Miurak itxi du zirkulua

1899an lehendabizikoz etorri zirenetik, 66. entzierroa egin dute Miura ganadutegiko zezenek. Aurreko entzierroak bezala, azkarra izan da, bi minutu eta 22 segundoan osatu baitute. Bost lagun ospitaleratu dituzte, kolpeengatik

Miurak itxi du zirkulua.
joxerra senar
2023ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Groudhog day filmean, Bill Murray aktoreak antzeztutako pertsonaia egunero esnatzen zuen iratzargailu berak ohe berean egun berean. Etenik gabe egun hura errepikatzera kondenatuta zegoen. Aurreko urteetako joerari jarraikiz, aurtengo entzierroek pelikula hori ekarri dute gogora. Hasi eta buka, entzierro berbera errepikatzen ari ote zen déjà vu etengabe hori. La Palmosilla ganadutegiko zezenek hasi zituzten sanferminak, eta Miurakoek itxi zuten atzo zirkulua. Gainerakoen moduan, arin-arin egin zuten bidea, eta bi minutu eta 22 segundoan amaitu zuten entzierroa. Ez zen adarkaturik izan, eta bost lagun ospitaleratu zituzten.

Gainerako ganadutegien aldean, historiaren itzal luzea du Miurak. 1899an egin zuen korri lehen aldiz sanferminetan, eta ordutik 66 aldiz etorri da Iruñera.

Azken suziria jaurtitzearekin batera, jauzika atera ziren ukuilutik, goizeko argi distiratsuan zezenen bizkarraldetik ateratako hauts hodei bat nabarmentzen zen bitartean. Joaldun bat jarri zen buruan, eta haren aldamenean, zezen beltz bat.

Abiadura handian igo zuten pendiza, eta korrikalari gutxi batzuk gai izan ziren taldearen aurrean jartzeko istant batez. Aldaparen erdialdera, taldea iritsi aurretik, korrikalari bat erori egin zen, ziurrenik estropezu eginda, eta zezenak gainetik pasatu zitzaizkion. Gorputza bildu egin zuen, gainera zetorkiona jakinik. Behin pasatuta, altxatu ahal izan zen.

Jarraian, gorago beste lasterkari batek eskuinera egin, joaldunarekin topo egin, harrapatuta geratu, eta lurrera jausi zen. Albotik zezena pasatu zen, eta buruarekin hari ez jotzeko iskin egin zuen. Onik atera zen.

Aldaparen amaieraraino, joaldunak jarraitu zuen taldearen buru, eta haren lepotik zintzilikatutako zintzarri handien burrunbak adierazten zien aurretik zirenei gainean zituztela zezenak. Udaletxe plazan, lasterketa politak ikusi ahal izan ziren. Abiaduragatik, toki zaila da korrika egiteko, baina zenbait arin-arinka ibili ziren, adarren aurrean.

Haiei lekukoa hartu zieten beste zenbaitek Mercaderesen. Zezen beltzetako batek gidaritza hartu zuen une horretan, eta bihurgunea motel hartu zuen, horma jotzea saihestuz. Hormari itsasita ekin zion Estafetako zatiari, eta hasiera horretan paretan botata eta bildurik zegoen parte hartzaile baten gainetik pasatu zen, haren aurkako keinurik jo gabe. Onik atera zen.

Lehia bizia

Nahiz eta hasierako entzierroekin alderatuta parte hartzaile gutxiago izan, oso garesti zegoen zezenen aurrean korrika egitea, aurrealdeko zezen taldea bildurik baitzihoan. Toki horretan egoteko lehia bizia izan zuten lasterkariek, eta bultzadak eta beso kolpeak egon ziren haien artean, nor jarriko kalearen erdian, haientzat hain berezia den posizioan.

Lehen talde horren atzetik, beste hiru zezenak ere multzoan joan ziren gainerako joaldunekin bildurik. Oso zaila egin zitzaien parte hartzaileei baldintza horietan zezenen aurrean jartzea. Talde horren alboan korrika zihoan lasterkari batek estropezu egin zuen, eta alboan zuen zezenaren adar punta haren kamiseta zurian trabatu zen, aise, oihala berehala urratzeraino.

Espoz y Mina kalera iristean, hasierako taldean berriro joalduna jarri zen aurretik, eta hiru zezenak haren atzetik, berriro ere eragotziz haien aurrean jartzea. Telefonicaren bihurgunean, aurrekoetan bezala, jendea pilatuta zegoen, baina zezenek aurrera jarraitu zuten, eta plazara sartu aurreko malda horretan abiadura hartu zuten berriz. Neska baten gainera arrapaladan etorri zen zezenetako bat, eta abiaduraren bortxaz adarrekin jo zuen. Zorte handia izan zuen. Azken entzierroa izan zen atzokoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.