Moda lasterra moteltzea xede

Prezio merkeek badute kosturik ezkutuan: moda lasterraren atzean esplotazioa, ingurumen kutsadura eta kontsumismo neurrigabea daude. Hala ere, badira modu arduratsu eta iraunkorrean ekoizten duten alternatibak ere.

Bi emakume marka handien beherapenak ikusten. ANA ESCOBAR / EFE
Bi emakume, marka handien beherapenak ikusten. ANA ESCOBAR / EFE
unai etxenausia
2025eko maiatzaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Merkataritza guneetako erakusleiho distiratsuetan, kamiseta batek kafe batek baino gutxiago balio du maiz. Modan dago, polita da, baina seguruenik munduko beste aldean ekoitzi dute, erosleak inoiz ezagutuko ez dituen esku batzuek josia. Hori da moda lasterraren logika. Baina arropa merkeen atzean bada askotan kontatzen ez den istorio bat...

Fast fashion (moda lasterra) terminoa 2000ko hamarkadaren hasieran hedatu zen, Zara, H&M eta azken urteetan Sheinen gisako markek diseinutik salmentarainoko tarte osoa nabarmen laburtu zutenean. Garai batean, moda urtaroen arabera antolatzen zen; gaur egun, ordea, marka askok bi astean behin kaleratzen dituzte bilduma berriak. Europako herrialdeetakoak, Amerikako Estatu Batuetakoak eta Txinakoak dira marka gehienak, eta azken hamarkadetan Mendebaldeko ehungintzaren merkatua monopolizatu dute prezio lehiakorrak ezarriz.

Eredu horrek kontsumo azkarraren kultura elikatzen du: erosi, pare bat aldiz erabili eta bota. Eta, erakusleihoa etengabe berritzen den bitartean, arropak sortzen duen hondakin kantitatea handitu egiten da. McKinsey & Company aholkularitza konpainia entzutetsuaren arabera, 2000. urtean munduan 50.000 milioi arropa pieza inguru ekoizten ziren urtean. Gaur egun, kopuru hori 100.000 milioitik gora doa. Orain 15 urte baino %60 arropa gehiago erosten da, baina erdira murriztu da arropa bakoitzaren iraupena.

Moda bizkorraren aurkako protesta Bruselasen, 2023an. OLIVIER HOSLET / EFE
Moda lasterraren aurkako protesta bat Bruselan, 2023an. OLIVIER HOSLET / EFE

Salneurri merkeei eta ekoizpen azkarrari eusteko, Asiako eta Afrikako herrialdeetara eramaten dute produkzioa, non lan eskubideak urriak eta ingurumen araudiak ahulak diren. Bangladesh, India, Vietnam eta Kanbodia dira produkzio gune nagusiak: langile gehienak emakumeak dira, eta pobreziaren atalasearen azpitik dauden soldatak jasotzen dituzte. Funtsean, produkzio kostuak eta materialen kalitatea minimizatuz etekinak maximizatzea dute helburu.

Bestelako eredu bat defendatzen du Eider Garcia Garikano sastreak: «Marka handiek bolumen handiak ekoitzi behar dituzte, eta horiei garesti ateratzen zaie hemen bertan egitea. Horregatik, ekoizpena kanpoko herrialdeetara eramaten dute, soldata ahalik eta txikienak ezarri, eta lan baldintza penagarriak eskaini; askotan, 20 orduko lanaldiak ere bai. Gizakiak jartzen du kostua: esplotazioa, kutsadura eta kontsumismo neurrigabea».

2013ko apirilean, esaterako, Bangladesheko Daka hiriko Rana Plaza izeneko eraikinaren hondoratzeak agerian utzi zuen industria horren atzeko errealitate gordina. Milaka langile ari ziren lanean ehungintza fabriketan, eta 1.134 pertsona hil eta 2.500 baino gehiago zauritu ziren. Tragedia haren ondorioz sortu zen Fashion Revolution mugimendua, arroparen jatorria aztertzen zuena. Baina, hamar urte baino gehiago pasatu badira ere, langile askok baldintza kaskarrak dituzte oraindik.

