Hegoa Mendiburu. Artzain-laboraria

«Mendira joatea lanaren iturrira itzultzea da»

Etxaldea utzirik, uda bortuan iragan du bere ardiekin Mendiburuk, «behar pertsonalek» akuilaturik. Zaila egin bazaio ere, aise lortu du.

GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
2022ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Hegoa Mendiburuk (Senpere, Lapurdi, 1987) Uhartetxeberria etxaldearen segida hartu du bikotekidearekin batera. Aurten lehentze igan dira Biarnoko goi-borturat haien artaldearekin uda pasatzera. Mendiko bizimoduaren berri eman du. Preseski hori bera du gai nagusia aurten Lurrama laborantza herrikoi eta iraunkorraren azokak.

«Bortuko bidean, ardien gibelean» ibili zarete lehen aldikoz zuhauren troparekin.

Iaz ere igorri genituen Goi Pirinioetarat, baina pentsioan, euskal artzain batekin. Gure mendi baten bila aritu ginen, baina ez genuen atzeman: lehen urrats gisa pentsioan igorri genituen, gure mendi bat atzeman arte, gure ardiak usatzeko, eta ikusteko ere nola kudeatzen genuen gure etxaldea ardirik gabe. Aurten, Euskal Herrian bilatzen hasi ginen, Nafarroan-eta, hondarrean Aspe ibarreko Aidius herriko parada hau jin zaigu: etxolarekin eta gasna egiteko parada ukanez...

Sei hilabetez han egon zaretea?

Ez, hiru hilabetez. Aski gora denez —1.700 metrotan—, belarra geroago hazten da, eta denbora laburragoz egoten gara.

Ez dea agorregia izan?

Aski ongi iragan da, azkenean. Etxean egon izan bagina, zaila izanen zatekeen, dena idorra baitzen, errea. Han goian biziki handia denez, beti bazen alhatu gabeko tokirik. Bero egin du, euri guti, baina guretzat, mendia ongi ezagutzeko, aro ona zen, laino guti ukaitea abantailatsua izan baitzaigu. Hutsetik hasten ginenez, ardiak pasarazteko tokiak ez genituen ezagutzen, lanjerosak ote zirenetz...

Ur eskasia etsigarria izan dea?

Herriko etxeak eraiki zuen 7.000 litroko erreserbari esker, ez dugu eskasiarik ukan.

Zein beharrek bultzatu zaituztete ardiak mendira igortzea?

Berez, molda gaitezke igorri gabe, aski lur baitugu, nahiz eta beharbada, aurten, zailago izanen zatekeen idortearengatik. Afera da, hemen hasi aitzin, artzain langile egon nintzela lau urtez, bortuetan. Bestalde, bikotekideak bazuen etxaldea Zuberoan, eta usaia zuen udan borturat ardiak igortzeko. Bion behar pertsonaletik abiatu da gure ardiak borturat igortzeko ideia; mendiaren dei hori badugu, harat berriz joateko gogoa. Egia da ez dela hain logikoa Senpere behere honetatik mendirat hain urrunerat joatea. Bizimodu hori berreskuratzeko beharra genuen. Abantaila anitz bada, baina gure behar pertsonala zen lehen akuilua.

Kanta zenezake: «Bakea eta librotasuna osoki ditut gozatzen»?

Mozten du arrunt behereko biziarekin; han esnatzen zara ardien ondoan. Bizi sinpleago batera heldu gara, behereko erokeriatik urrun: beti konektatuak sakelakoekin, gasnak saldu behar, beti presaka harat-honaka... Mendian, berriz, han gara, jezten dugu, ardiekin gaude, gasna egiten... On egiten digu. Hango bizia hori da: gasna egitea, ardiekin itzulia egin, bazkaldu, pausa pixka bat, ardien bila joan... Bizi sinplea da azken finean, nahiz eta aroaren arabera ez den beti erraza, baina gure lanaren iturrira itzultzea da mendirat joatea.

Zein dira aipatu abantailak?

