Film laburraren zuzendaria

Xabier Larrazabal: «Misterioagaz jolasean dabilen film labur bat da 'Kume'»

Basoan girotu du Larrazabalek bere bigarren film laburra: 'Kume'. «Egonezina» eragin nahi dio ikusleari, eta nork bere interpretazioa egin dezan bultzatu. Donostiako Donosskino Film Laburren Jaialdian emango du gaur.

Xabier Larrazabal, astelehen goizean, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Xabier Larrazabal, astelehen goizean, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
ane insausti barandiaran
2025eko urriaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Leihoak zabalik dauzkaten bi baserri, eta basoan elkartzekoak diren hiru lagun. Erritu moduko bat eraman du pantailara Xabier Larrazabalek (Bilbo, 1986) Kume bere bigarren film laburrean, eta atmosfera misteriotsu bat sortu. Donosskino Donostiako Film Laburren Jaialdian aurkeztuko du gaur, 19:30ean, Antzoki Zaharrean.

Zure bigarren ikus-entzunezko kumea erakutsiko duzu gaur: Kume. Hitzordu misteriotsu batera doaz hiru gazte. Esan liteke zertara?

Ez, osterantzean misterioa desagertu egiten delako apurtxo bat. Jokoa hori zen, hori zen hasierako ideia: jolastea misterio horregaz. Hiru gazte elkartzen dira basoan, eta zalantza puntu bat mantentzen da. Esanez gero zertara doazen, film laburra hondatu egiten da, nolabait. 

Bazenuten ulertuko ez zelako kezka? Esan dizue inork halakorik?

Ez digu inork esan argi ulertzen ez denik. Baina denetarik entzuten da gero, bakoitzak bere ideiak ditu eta. Misterioagaz jolasean dabilen film labur bat da, baina ez da guztiz irekia ere; horrek pentsarazten dio ikusleari gauza bat edo beste bat. Baina bada basoan pasatzen den gauza konkretu bat, eta ideia zen erritu moduko hori pantailara eramatea. Egonezin hori sortu nahi genuen, eta ikusleak giro horretan sortzea lortuz gero, gu pozik.

Isiltasunaren presentzia nabarmena da, eta kolpeek markatzen dute erritmoa. Giro hori sortzeko baliatu dituzue?

Bai, azkenean, joko hori egin gura genuen, kolpeena, eta iruditzen zitzaigun laguntzen ziola bai misterio giro horri, bai erritmoari. Muntaitzean erabaki genuen zerbait izan zen, baina ideia ona iruditu zitzaigun.

Eta izenburua? Zergatik Kume?

Hiru gazte dira protagonistak, eta gaztetasunagaz dauka lotura horko misterio edo hitzordu horrek. Iruditu zitzaigun izen egokia zela Kume.

Basora jo duzu berriro, Maite aurreko film laburrean bezala. Inspirazio iturri da zuretzat?

Bai, ni asko ibiltzen naiz basoan, oinez eta. Iruditzen zait jokoa ematen duela gauza askotarako, istorio asko sortzeko, eta imajinazioa pizten duela. Agian izango da asko ibiltzen naizelako han, eta ideiak ere horrela sortzen zaizkidalako. Iruditu zitzaidan leku iradokitzailea dela basoa.

«Iruditzen zait basoak jokoa ematen duela gauza askotarako, imajinazioa pizten duela. Oso leku iradokitzailea da»

Iradokitzailea bai, eta arazo teknikoak sortzen dituena ere bai? Haizea sumatzen da...

Bai. Filmatu genuenean, kristoren haizea eduki genuen, eta buruko min pixka bat eman zigun, baina ez zen egon beste erremediorik. Halere, azkenean, halako ukitu bat ere ematen dio irudiari eta filmari berari [barrez].

Protagonistak Nerea Gurrutxaga, Unai Madariaga eta Pello Armendariz dira. Ezagunak dira dantzan eta musikan, baina ez horrenbeste aktore lanetan. Zer moduzkoa izan da haiekin lan egitea?

Nik uste denok ibili ginela oso gustura, bai haiek eta bai gu. Denontzat izan da erronka; elkartu ginen, eta denok geunden berez egiten dugunetik kanpo. Haiekin egiteko gogoa geneukan, eta oso ondo moldatu ginen.

Zinebin eman zenuten film laburra. Zer harrera izan zenuten?

Ona. Horrelakoetan lagunak joaten dira beti, eta esaten dizute ondo dagoela. Baina gero zorrotzenak ere haiek izaten dira. Harrera ona izan genuen, eta ea zer moduz Donostian orain.

Izan ere, Donosskinon emango dute filma gaur. Badago film laburrak non proiektatua Euskal Herrian?

Nik esango nuke badagoela non erakutsi, leku asko daudela. Kontua da jende asko gabiltzala filmak egiten, baina lehen baino errazagoa da hori. Gero tokatuko zaizu leku batean edo bestean erakustea, baina lekuak badaudela esango nuke.

Euskara hutsezko bakarra da Donosskinon. Euskarak badu nahikoa presentzia horrelakoetan?

Ez dakit esaten, nik bi film labur bakarrik egin ditut eta. Baina Euskal Herrian esango nuke badutela presentzia. Esango nuke joan naizen lekuetan beti egon dela euskarazkoren bat. Harrobia egon badago, bai. Jende pila bat dabil gauza guaiak egiten.

Telebistan eta irratian ere ibili izan zara. Gustatuko litzaizuke ikus-entzunezkoen sorkuntza lanbide izatea?

Aparteko zerbaiten moduan ikusten dut hau. Noizean behin film laburtxo bat eginda nahikoa dut.

Ez da erraza izango horretarako baliabideak biltzea...

Ez, eta guk film labur biekaz izan dugun zortea da gure lanbideagatik inguruan badugula horretan dabilen jendea. Eta nahiz eta lagun arteko zerbait izan den hau, geure kabuz egina, baliabide batzuk hurbil izan ditugu. Eta horrek erraztu egiten du lana. Bestela...

Baduzu beste kumerik esku artean?

Oraingoz, ez. Baina ikusiko da. Ikus dadila hau, eta gero gerokoak.

LOTSABAKO

Baso bat?
Zeanurikoan ibiltzen naiz ni (Bizkaia).

Film labur bat?
The Fall, Jonathan Glazer zinemagilearena.

Zinemagile bat?
Kelly Reychardt.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.