Egiaz eta begiaz

Mirande, etxekoa (iloben begietara)

Jon Miranderen jaiotzaren mendeurrenaren karietara, 'Sorkuntzaren mugak' mintegia egin zuten ostiralean Baionako Unibertsitatean. Han ziren Miranderen ilobak, Christien eta Alain Angelie, osabaz mintzo. Haiek irakurria da ondokoa.

Christien eta Alain Angelie, Jon Miranderen ilobak, joan den ostiralean, Baionan. ZALDI ERO
Christien eta Alain Angelie, Jon Miranderen ilobak, joan den ostiralean, Baionan. ZALDI ERO
Miel Anjel Elustondo
Baiona
2025eko ekainaren 24a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zuek «Jon Mirande» duzue. «Jean» genuen guk, familian. Hala ere, gure osabaren idazle izena emango dut orain eta hemen.

Ez gara euskaldunak, eta ez dugu osaba zenaren hizkuntzetarako dohain berezi hura ere, eta, horrenbestez, frantsesez ariko gara.

1972an hil zen osaba, euskal literaturan zeukan garrantziaz den gutxiena ere ez genekiela. Egia esan, 2007an hasi ginen ohartzen osaba olerkariaren mailaz, Pablo Jose Aristorenaren ekinari esker. Garai hartan —Aristorena Parisen—, Jon Miranderen biografia egiteko asmotan zela jakinarazi zigun. Trumoiak jo izan bagintu bezala izan zen. Aristorenak berak lagundurik, Txomin Peillenekin harremanetan sartu ginen. Esan behar da, ordu arte izenez besterik ez genuela Peillen ezagutzen.

Txomin Peillen Jon Miranderen poemak —eta haien frantsesezko itzulpenak— argitaratzeko lanean ari zen. Haatik, besterik ere baliatu zuen lan hartarako: Aristorenak gure osabaz bildutako datuak, Peillenek berak golkoan gordeak zituen oroitzak eta, azkenik, gure familiaren lekukotzak eta zenbait agiri. Dakikezuenez, 2012an argitaratu zen lan hori, Jon Mirande, olerkari: Jon Mirande, poète parisien [Euskaltzaindia, 2012], eta ohartu ginen etxekook Jonen nortasunaz. Izan ere, ordu arte zer genekien etxekook, osabaz eta bere bizitzaz?... Hobeko dugu, lehenik, gure amaren historiara jo.

Ama, Simone

Gure ama Simone Parisen jaio zen, 1923an. Gure aitaita-amamak apartamentu apal batean bizi ziren, gela bakar bat eta sukaldea zituztela. Jon handik bi urtera jaio zen eta, ageri denez, etxebizitza hura txikiegia zitzaien. Orduan, garaiko aterabidea baliatu zuten, eta Simone txikia amaren familiaren etxera bidali zuten, Zuberoara [Sohüta, Xaho etxaldea]. Hantxe bizitu zen gure ama 8 urte bete zituen arte eta hazi zen euskaraz osaba-izeben artean. Dozena erdi urtean Simone txikiak bakanka baino ez zituen ikusi gurasoak eta neba Jon.

1931n, horratik, gure aitaita-amamek apartamentu handiago bat lortu zuten: bi gela, sukaldea eta komuna zituen. Etxe haren helbidea ez da ezezaguna, behin eta berriz eta askotan ageri baita Jonen gutunetan: Pariseko 20. barrutiko Boulevard Davout-eko 106 zenbakia. Hantxe elkartu zen familia osoa. Haatik, gure amarentzat Sohütatik Parisera lekualdatze hura eten ikaragarria gertatu zen, errotik moztu zuen ordu arteko bizimoduarekin: euskara zuen hizkuntza, nekez mintzatzen zen frantsesez, oso azentu gogorrarekin. Hain da hau horrela, Parisen eskolan hasi eta maistra trufatu egiten baitzitzaion. Ironikoa da, baina Jonek garai hartan ez zekien euskaraz, gure aitaita-amamek —ustez onbeharrez— frantsesez hazi baitzuten beren semea, «integrazioa» helburu.

