Mineralen oihartzuna

Arditurri eguna ospatuko dute bihar Oiartzungo Arditurri parketxean.

Oiartzungo Arditurri parketxea, artxiboko argazki batean. OARSO BIDASOKO HITZA
Oiartzungo Arditurri parketxea, artxiboko argazki batean. OARSO BIDASOKO HITZA
2026ko uztailaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orain dela urte batzuk, inori ez zitzaion otuko mendi arteko meategi batean festa giroa egotea, lur azpiko iluntasunak eta isiltasunak kanpoko argiarekin, zalapartarekin eta musikarekin bat egitea. Baina mendi artean dago gordeta garai bateko meatzeetako historia, eta bihar entzungo da haren oihartzuna.

Udako egunak aberasteko asmoz, Arditurri eguna ospatuko dute bihar Oiartzungo (Gipuzkoa) Aiako Harriko parke naturalean, bertan baitago Arditurriko meategi nagusia. 2011n ospatu zuten lehen aldiz egun hori. Pandemia garaian geldialdi bat izan ostean, tradizioarekin jarraitzea erabaki dute. Antolatzailea Gipuzkoako Parketxe Sarea fundazioa da, beste talde batzuen babesarekin.  

Fosilen erakusketarekin hasiko dute eguna, 10:00etan, eta 14:00ak arte iraungo du. Luberri fundazioak antolatu du. Jarraian, 10:30etik aurrera, Arditurriko meategirako doako bisita gidatuak eskainiko dituzte, 14:00ak arte. Doakoa den arren, leku mugatuak izango ditu; beraz, egunean bertan sarrerak hartu beharko dira. 14 urtetik gorakoek Arditurri-3 erromatar garaiko meatze galeria bisitatzeko aukera izango dute, 11:00ak eta 12:00ak bitartean.

Bisitan parte hartu ezingo duten gaztetxoek badute alternatiba, ordea: 11:00etatik 14:00etara Abaraxka ludotekaren eskutik, jolasak eta tailerrak egingo dituzte. 12:00etan, mineralen bila joateko irteera gidatua egingo dute. Ekintza horretan parte hartzeko, sarrerak egunean bertan hartu beharko dira, aurretik erreserbarik egiteko aukerarik gabe. Azkenik, 12:45ean, Basabizi zentroan hegaztiak askatuko dituzte. Zaurituta dauden hegaztiak zaintzen dituzte zentro horretan. Gainera, goiz osoan, janari eta edari zerbitzua egongo da, erromeria talde baten zuzeneko musikarekin batera. 

Antolatzaileek oinez edo bizikletan bertaratzea gomendatu dute. Horretarako, bizikletak uzteko toki bat egokituko dute. 

Altxorra etxean

Urrutira joan gabe, badaude Euskal Herrian altxor diren txoko bereziak. Aiako Harriko parke naturala horietako bat da. Pirinioekin muga egiten du. 6.913 hektarea ditu, ia  9.700 futbol zelairen tamaina. Irumugarrieta (806 m), Txurrumurru (821 m) eta Erroilbide (843 m) dira tontor nagusiak. Parke natural horren barruan dago Arditurriko meatzea. Meatzeetako laborategia izan zen garai batean, eta gaur egun meategia bisitatu daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA