HIRUDIA. Eider Carton.

Mitoen katea

2011ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Kometarik ezagunena Halley da, eta, alegiazko izarrik famatuena, Betleemgoa. Azkena Giottok margotutako Magoen Gurtza koadroari eskerrak bilakatu da ikono, eta jartzen da Eguberrietako jaiotza guztietan. Kalkuluek gezurtatu egiten dute bien arteko lotura —alde batera utzita Betleemgo gertaeraren egiazkotasunaren frogarik ez dagoela—, baina mitoaren indarra handia da. Gainera, Giotto pintorearen eta Halleyren arteko erlazioa ez da alegiazkoa. Izan ere, koadro famatua pintatu baino urte gutxi lehenago gertatu zen Halley kometaren agerraldietako bat, 1301ean, eta litekeena da Giottok ikusi izana. Ikusi eta —beharbada— pintatu, gertaera garrantzitsu baten iragarle gisa. Izan ere, garai hartan, baita lehenago eta ondoren ere ehunka urtez, gizakiak konbentzimendu osoz sinesten zuen kometak zerbait handia iragartzeko, zigortzeko edo ospatzeko agertzen zirela.

Zentzukoa da Magoen Gurtza halaxe sortu zela pentsatzea, nahiz eta jakin, jakin, ez dakigun. Zentzukoa da ere kometak naturaz gaindiko iragarletzat hartu izana horrenbeste denboran. Gaur egun dakigun guztiarekin zirraragarria bada kometa bat zeruan ikustea, zer ez zen izango haiei buruz deus ez zekitenentzat...

Naturaz gaindiko kausa-ondorio erlazio horiek desagertuz joan ziren kometak zer diren eta nola higitzen diren jakin ahala. Ez, ordea, mitoak sortzeko gaitasuna, eta, denborarekin, naturak hartu zuen naturaz gaindikoaren tokia irudimenean. Kometek eragindako uholdeak, marea bortitzak, Lurraren orbita-aldaketak... 1910ean, adibidez, Halleyren isatsa zeharkatutakoan zianuroz pozoituta hiltzeko beldurrak hartu zituen Europako herrialde asko. Garaiko espektroskopia-teknika berriei esker, kometaren isatsean zianogenoa detektatu zuten astronomoek, eta, nahikoa izan zen datu horri gehitzea agerraldi hartan kometaren isatsa zeharkatu behar zuela Lurrak, sentsazionalismoak ondoen egiten dakiena lortzeko. Berdin izan zuen jakitea zianogenoaren kontzentrazioa hutsaren hurrengoa zela; berandu zen. Kometaren aurkako itzalkinak, gas-maskarak eta pilulak saldu ziren, jendeak bere buruaz beste egin zuen gizateriaren suntsipena ez ikusteko...

Garaiko komunikabideetako testu politak daude Tecnologia Obsoleta blogean, irakurri nahi izanez gero. Handik ekarri dut La Ilustracion Artística astekarian argitaratutako hauxe: «Abiada bizian ari da urrutiratzen Halley kometa Lurretik, hirurogeita hamabost urte barru arte ez berriz agertzeko... Bisita sideral gogaikarri horri behin betiko agur esan aurretik, mereziko luke, beharbada, komentario bat eskaintzea, oraingo eta etorkizuneko belaunaldiei irakasteko. Izan ere, ba ote du gizateriak eskarmentuaren bertuterik? [...] Onerako litzake liburuki batean biltzea, ordena kronologikoan, kometa handia gerturatzen zela eta gizateriak bizi izandako izu-ikara eragin zuten testu zientifiko eta ez hain zientifikoak, jakinarazte harrigarriak, augurio beldurgarriak, egunkarietako informazioak, etorkizuneko gizonei uzteko; esanez bezala 1985ean bidaiari zerutiarraren agerraldi berria ikusiko dutenei: 'Hona hemen aurreko izualdiaren historia; ea berriz jausteko bezain kaikuak zareten' [...]».

Hirurogeita hamabost urte geroago, lezioa ez ikasi izanaz kexu zen, etsitu samar, Isaac Asimov, Halleyren zain geundela idatzitako liburuan; berdin du zenbat ikasi, beti izango da tokia izu berrientzat. Eta 1986ko agerraldian, talka zen izuaren eragilea. Urte gutxi lehenago deskubritu zuten Walter Alvarezek eta Jan Smitek asteroide baten talkak akabatu zituela dinosauroak eta garai hartako beste ia bizidun guztiak duela 65 milioi urte, eta pil-pilean zegoen gaia. Halleyk joko ez gintuela bagenekien, baina hainbeste kometa eta asteroiderekin hor kanpoan, arrisku bizian egon gintezkeen. Hain zuzen ere, 1990eko hamarkadaz geroztik, hainbat proiektu daude indarrean Lurretik gertu igarotzen diren asteroide eta kometei jarraitzeko; arriskua, izan, egiazkoa delako, nahiz eta ez giza irudimenak harrotutako neurrian. 2061ean gerturatuko da berriz ere Halley Lurrera. Zer mitorekin egongo ote dira kateatuta orduan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.