Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (III)

Menorca inguratuz, bizipozaren bila

Krisi ekonomikoa, gatazkak, euria, … hainbat atsekabetatik ihesi bagoaz urrutira, Menorca irlari buelta egitera bizikletaz. Naturaren efektu askatzailearen bila goaz, zoriontasuna helburu.

Menorca inguratuz, bizipozaren bila.
2013ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Maiatzaren 26a. Heldu zaigu egun markatua. Menorcaren (Balearrak, Herrialde Katalanak) ertz guztiak ezagutzeko, 200 kilometroko bide zidorra —Camí de cavalls— mendi bizikletekin egiteko aukera dugu, azkenean. Baina zer da Camí de cavalls edo zaldien bide hori? Irla inguratzen duen antzinako bide bat da. XVIII. mendean sortu zuten ingelesek,inbasoreen erasoen aurrean babesteko alarma sistema moduan. Urteetan galduta egon zen. Baina 1990. urtetik, Menorcako herritarren ekimenaren bidez, berreskuratuegin zen. Hainbat hobekuntza egin ondoren, 2010etik zabalik dago, naturazaleen zorionerako.

Eguerdian heldu gara Maoko aireportura, han Sebas laguna itxaroten ari zaigu. Mao merkatuaren parean dagoen Jume ostatura eraman gaitu. Hurrengo egunean Martinekin geratu gara, bizikletak alokatzeko eta bidea hasteko. Hitzordua: 09:00etan. Bidea bost egunetan egingo dugu, ekialdeko kostaldetik hasita erlojuaren norabidearen aurka.

Lehenengo etapa: Mao-Fornells. (43 km)

Goizean goiz abiatu gara Maoko portuko hasierara, han baitago bidearen 0 kilometroa Handik, asfaltozko hamar kilometroren ondoren, Mesquida hondartzara heldu gara. Han hasten dira Camíren bidean ikusiko ditugun ehunka seinaleak —egur lauki lodiak— eta harresiak zeharkatzeko Menorcako ate tipikoak. Ekialdeko kostaldetik abiatu gara, hasiera honetan eremu militar batetik gertu. Berehala konturatu gara bidearen zailtasunaz eta edertasunaz. Oso gorabeheratsua da bidea, eta bizikletatik jaistera behartu gaitu. Batzuetan bultzaka eta beste batzuetan sorbaldaren gainean eramanda ibili gara. Bidean, Grauko paduren babesgunearekin topo egin dugu. Ordurako guztiz txundituta gaude, bideak ematen digun paisaia aukera ezberdinekin: landa berdeak, kostalde eremu bakartiak, kalatxo basatiak…

Grauko herrian zerbait hartu ondoren, Favaricheko kaboan dagoen itsasargiaren bila goaz. Irlako erpin guztietan bost itsasargidaude, eta lehenengo hau politenetakoa da. Ipar-ekialdean dago. Ondoren, bidea ipar kostaldera okertzen da, irlaren kostalde basatienera. Addaia portuaren bidean beste katalan bikote batekin topo egin dugu. Haiek ere bizikletaz dabiltza. Bide osoan ez dugu halako beste txirrindularirik aurkituko. Elkarrekin espagetiak bazkaldu ondoren, Arenl d´en Castelera jarraitu dugu, eremu horretan dauden turismo gune batzuk zeharkatuz. Casteletik aurrera, Fornellsera heldu aurretik, bidea Concepcioko baso eta zelai eremu eder batzuetatik pasatzen da. Oso gustura heldu gara etaparen bukaerara. Lo egiteko leku bat aurkitu ondoren, han ospetsua den caldereta batekin bukatu dugu eguna. Nekatuta, baina pozik.

Bigarren etapa: Fornells- Ciutadella(51 km)

Hau izango da bidearen etaparik gogorrena. Horrela abisatu ziguten bertakoek ere. Fornellsetik Pregondarako hondartzaraino bidea erraza eta zinez polita da, Cavalleriako itsasargiraino heltzeko bidetik atera bagara ere. Izen berdineko hondartza zeharkatu ondoren, bidean beste hainbat kala ikusi ditugu. Lehen bainua ere hartu dugu. Eguna argituzjoan da, eta eguerdirako Binimeliko tabernan bazkaldu dugu, zati aldapatsuena hasi aurretik.

Pregondako hondartzaren ondoren hasten da bideko infernua. Aldapa gogortu egiten da gora, eta bizikleta gainean eramatera behartu gaitu. Bideko mendi garaienetan (Alocs, 150 m) zaldi eta asto basatiak besterik ez ditugu ikusi, gure izerdiaren lekuko. Azkenik, Pilarreko kala basatira heldu gara. Han bukatzen dira aldapa gogorrak, eta La Vall arana zeharkatu dugu, bide ezin atseginago batetik: zuhaitzen artean eta itzalpean. Lehertuta, baina gozatzen. Bideko neke fisikoak arimaren poztasunaren kontrako bidea darama. Hain ikusgarriak dira hemengo txoko eta parajeak, zein bihotz poztasunak giharretako minari gainditu dion, erraz. Punta Natitik pasatu ondoren, iluntzean heldu gara Ciutadellara. Hango alde zahar elegantean afalduz amaitu dugu eguna.

