaitz gazteak kutsatu zitzaketela. Hori dela eta, kendu egiten zituzten zaharrak. Nahiz eta gizakien esku hartzea ez den oso aspaldikoa, gaur egun oso baso gutxi daude birjinak edo natural samarrak. Euskal Herrian erreserbatxo batzuk daude. Halako baso gehienak Eskandinavia eta Siberia aldean daude, eta osasuntsu jarraitzen dute.

Egur hilak bertan uztearen ondorio ekologiko on horiek noiz hasten dira ikusten?

Artikutza, adibidez, ia mende bategon da ukitu gabe, eta orain ikusi dute badirela han oso espezie eta elementu aberasgarriak. Bertizen ere egur hil kopuru handia dago, eta ikusi da oso leku aproposa dela berorientzat. Inguru hori apenas ukitu duten azken hamarkadetan. Beraz, ziurrenik mende bat beharko da gutxienez, baina lehenagotik ere hasiko dira lehen zantzuak antzematen.

Baso guztiak horrela kudeatzea posible da?

Nik basozain moduan egiten dut lan, eta badakit nolakoa den errealitatea. Zenbait lekutan oso zaila da egurra bilatzea, eta beharra dago. Beraz, zaila da baso guztiak horrela kudeatzea. Baina badira tresna batzuk egungo egoera hobetzen lagun dezaketenak. Adibidez, Nafarroan dagoen lege baten arabera, herri lurren %5 ezin dira ukitu. Basoen kudeaketa planak egiterakoan udalei galdetzen zaie zein leku nahi duten horretarako. Gehienek oso leku arraroak aukeratzen dituzte: herriko punta batean dagoen leku malkartsu bat, adibidez. Leku horiek egoki kudeatuz gero, hemendik ehun urtera oihan berezi bat egon daiteke.

Zuhaitz hilak basoan uzteak ez al du suteak egoteko arriskua handitzen?

Uste dut baso birjinetan ez dagoela sute arrisku handiagoa, ezta hildako egurra dutenetan ere. Nahiz eta erregai gehiago egon daitekeen horietan. Oro har, baso gazteek helduek baino sute arrisku handiagoa izaten dute. Eta, zalantzarik gabe, pinu gazteak eta eukaliptoak dituzten basoek sute arrisku handiagoa dute.

Basozain moduan nola ikusten duzu erakundeek basoak kudeatzeko dituzten politikak?

Basoek azaleran irabazi dute. Kalitatean ere orain baino 80-100 urte baino hobeto daude. Baso naturalagoak ditugu. Erakundeen politikari dagokionez, Euskal Herriko leku batetik bestera badago aldea. Bertako basoen alde gehiago egin beharko genuke, oraindik ere kanpoko espezieek azalera handia estaltzen baitute. Hazkunde azkarreko espezieak erabiltzen diren lekutan lurraren bilakaera zein den ikertu beharko litzateke, lurra baliabide inportantea baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.