Alberto Iñurrategi. Alpinista

«Miresmena sorrarazten du aitzindarien ibilia irakurtzeak»

Vallejo, Zabalza eta Iñurrategi, aurkezpen egunean. TRANSANTARTIKA 2011.
2011ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Hanka bat Euskal Herrian eta bestea Antartikan dutela egin dituzte azken egunak Alberto Iñurrategik (Aretxabaleta, 1968), Mikel Zabalzak (Iruñea, 1970) eta Juan Vallejok (Gasteiz, 1970). Gaurko eguna iritsi zain ziren aspaldian, hilabetetako tramite, baimen eskaera eta prestaketak bukatuta, abenturari ekiteko irrikan baitira. Kontinente izoztuan asteartean barneratuko dira, Novolazarevskaia basetik.

Himalayako espedizioetara ohituta, Antartikara joan aurreko prestaketa oso desberdina izan al da?

Fisikoki prestatzeko ez dugu lan berezirik egin, eta gutako bakoitza gure gabeziak eta atalik hauskorrenak lantzen saiatu gara, baina prestaketa zehatzik egin gabe. Groenlandian konturatu ginen Himalayako igoera batek eskatzen duen prestaketa fisikorik ez dela behar halako jarduera batean; baldintza gogorrei aurre egiteko prestatzea da garrantzitsuena, burua batez ere. Beste aldagai batzuk egiten baitute gogorra halako espedizio bat: bakardadea, haizea, hotza, monotonia...

Nola prestatzen da bat halako zeharkaldi bati ekiteko?

Espedizioa antolatzeko egin behar diren tramitazio eta eskaerek, eta beharrezkoa izango dugun materiala eskuratzeak eman digu lanik handiena. Janariaren antolaketa ere buruhauste handia izan da; gutako bakoitzak 70 edo 80 egunez beharko dugun janaria antolatzeak dedikazio handia eskatu digu.

Hotza izango al duzue eragozpenik handiena Antartikan?

Dudarik gabe. Planteatzen dugun zeharkaldia 0 gradutan egitea ez litzateke gogorra izango; muturreko hotzak zailtzen du halako abentura bat. Iragan asteburuan zeropetik 37 gradu egin zituen, eta tenperatura maximoa zeropetik 27koa izan zen. Baldintza horietan 70 edo 80 egun egingo ditugula jakiteak adierazten du gogortasunaren neurria. Hotzari haizea gehituta, are eta handiagoa da hotzaren sentsazioa.

Buruak lan handia egin beharko du muturreko egoera horietan, ezta?

Eta buruak behar bezala lan egiteko esperientzia behar da. Himalayan zailduak gara gu, eta Groenlandian, zeharkaldi polarretako baldintzetara egokitu ginen. Han ikasitakoekin eta aurretik bildutako esperientziarekin datorkigunari aurre egiteko beste izangogarela uste dut.

Groenlandian egin zenuten udaberrian lehenengo urratsa. Proba baliagarria izan al zenuten?

Urrats hori egin gabe Antartikako espedizioa planteatu ere ezingo genukeen egin, zentzugabekeria handia litzateke. Asko ikasi genuen Groenlandian, eta ikasteko asko dugula dakigun arren, geure buruak proban jartzeko moduan gaudela uste dut.

Haizea lagun, kometak baliatuko dituzue 180 kiloko lerari tiratzeko, baina haizerik ezean, zuek egin beharko duzue tira. Zer daramazue gainean 180 kilo horietan banatuta?

Eguneroko janak, prestatzeko tresneriak eta erregaiak lau kilo eta erdiko pisua hartzen dute gutako bakoitzagatik. Atera kontuak: 70 egunez ari garenean... ia 300 kilo dira. Gutako bakoitzak 110 kilo eramango ditugu janaritan eta erregaietan; launa kometa daramatzagu eta beste ia hogei kilo dira horiek, teknologia tresnak, jantziak, eskalatzeko materiala, piezaren bat hausten denerako erreminta... eta lera bakoitzak hamar kilo pisatzen du. Aise iristen da bat 180 kilo osatzera.

Barraskiloen pare ibiliko zarete,etxea gainean duzuela...

Eskiekin oinez ibiltzen garenean barraskiloen pare ibiltzen gara, bai. Groenlandian, egunik gogorrenetan, 10 edo 12 kilometro aurreratzen genituen. Antartikan izotza aurkitzea espero dugu erosoago irrist egin ahal izateko. Baditugu beste espedizio batzuen erreferentziak, eta egunean 20-30 kilometro egiten zituzten, gutxienez. Ea haize egunak izaten ditugun eta leratik tiratu beharreko egunak gutxi diren.

Groenlandian ez bezala, Antartikaneskalatzeko asmoa ere baduzue. Zer duzue begiz joa?

Maud Erreginaren Lurraldetik pasatuko gara, eta hain eremu zoragarrian pena ematen zigun eskalada txiki bat ez egitea. Jakin badakigu ezingo dugula zailtasun handiko eskalada bat saiatu, material eta denbora gehiago beharko genukeelako horretarako, baina eskalada politen bat egin nahi dugu, Holtanna mendian. Mikelek ezagutzen du, eta eguraldia lagun badugu, astebete behintzat badaukagu eskalatzeko.

Amundsen, Scott, Shackleton... esplorazioaren historian izen handiak daude Antartikari lotuta. Espedizioa antolatzerakoan irakurri al dituzue haien ibiliak?

Miresmena sortzen du aitzindari haien ibilia irakurtzeak. Garai haietan ausardia behar zen halako abenturak planteatzeko. Modu miresgarrian egiten zituzten gainera. Gaur egun zeharkaldi polar gehienak abiapuntutik hego polora egiten dira, eta handik hegazkinean ateratzen dira. Duela ehun urte hego polora iritsi eta bueltatzea beste aukerarik ez zuten; oso espedizio gogorrak ziren, denboran hiru urte luze irauten zutenak. Sekulako ikasgaiak dira haien ibiliak egun halako espedizio batean murgildu behar garenontzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.