Hirugarren etapa: Ciutadella- Sant Tomas (43,7 km)

Etapa horretan mendebaldeko kostalde turistikoa laga dugu, eta hegoaldeko kostaldetik abiatugara. Aurrekoetan ez bezala, ibiltari gehiagorekin egingo dugu topo. Hasierako kilometroak, asfaltotik, arin egiten ditugu. Etxez josita dago eremu hori, Artrutx puntaraino. Hango itsasargia ikusi ondoren, bideak hegoaldeko kostaldeko labar leunak erakusten ditu. Leunak bai, baina harriz josiak. Nahiz eta aldaparik ez egon, bideko koskorrak gogortzen du bizikletaren gainean egotea. Eskerrak itsasoa gertu dugun. Sarritan laga ditugu bizikletak, hango kala zoragarrietan bainatzeko. Sei aldiz, azkenean. Tartean zuhaitzen gerezipeak babesten gaitu. Pinuak kala famatuetara heltzen direnez, leku paregabe horiek turistez betetzen dira. Galdanako kala nagusian atsedenaldi txiki bat egin dugu. Mitjana pasatu ondoren, irla barrenera sartzen da, eta hango amildegi berdeak eta ederrak ikusteko parada ematen digu. Gure harridurarako, batzuetan Euskal Herri berdera itzuli garela dirudi.Sant Tomas ondoko Binigaus kalan bukatu dugu etapa.

Han, Sebas lagunak kotxez hartu gaitu, Mercadalen lo egiteko.Irlaren erdian dagoen herri nagusia da Mercadal. Kostaldearen alde honetan ez dago lo egiteko lekua duten herri askorik. Ostatu hartu ondoren, Molins jatetxean bapo afaldu dugu. Larunbata denez, gero Xoroiko kobako dantzaleku berezira joan gara. Dantzalekuak ez du parekorik: leize bat itsas amildegian.

4. etapa: Sant Tomas-Binidail (26,2 km)

Gaueko ajea kentzeko, El Toro mendira igotzea otu zaigu. Menorcako garaiena da. 360 metro bestetik ez ditu, baina aldapak zinez gogorrak dira: %10ekoak, batzuetan. Toki ezin aproposagoa da irla guztiaren ikuspegia izateko. Hortik, Mijorn Grara abiatu gara, Sant Tomasetik bidea berriz hasteko. Zati hori laua da. Bost kilometroren ondoren, Menorcako hondartzarik luzeenera heldugara: Son Boura. Haizerik ez badago, oso hondartza atsegina eta ederra da. Biluzik egoteko aukera dago eskuineko zati nagusian. Hango txosna batean ohiko espagetiak jan ondoren, badiako lehen zulatua dugula konturatu gara. Horrek, aurreikusi gabeko denbora bat galtzera behartzen gaitu. Konpondu ondoren jarraitu dugu kostalde horretatik. Aldapak gutxituz doaz, baita hondartzak ere. Bidean, hala ere, dortokekin topo egin dugu. Cala Porterera heltzeko azken zatia fruitu arbolen arteko bailara batetik egin dugu. Han Errusiako bikote batekin topo egin dugu, Menorcako turista berriak. Porterretik jarraituz, Calacovesera heldu gara. Itsasgaineko eskaladaren paradisua da. 1960ko hamarkadan hippy komuna bat egon zen han, eta haurrak ere jaio ziren. Orain, babesgune bat da. Hegoaldeko leku horietan aireportuko hegazkinen hotsa nabariago egiten da. Eguna bukatu aurretik, Maora bueltatu gara. Lehen eguneko Jume ostatuan egin ditugu azken bi gauak. Eskertu dugu leku ezagunera bueltatzea.

5. etapa: Binidail-Mao (22 km)

Eremu horretan etxeak eta urbanizazioak dira batez ere nagusi. Baina oraindik gune ederrak daude: harresien arteko bide estuak edo San Rafaleta kala bakarti eta zoragarria. Binibekatik abiatuta, eta ia beti asfaltoren gainean, Binivelleko urbanizazio bitxi batera heldu gara. Herri arrantzale eta txikia da Binevell. Nahiko artifiziala ematen du, baina meritua dauka halako etxe multzo bat batu, eta nahasita eraikitzea; kale estu eta tuneltxoekin. Punta Primara goaz kaleetatik. Hango zuri-gorri kolorea, Cavallesko egur marken ordez dago. Punta Primako hego-ekialdeko itsasargia irla batean dago, itsasertzetik pasaia ederrak ikusteko aukera emanez.

Bidea ekialdeko kostaldera bueltatzen da. Gorantz goazela, Alcafarreko portutxoan, paella bat jan dugu, patxada ederrean. Hortik gora, bidea kostaldetik urruntzen da, baina San Rafaletara joateko bizikletak ezkutatzen ditugu, bide bazterrean. Hamabost minutuko ibilbidetxo eder batetik, kala zoragarri horretara heldu gara. Han bidearen azken txonboak egiten ditugu. Berriz bizikleta gainean harresien arteko bidetxoetatik jarraitu dugu, Sant Esteveko kala estura heldu arte. Maoko portu naturalera heltzean agerikoak dira egitura militarrak, are gehiago Es Castellko herrian. Han, ingelesen eraikin multzoan, museo militar bat egin dute. Egia esan, herri horretako portuko jatetxeek ospe gehiago dute. Han hartu dugu bideko azken limoidun garagardoa. Handik bi kilometrora Mao hiriburua dago, gure itzulinguruaren bukaera.

Eskerrak eman behar zaizkie Menorcako herritarrei, gorde duten altxor paregabeagatik. Nahiz eta zenbait lekutan turismo basatiak eragindako zauriak ageri, zaldien bideak zuen edertasuna gorderik dutela erakutsi digute bidaian.

Bost eguneko bidea bukatu dugu. Afari eder batekin ospatu dugu, baina betirako gure barrurako gorde dugu bideak eman digun zoriontasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.