Lorratzak, hatz markak, lupak eta zigiluak. Txostenak, frogak, karpetak eta pertsonaien fitxak. Hiltzaileak eta detektibeak, susmagarriak eta errudunak. Pasahitz eta kode ezkutuak. Badute zerbait misterio jokoek parte hartzaileak «harrapatzen» dituena. BERRIAk eta Txintxa Jolasak elkarteak euskarazko lehen misterio jokoak sortu dituzte, elkarlanean. Bi joko ondu dituzte, zehazki: haurrentzat bata —Misterio Kasu Laburrak—, eta helduentzat bestea —Aralarko Ttantta—.
Gaur aurkeztu dute jokoa, Ataungo Udaleko batzar aretoan (Gipuzkoa). Bertan parte hartu dute Aiora Etxeberria Txintxa Jolasak elkarteko kideak, Ainara Lasa BERRIAko Marketin eta Publizitate arduradunak, Egoitz Bergara Laboral Kutxako gazteentzako zerbitzuen arduradunak eta Adur Ezenarro Ordiziako alkate eta Goiturreko presidenteak. Izan ere, Laboral Kutxa, Goitur eta Amezketako eta Legorretako udalak izan dira proiektuaren babesleak.
«Interesgarria iruditu zitzaigun misterio jokoak euskaraz sortuak eta Euskal Herrian girotuak izatea»
AIORA ETXEBERRIA Txintxa Jolasak elkarteko kidea
Etxeberriak azaldu du zein izan zen jokoa sortzeko lehen pista. Legorretan topatu zuten, haurren aitzakian lau familia zenbait joko ezagutzeko elkartu zirenean: «Horrela iritsi ginen misterio jokoak ezagutzera. Ohartu ginen joko hauek oso balioaniztunak direla: jokatuz eta ondo pasatuz, edukiak, kontzeptuak eta balioak transmititzeko aukera ematen zutela».
Hutsune batekin topo egin zuten, ordea: «Konturatu ginen merkatuan ez zegoela euskaraz modu honetako jokorik, eta benetan interesgarria iruditu zitzaigun misterio jokoak euskaraz sortuak eta Euskal Herrian girotuak izateko aukera edukitzea». Pixkanaka, eta joko moduan, istorioak eta probak sortzen hasi ziren, esku artean dituzten bi jokoak osatu arte. «Guztiaren oinarria misteriozko gertaerak deskubritzea da, eta, horretarako, hainbat euskarritako pistak aztertzea izango da jokalarien helburua», azaldu du Etxeberriak.
Bi joko, enigma ugari
Jokalariak irakurle soil izateari utzi, eta protagonista bihurtzen dituzte jokoek. Misterio Kasu Laburrak jokoa da lehena, eta 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat eginda dago. Misterioa oinarri duten hamar arazo edo egoerarekin egingo dute topo, eta «hezitzaileak eta diziplina anitzetakoak» dutela esan du sortzaileak. Galdera horiei erantzuteko, mota desberdinetako frogak eta pistak ebatzi beharko dituzte: enigmak, buruketak eta bestelako jokoak. «Irakurketa eta ulermena, matematika eta logika, kontzeptuen loturak, talde kohesioa eta beste hainbat konpetentzia lantzen dira, zeharka», esan du.
Aralarko Ttantta, berriz, helduagoentzako misterio joko interaktibo bat da. Bertan, Goierrin gertatzen den heriotza bat argitzea izango da jokalarien eginbeharra. Horretarako, mapa eta ibilbide errealak, fakturak, argazkiak, mezu elektronikoak eta beste hainbat pista izango dituzte eskura. Misteriozko nobela baten, mahai joko baten eta ihes gela baten arteko fusio bat dela aurreratu du Etxeberriak.

Lasak eskerrak eman dizkie bai Txintxa Jolasak elkarteko kideei, baita laguntza ekonomikoa eman duten babesleei ere. Azaldu du BERRIAren eginkizun nagusia Euskal Herritik eta euskaraz informatzea dela, baina, era berean, euskal kulturarentzat erakusleiho bat eta euskal ekoizpenentzat bidelagun izaten saiatzen direla: «Uste dugu hori ere badela BERRIAren eginkizuna: ez euskaraz informatzea bakarrik, baita euskarazko ekosistema oso bat elikatzea ere. Horregatik, Txintxa Jolasak-en proposamena pozez jaso genuen».
Jokoak BERRIA dendan eskuragarri daude dagoeneko, eta Durangoko Azokako BERRIAren erakusmahaian ere salgai izango dira. «Gure jokoa ezagutzera gonbidatzen zaituztegu, eta ea zuek ere euskal misterioek harrapatzen zaituzteten», esanez amaitu du Etxeberriak.