Hondamendia gertatu zeneko irudia.
Hondamendia gertatu zeneko irudia. ABIR ABDULLAH / EFE

Ingurumenari dagokionez ere, datuak kezkagarriak dira. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, modaren industria da berotegi efektuko gasen %10en erantzule —hegazkin eta itsas garraio guztia baino gehiago—. Horrez gain, ur hondakinen %20 sortzen ditu, eta urtean 93.000 milioi metro kubiko ur kontsumitu. Adibidez, kotoizko kamiseta bat ekoizteko 2.700 litro inguru behar dira: pertsona batek ia hiru urtez edaten duen bezainbeste. 

Hondamendi horren erakusgarri da Atacamako basamortua, Txilekoa. Urtero 59.000 tona arropa iristen dira hara, batez ere Europa, Asia eta AEBetatik. Horietatik 39.000 tona inguru saldu gabe geratzen dira; basamortuan pilatzen dira, eta lurra eta airea kutsatu. Gainera, gaur egun gehien erabiltzen diren ehun asko ez dira naturalak, baizik eta plastikoen deribatuak. Garciak ohar bat egin du: «XXI. mendean erabiltzen diren zuntzak plastikoak dira. Hain azkar doan moda horren eraginez, zabor mendi handiak sortzen dira». Eta, askotan, arropa horiek poliesterrez eginak dira —petrolioaren deribatua—, eta garbitzean mikroplastikoak askatzen dituzte; gero, mikroplastiko horiek itsasora eta gure elikadura katera iristen dira.

Erreakzioa

Badaude kontrara doazenak, merkatuaren logikari aurre egiten diotenak. Haientzat, jantzi bat ez da bat-batean sortzen den zerbait, prozesu luze eta konplexu baten emaitza baizik. Moda etikoaren etiketan aritzen diren diseinatzaile eta saltzaileak dira horiek. Ehungintza hegemonikotik aldenduta, gardentasuna dute helburu jantzigintzan.

Garciak, esaterako, neurrira egiten ditu jantziak, ehun organikoekin eta naturaren erritmoa errespetatuz. Nabarmendu du arropa horiek askoz iraunkorragoak direla: «Sastre lanetik datozen jantziak oso iraunkorrak izaten dira, material onekin egiten direlako. Horrek berak ematen dio iraupena arropari. Josturak ere bestelakoak dira, eta hori nabaritzen da: garbigailu barruan bustita geratzen bada... azkenean igartzen da».

Eider Garcia arropa sortzen. GORKA RUBIO / FOKU
Eider Garcia Garikano, bere tailerrean arropa sortzen. GORKA RUBIO / FOKU

Bigarren eskuko arropa saltzeko denden gorakada, Vinted eta Depop-en gisako aplikazioen erabilera, eta gainziklapena edo konponketa tekniken berragerpena ere badira norabide aldaketa baten seinale.

Hor sartzen da Koopera, bigarren eskuko arropa saltzeko denda. 18.000 tona baino gehiago jasotzen dituzte urtean, 700 pertsona baino gehiago enplegatzen dituzte —horietatik %55 gizarteratze prozesuan daude—, eta 36 Koopera Store denda dituzte estatu osoan, modaren kontsumo arduratsua sustatzeko.

Maria Luz Ferro Fernandez koordinatzaile nagusiak azaldu duenez, fast fashion-aren ondorio negatiboen aurkako borrokan funtsezko zeregina betetzen du Kooperak: «Inpaktu soziala eta ingurumenekoa uztartzen dituen ekonomia zirkularreko eredu baten bidez. Urtero milioika jantzi jasotzen eta hautatzen ditugu, eta beste bizialdi bat eman, arropa zabortegietara iritsi ez dadin; aldi berean gizarteratze enplegua sortzen dugu egoera ahulean daudenentzat». Arropa berrerabili ezin denean, birziklatzen saiatzen dira. Eta hori ere ezinezkoa bada, balorizazio energetikoa egiten dute, «ezer ez dadin zabortegira heldu».