«Gure amak-eta esaten zuten Pinault Jonen ‘arima galdua’ izan zela, haren alde ilun naziaren erruduna»

CHRISTIEN ETA ALAIN ANGELIEJon Miranderen ilobak

Xehetasun bat, ez nolanahikoa, gure amak kontatutakoa. 8 urte zituela Sohütatik atera eta Parisera eraman zutenean, arrotz zitzaizkion guraso-nebak. Dudarik gabe, denboraren indarrez, gure ama familiara egokitu zen, baina erreserba puntu batek markatu zituen beti beren arteko harremanak. Bestalde, familian ez ziren oso hiztunak ere, eta aitaitak, esaterako, inoiz ez zuen 1914ko Gerra Handiaz hitz egin, nahiz eta bertan soldadu ibili. Amama, berriz, melankoniaz betea zen, batez ere bere lehen umearen heriotza goiztiarraren eraginez. Izan ere, Yvonne, 1921ean jaioa, hila zen handik urtebetera, eta amamak neketan eraman zuen beti galera hura.

1939an Bigarren Mundu Gerra eta Okupazioa etorri ziren. Bitartean, Jon lizeo mailako ikasketak egiteraino heldu zen. Gure ama Simonek ez zuen halako zoririk izan, eta horrek zeloak ere ekarri zizkion, iruditu baitzitzaion amak gehiago maite zuela Jon, bera baino.

Jonek berak geroko batean idatzi zuenez, demokristauak ziren etxean. Gure ama, esaterako, Kristau Langileen Gazterian (JOC) aritu zen. Etxean Petain mariskala estimatzen zuten baina, aldi berean, okupatzaileen kontrakoak ziren, guztiz.

«Azken garaian, osaba kasu galdutzat genuen, era guztietako laguntza ukatzen zuen»

CHRISTIEN ETA ALAIN ANGELIEJon Miranderen ilobak

Gainerakoan, bihirik ez genekien garai hartako Jonez. 2007an Pablo Jose Aristorenak gurera deitu zuenean, amak uko egin zion ezer esateari: «Hildakoak bakean utzi behar dira», esan zion gure amak Aristorenari. Guk ez genuen ulertzen misterio hura, isiltasun hura, eta, besterik ezean, konportamentu hura familiaren izateko modu erreserbatuari zor zitzaiola pentsatu genuen.

1948an gure ama ezkondu, eta etxetik joan zen, Davout bulebarreko apartamentu hartatik. Osaba Jon, berriz, hantxe bizitu zen kasik hil zen arte, eta hantxe bizi zela ezagutu genuen guk. Guretzat oso pertsona berezia eta arraroa zen osaba, deigarria, ezberdina. Beti bere gelan ikusten genuen, liburuz eta diskoz inguraturik, eta beti erretzen, erretzen beti, eta beti bere gisara.

Bagenekien, ez genekien

Bagenekien hizkuntza mordoa ikasten ari zela. Horretan autodidakta hutsa izan zen.

Bagenekien Finantza Ministerioan lan egiten zuela. Alabaina, inoiz ez zuen karrera egin, haren ezagutzak entziklopedikoak baziren ere. Jonek gorago jo nahi ez izateak zertaraino zitzaien aitaita-amamei etsigarri, badakigu. Eta bere arrebari ere —gure amari—, ez zitzaion erraza Jonen jarrera hura ulertzea.

Ez genekien ezer osabaren literaturaz, «euskarazko poema batzuk» idatzi, eta «tokiko aldizkari» batzuetan argitaratu zituela. Gure amak, adibidez, Jonek Biga aldizkarian euskaraz argitaratutako bi poema kopiatu zituen, frantsesez itzuliak: Zergatik (Pourquoi), eta Ilunabarrean (Au Crépuscule).

Bagenekien, ez genekien.

Entzunak genituen Jonen adiskide zenbaiten izenak: Peillen, Pinault... Izenak besterik ez, ordea. Peillen hartaz deus ez genekien. Pinaultez, gure amak eta aitaita-amamek esaten zutena: Pinault Jonen «arima galdua» izan zela, haren alde ilun naziaren erruduna. Haatik, gure amak ez zituen ezagutzen, eta guk ere ez, jakina.

