Milaka urteko ondareari so

Sorginaren Txabola trikuharriaren zaharberritze lanak amaitu berri dituzte. Monumentuaren tumulua, hau da, barrualdea eta inguruak berriztatu ditu arkeologo talde batek.

Sorginaren Txabola trikuharria berritu ondoren, inguruko beste trikuharriak zaharberritzeari ekingo diote. NEREA REPARAZ.
Bilar
2013ko uztailaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zortzi hilabeteko lanaldiaren ostean, amaitu berri dituzte Sorginaren Txabola trikuharriaren zaharberritze eta indusketa lanak. Arabako Errioxan dagoen Bilar udalerritik gertu dago trikuharria, eta milaka urte ditu. Arabako Errioxan, guztira, bederatzi trikuharri daude, oso egoera ezberdinetan. Bilarreko trikuharrian, barrualdea eta ingurua zaharberritu dituzte.

Zaharberritze lantaldea Javier Fernandez De Eraso, Luis M. Torres eta Jose Antonio Mujika arkeologoek zuzendu dute. Haiekin batera, Euskal Herriko Unibertsitatean geologiako gradua ikasten dabiltzan ikasle talde batek parte hartu du. «Trikuharriak behar bezala zaintzea ezinbestekoa da Arabako historia ezagutu ahal izateko», dio Fernandez De Eraso arkeologoak.

Sorginaren txabola trikuharria Lagunilla izeneko lekuan dago, Biurko sakaneko San Gines ibaiaren eta Quintanilla ibaiaren artean, hain zuzen. Egindako ikerketa eta proben ostean, trikuharria duela 5.000 urte inguru, Neolito garaian eraiki zela ondorioztatu dute adituek. Hala ere, oraindik haren sorreraren data zehatza finkatzea falta da. Garai hartan nekazaritza eta abeltzaintzan jarduten zirenek duela 3.000 urte arte erabili zuten trikuharria. «Gure historiako lehenengo estruktura arkitektonikoa da, taldeko gorpuak uzteko panteoia izateaz gain», adierazi du Felix Lopezek, Arabako Aldundiko arkeologia museo zerbitzuen buruak.

Sorginaren txabola trikuharria ehorzketa kolektiborako lekua zen. Izena antzinako kondaira batetik datorkio, zeinak garai hartako sorgin baten etxearekin erlazionatzen duen. Kondairaren arabera, San Joan egun goizetan, abesten eta kinkila saltzeko oihuka ibiltzen zen sorgina bere etxetik.

Trikuharriaren osaera

Bretoieratik datorren hitza da trikuharria, eta «harrizko mahaia» esan nahi du. Sorginaren Txabola trikuharria ongi berezitako hiru zatiz osatuta dago. Alde batetik, tumulua dago. Monumentua estaltzen duen esfera erdi forma duen harrizko mendixka bat da. Harri lauekin eraikitzen zen, bertako hareharria erabiliz. Harri horiek teilakatua edo arrainen ezkaten antzera kokatzen ziren. Tumulua induskatu dute arkeologoek, batez ere. Mendeak aurrera egin ahala, monumentuak ordura arte izandako hilobi funtzioa galdu zuen. «Hezurrak eta ikatza aztertu ostean, harrien antzinatasunak harritu gaitu. Trikuharrien katean zaharrena dela uste dugu», dio Jose Angel Apellanizek, indusketan parte hartu duten arkeologoetako batek.

Tumuluaz gain, sarbidea eta ganbera bereizten dira. Bi zati horiek ikusten dira gehien azaleran. Hori dela eta, urteetan zehar gehien ikertu diren zatiak dira.

2011n martxan jarritako trikuharrien azterlan geologikoa ez da lehenengoa izan. Hain zuzen, 78 urte pasatu dira dagoeneko Alvaro de Gortazarrek eta Carlos Saen de Tejadak Sorginaren Txabola trikuharria aurkitu zutenetik. Orduz geroztik, lau indusketa egin dituzte. 1974an, Arabako Foru Aldundiak zaharberritzeari ekin zion, hura mantentzeak duen garrantziaz jabeturik. «Gure ondarearen zaintza eta kontserbazioa bermatzeaz gain, informazioa hedatu nahi du diputazioak», dio Javier De Andres diputatu nagusiak.

Teknologiaren garapenari esker, ikerketa zehatzago bat egiteko aukera izan dute arkeologoek. «Aurretik geneuzkan marrazkiek ez zuten monumentuaren benetako izaera erakusten. Guk teknika berriak erabili ditugu», dio Fernandez De Erasok.

Sorginaren Txabola trikuharria Arabako Errioxan dauden bederatzi trikuharrien artean bat baino ez da, zaharrena. Guztiak lerrokatuta daude. Aldundiaren interesa eta babesari esker, gainontzekoak zaharberritzeari ekingo zaio. «Kilometro batera bakarrik dagoen trikuharriaren barnean hezur ugari aurkitu ditugu», dio Apellanizek. Arabako Errioxako zenbait biztanleri DNA probak egin ostean, aurkituriko hezurrekin antzekotasuna dutela frogatu dute.

De Andresek uste du trikuharriak zaharberritzeak historia goraipatzeaz gain turismoan ere lagunduko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.