Ardiak baldintza zailetara usatzen ditugu, urteak joan arau artalde sendoa duzu, mendiari usatua, baldintza gogorretarako prest. Beherean goxo da, ez baitira berehala eritzen.

Bestalde, beherean belar eta soro gehiago dugu egiteko, hori ere abantaila da, erreserba gehiago egiteko. Hirugarrenik, parasitoez garbitzen dira ardiak, hiru hilabetez pentzeak hutsak egotearekin garbitzen dira. Ardiak bereziki sentibera dira digestio sistema desorekatzen duten parasito horiei. Azkenik, bortuko gasna egiten dugu, zeina beherekoarengandik ezberdina baita, eta guti atzematen.

Nahi bezala gasna egin duzuea?

Bai, gero aroaren gorabeherak gehiago sentitzen ditugunez, ez ditugu denak erreusitu; ekoizpena ez da hain egonkorra han. Oraintxe hasi gara haien dastatzen, eta egindakoez kontent gara.

Zein arrazatako ardiak dituzue?

260 ardi buru beltz ditugu igo. Mendia alokatu digute, eta, aski handia zenez, gure ardiez gain gehiago eramatea zen baldintza; beraz, bertze laborari batzuen artaldeak bildu ditugu: hala, abantzu 1.000 ardi zaindu ditugu, eta berrogei bat behor. Bereiz atxiki ditugu, gureak bakarrik jezteko. Besteen pentsioei esker ordaindu ahal izan dugu alokairua.

Desabantailarik badua ardiak mendirat igortzeak?

Zinez zaila da etxaldea kudeatzea gainean izanez, muga handia da hori, gainean garelarik baitakigu beherean badela lan egiteko. Ere, hiru oren eta erdiko bidea dugu haraino joateko. Joan jinen antolaketa pixka bat zaila izan da. Ongi egiteko beharko genuke norbait beherean egon dadin. Artzain langilea bagenuen han gainean, baina joan-jin anitz egin behar izan ditugu; gainera, 2 urteko alabarekin... Ez da beti hain sinple izan!

Artzain-langilea izateari utzi, eta artzain-laboraria bihurtzea, hor bada alderik, ez dea hala?

Bai, lau urte horietan ez nintzen goiko lanez baizik arduratzen, behereko lanez batere arranguratu gabe, hori goxo zen. Gero, bertzeen ardiak zaindu beharrak presio handiagoa sortzen zidan.

Otsoaren edo hartzaren ulu edo orroaren mehatxurik ukan duzuea?

Hartzaren pasagune bat baldin bada ere beherago, ez dugu batere arrangurarik ukan. Egia da gauetan parkeetan sartzen genituela.

Mendia partekatzekotan, nola beharko litzateke egin?

Ene ustez, behar dira lagundu mendia baliatu nahi duten laborariak eta artzainak, ororen buru, mendia entretenitzen baita hola, eta, molde iraunkorraz gainera, are, ezin ekologikoago da; beraz, ahal bezainbat sostengatu beharko litzateke. Jende gehiago dabil orain mendian, baita behar hori naturarengandik hurbiltzekoa. Oreka atzematea zaila da, mendira ibiltzera doan jendeak behar du kontuan hartu nor eta zein animalia bizi den bertan; denena bada ere, kasu eman behar da. Behar dira portaera arduratsuak ukan; uste dut badela heziketa lan handia egiteko.

Batzuendako aisialdia dena bertze batzuendako bizibidea baita.

Jende sobera baldin bada, ez da gehiago bizitzen ahal. Beharrik, gu gauden tokian ez dabil jende asko, ez baita ezaguna. Hola egon dadila ahal bezain luzaz! Ezin da debekatu; guk ere maite dugu mendian ibiltzea, baina masa turismoaren kalteak ongi ezagutzen ditugu, gure herrian bereziki.

Heldu den udan berriz borturat?

Bai, eta pentsatzen dut errazagoa izanen zaigula. Markak hartuak ditugunez, lasaiago joanen gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.