«Gure gurasoek esan ziguten hildakoek hilobira eraman behar dituztela bere sekretuak, eta Jonen paper denak erre genituen»

CHRISTIEN ETA ALAIN ANGELIEJon Miranderen ilobak

Bagenekien, adibidez, apirilaren 20an —Hitlerren jaiotzaren urteurrena— Jonek bere gelan errezibitzen zituela Pinault eta besteren batzuk —ideologia bereko lagunak, denak—, eta ospakizuna egiten zutela.

Bagenekien juduen kontrakoa zela, nahiz eta familia giroan ez zuen horretaz inoiz hitz egiten, inor ez mintzeko, beharbada.

Bagenekien, bestalde, kristautasunaren aurkakoa zela guztiz. Baina horrek ere ez zuen familian eragin agerikorik izan. Jon, esaterako, nire [Christien] aitaponteko izan zen, eta bi anaiok lehen jaunartzea egin genuenean, osabak batere eragozpenik gabe parte hartu zuen elizkizunean. Bizikidetzak agintzen zuen familian, nonbait.

(ID_15083186) (/EZEZAGUNA) whatsappimage2025-06-23at09.50
Joan den ostiralean Baionako Unibertsitatean egin zuten Sorkuntzaren mugak mintegian parte hartu zuten hainbat lagun. ZALDI ERO

Bestalde, Jonek benetako maitasuna erakusten zigun, bai atzerritik bidaltzen zizkigun postaletan, bai ekarri ohi zizkigun oparietan ere. Gogoan dut, esaterako, ni lizeoan nintzela, Frantziako presidente izango zen Georges Pompidouren Anthologie de la poésie française erregalatu zidala.

Ohartu ginenez, Jonek desoreka psikologikoa zuen, eta hori areagotu baino ez zen egin ama —gure amama— 1958an hil zitzaionez gero. Orduan, gero eta gehiago edaten hasi zen, alkoholismoan murgiltzeraino. Horrek goia jo zuen 1967an aita hil zitzaionean; gure aitaita, alegia. Azken garaian, osaba kasu galdutzat genuen, era guztietako laguntza ukatzen zuen eta, ez dago esan beharrik, horrek neurriz gain kezkatzen zuen familia. Eta halaxe, 1973ko urtarrilaren hasieran, hilik aurkitu zuten gure gurasoek Jon, 47 urte besterik ez zituela.

Hil ondokoak

1978an, Jon hil eta bost urtera, gure gurasoen eskariz, Jonen seiehun bat liburu eta beste hainbeste disko sailkatu eta zerrendatu genituen. Hantxe agertu zen Haur besoetakoa ere, baina auto-edizioa zela pentsatu genuen, ia inork ez zuela irakurria izango... Liburuen erdia baino gehiago, batez ere atzerriko hizkuntzetan idatziak, Pariseko Goi Mailako Irakasleen Eskolari eman genizkion, eta, hurrena, handik Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatera eraman zituzten.

Garai hartan gauza bat gertatu zen, damugarri zaiguna: liburu eta diskoez gain, hainbat paper zeuden; agiri eta dokumentu pribatuak, lagunen gutunak eta beste. Gure gurasoek erabaki zuten ez zela egoki haiek irakurtzea ez gordetzea ere, esanez hildakoek hilobira eraman behar dituztela beren sekretuak. Eta, horregatik, paper haiek denak erre egin genituen. Dudarik gabe, gaur egun paper haiek Jonen nortasuna hobeto ulertzen lagunduko ligukete: haren nortasun konplexua, nahasia, baina, aldi berean, aberatsa bezain emankorra.

Txomin Peillen zena, adibidez, harrituta zegoen guk sailkatutako liburu eta aldizkarietan ez zuelako ikusi hainbat lan. Peillenek bazekien Jonek zertzuk behar zituen bere materialen artean. Esate baterako, gordetako aldizkarien artean azaldu zen La Revue Métapsychique, baina ez Peillenek esaten zituenak [Euzko Gogoa, Egan, Euzko Deya, Irrintzi...]. Beharbada, harrika botako zituen Jonek berak etsialdi edo amorrualdiren batean.