«Gaur egun, gero eta jende gehiago etortzen da gure dendetara moda arduratsu eta esklusiboaren bila»

MARIA LUZ FERRO FERNANDEZKooperako koordinatzaile nagusia

Azken urteetan kontzientzia sozial eta ekologikoa nabarmen zabaldu dela ikusten du Ferrok. Bezeroen ezaugarriak ere aldatu egin dira bigarren eskuko dendetan: lehen 45-65 urte bitarteko emakumeak ziren nagusi, eta gaur egun erosleen herenak 30 urtetik beherakoak dira. «Gaur egun, gero eta jende gehiago etortzen da gure dendetara moda arduratsu eta esklusiboaren bila. Badakite beren erabakiek eragin positiboa dutela», azaldu du Kooperako koordinatzaile nagusiak.

Garciak, arropa propioak sortzeaz gain, bigarren eskuko arropa erosteko ohitura kontzientea dauka, eta Koopera eta halako dendetara joaten da: «Oso begi onez ikusten ditut. Oso ondo iruditzen zait, behintzat arropa ez delako zuzenean zabor mendietara joaten. Asko gustatzen zait dendetara joatea eta berrerabiltzea».

Kooperaren bigarren eskuko denda bat. KOOPERA
Bigarren eskuko arropa saltzeko Koopera denda bat. KOOPERA

Sastrea bezala, gero eta gazte gehiago joaten da bigarren eskuko arropa erosteko dendetara «arropa esklusibo, original eta jasangarria bilatzera», esan du Ferrok: «Moda estilo kontu bat izan daiteke, baina gaur egun kontzientzia sozial eta ekologikoarekin lotzen da gero eta gehiago. Gazte askok badute kontzientzia hori». 

Eta orain zer?

Moda lasterrak modaren demokratizazioa ekarri du, baina prezio ikusezin bat du, eta gero eta zailagoa da ez ikustea: ingurumenari kalte egiten dio, eta giza eskubideak urratu. Kontsumitzaile moduan hartzen ditugun erabakiek —zer erosten dugun, nori, zenbat— eragin zuzena dute planetan eta langileengan.

Marka handi batzuk euren irudia garbitzen saiatzen dira. Baina ingurumen taldeek eta adituek ohartarazten dute horrelako egitasmoak greenwashing edo zuriketa berdetzat jo daitezkeela: jasangarri izateko itxura eman, egiazko aldaketarik egin gabe.

Kooperaren ikuspegitik, ongi iruditzen zaie jasangarritasunari buruz hitz egiten hastea, baina «benetako konpromisoa» behar dela uste du koordinatzaileak: «Guretzat, jasangarritasuna ez da soilik marketin tresna bat: arropa berrerabili, birziklatu eta lan inklusiboa sortzen dugu. Hor dago benetako aldea».

NBEk ohartarazi duenez, ezer egiten ez bada, arropa kontsumoa %63 handituko da 2030erako. Moda etiko eta jasangarriak erritmo itogarri horri mugatu nahi du. Kooperaren balioen arabera, moda lasterraren aurka borrokatzeko beharrezkoa da tokian tokiko aldaketa egiturazkoak bultzatzea. Horien artean daude hondakinaren bilketa selektibo eta arduratsua arautuko duten legeak, birziklapena eta berrerabilera sustatzeko pizgarriak, eta kontsumo arduratsuaren inguruko hezkuntza bereziki gazteen artean.

«Nire belaunaldiko asko beren marka propioa sortu eta aurrera eramaten saiatzen dira. Horrek itxaropena ematen dit»

EIDER GARCIA GARIKANOSastrea

Halaber, garrantzitsua da hirugarren sektoreko enpresa eta egitasmo sozialekin lankidetza sendotzea, eta tokiko alternatibak sustatzea: bigarren eskuko denden sarea, jantzien alokairua edo konponketa zerbitzuak, besteak beste. Koordinatzaileak argi dauka: «Jendea gero eta gehiago konturatzen da arropa berria etengabe erostea ez dela jasangarria. Gure lana alternatiba bat eskaintzea da: sozialki bidezkoa, ekologikoki arduratsua».

Arropa sortzaile txikiak ere itxaropentsu izateko arrazoia dira moda jasangarriaren etorkizunera begira. Hala uste du Garciak: «Nire belaunaldiko asko beren marka propioak sortu eta aurrera eramaten saiatzen dira. Horrek itxaropena ematen dit».

Bien bitartean, hor nonbait, arropa berria ari dira josten. Agian erakusleiho batera iritsiko. Agian erosiko du norbaitek, pare bat aldiz jantzi eta gero ahaztu. Edo agian ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.