2007

Osabaren paperak erre eta kasik 30 urtera, gure osabaren lanaren garrantziaz jabetzen hasi ginen, 2007an.

Orduantxe jakin genuen iragan mendeko 50eko hamarkadaz gero kristautasunaren kontrako sentimendua areagotu baizik ez zela egin. Haur besoetakoa-ren gaiaren berri izan genuen —pedofiliatzat jo izan dena—, eta baita bere poema batzuek duten mami eztabaidagarriaren berri ere.

Ohartu ginen osabak, literaturaren bidez, hainbat harreman eta lagunarte josi zuela. Hori ez zetorren gure ustearekin bat, guk uste baikenuen Jon bere gelan eta bakarrik bizi zela. Oker geunden.

Ohartu ginen euskaraz ez ezik, bretoieraz ere hainbat artikulu publikatu zituela.

Jakin genuen 80ko hamarkadaz gero akademikoek eta idazleek hamaika artikulu eta liburu argitaratu zituztela Joni buruz.

Jakin genuen bere poema asko musikatu egin direla, euskarazko testuliburuetan ere ageri direla.

Jakin dugunez, Jon Miranderen lana hura hil ondoren hedatu da gehienbat, «artista madarikatuaren» aura du.

'NIRE BIZITZA HUTS EGIN DUT'

«Gure osabaren bizitza nolakoa izan zen ulertzeko bidean, baitezpadakoa izan zen 2022an Josu Martinez zinemagilea gurekin harremanetan sartzea, dokumentalerako [Mirande, film bat egiteko zirriborroa, 2023] testigantza eske. Orduantxe ohartu ginen benetan Jonek izandako harremanez eta harreraz. Horrek gure jakin-mina areagotu zuen, osaba sakonago aztertzera eraman gintuen, haren lan eta hari buruzko material guztiak errebisatzera. Euskaraz ez dakigunez, itzultzaile automatikoetara jo behar izan genuen. Laster ohartu ginen euskararen xehetasun eta ñabardura askok oraindik ihes egiten diotela adimen artifizialari».

 (...)

«Azkenik, mintegi honen gaiari [artea eta zentsura] lotutako puntu bat: testu batek sortzen duen haserrea oso gauza erlatiboa da. Jonek idatzitako batzuk irakurtzean, testu diskretu samarrak iruditu zaizkigu, galdera moral sakonez beteak. Kontrakorik frogatzen ez den bitartean, fantasiazko adierazpenak dira, literaturaren eremukoak, horixe baita artistaren jardun naturala. Idazleak idatzitakoa ez da autobiografia, penalki epai daitekeen zera bat. Eta epaitu nahi izatekotan ere, preskribatuta legoke aspaldi!».

 «Besterik da Jonek ideia naziak izatea. Osabak idatzitakoek eragin historiko edo praktikoa izan balute —Brasillach baten kasua, adibidez—, egilea epaitzeko aukera legoke, baina zorionez —Jonentzat eta gu guztiontzat zorionez—, osabaren diatribak artikulu isolatuetara, gutunetara edo bilera pribatuetara mugatu ziren».

 «Gure ustez, osabak idatzitakoak fantasiazko munduan kokatu behar dira, garaiko giroan eta ingurune jakin batean murgildutako pertsona baten pentsamenduak, gizaki tormentatu batenak, deprimituarenak, melankolikoarenak...

Bere bizitzako azken garaian, egun batean, honela esan zuen osabak: 'J’a raté ma vie' (Nire bizitza huts egin dut). Beharrik, huts egiteko sentimendu horri aurre egiteko eta, are, gainditzeko, osatu zuen obra literarioa. Horrexek ematen dio zilegitasuna gure osabaren lanari, horrexek egiten du zintzo, interesgarri, gizatiar bere lana, zentsura guztietatik landa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.