Etxean egiten dena babestu. Horixe du helburutzat. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ekoizten den moda izendatzeko Moda Vasca etiketa sortuko du Basquemodak, Euskal Modaren Klusterrak, udatik aurrera. «Badaude euskal marka batzuk hemengoak direnik ez dakigunak, askotan. Euskal moda bultzatu, eta kalitatea bermatzeko helburua du egitasmoak, eta bide batez, salmentak handitzekoa», azaldu du Santos Txakartegi Basquemodako presidenteak. Markaren partaide bihurtzeko baldintza Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan diseinatutako produktua izatea izango da, eta ez ditu barnean hartuko kanpoan lan egiten duten diseinatzaile euskal herritarrak. «Jendeari euskal moda zein den, eta non saltzen den erakutsi nahi diogu, eta atzerritarrei produktu bereizgarri bat eskaini», jarraitu du Txakartegik. Horren baitan, «euskal modaren ibilbidea» sortu nahi dute. Hala, turismoarekin lotutako espazio eta webguneetan etiketaren jabe diren saltokien berri emango dute, eta aplikazio bat ere sortuko dute.
Bizkaiko Modaren enpresarien elkarteak, Bizkaiko merkataritza enpresarien konfederazioak, Gipuzkoako Merkataritzaren Federazioak, Gipuzkoako Moda Elkarteak, eta Arabako merkataritza eta Zerbitzuen Federazioak osatzen dute Basquemoda.
Skunkfunkeko sortzaile eta zuzendari nagusi Mikel Feijo Elzok ondo ikusten du Euskal Herriko modaren egoera. «Hemengo modaren kontsumoa Euskal Herrian nahiko altua da, beste leku batzuekin konparatuta», dio. Horrek, zuzendariaren aburuz, batzuei arroparen jatorria nongoa den axola diela esan nahi du. Marka sortzea «politika ona» dela iruditzen zaio, eta eurak egitasmoko partaide izango direla.
Turistei begira ere mesedegarria izango da: «Gastronomia eta kulturaren bila datozenak zergatik ez dira etorriko modaren bila ere? Katalunian, adibidez, Desigual arropa oroigarri gisa saltzen da, atzerritarrentzat», nabarmendu du Feijok. Egitasmoarekin salmentak gehituko litezkeela iritzi dio Feijok, eta krisiaren arrastoa nabaritzen ari direnez, eskertuko dutela. 2000. urtean sortu zen Skunkfunk marka. Enpresa hartzekodunen konkurtsoan egon da urtebetez, eta enpresaren egitura gutxitu egin behar izan dute, langileak kaleratuta. Garai batean gizon eta emakumeentzako arropa diseinatzen zuten, andrazkoen arropak egiten dituzte orain, soilik. Krisiaren eraginez hartu dute erabakia. Feijok dionez, ez da «beharrezko» sektore bat moda. Gaineratu du jendeak behar baino arropa gehiago daukala ziurrenik etxean eta gastuak murrizterako orduan nonbaitetik moztu behar dela. «Batzuentzat moda ez da lehentasun bat, batez ere, gizonezkoen kasuan».
Datuek, behintzat, egoera kezkagarria adierazten dute. «Modaren kontsumoa %40 jaitsi da Euskal Herrian». Nolanahi ere, krisi egoerari buelta eman eta indarberrituta atera da Skunkfunk. 38 herrialdetara iristen dira, aurten, eta ekoizpenaren %70 ia esportatu egiten dute. Eurenak diren 23 saltoki dituzte, eta 500 saltokitara banatzen dituzte arropak.
Askotan hemengo marken inguruko informazio falta dagoela azaldu du Feijok. «Gure kasuan duela gutxira arte batzuek ez zekiten hemengo marka ginenik. Askok pentsatzen zuten alemaniarrak ginela, han oso zabalduta baitago».
Iritzi berekoa da Mikel Urmeneta ere. Kukuxumusu sortu zuen, 1989an, beste bi lagunekin batera, eta gaur egun, sormen zuzendaria da. Iruñean dute egoitza, baina munduko 98 herrialdetaraino iristen da Kukuxumusu. «Euskal modaz hitz egiten bada, eta ez Euskal Autonomia Erkidegoko modaz, argi dago Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko enpresek ere parte hartu beharko luketela», adierazi du Urmenetak. Hala ere, batu eta hazteko den edozein egitasmo ona izaten dela uste du, hasiera batean. Hortik aurrera, erabakia modu egokian kudeatzen den ikusi beharko dela dio; oraindik, ez baitaki ongi nola funtzionatzen duen Basquemodak.
Euskal Herrian diseinatzaile oso onak eta marka oso interesgarriak daude, Urmenetaren aburuz. «Baina irudipena daukat modarekin ez dela gertatzen gastronomiarekin bezala. Ez dago ospe hori. Maila handitzen saiatu behar dugu, beraz». Oro har, irudimena, sormena eta berezitasuna faltan sumatzen ditu Urmenenetak. Gaineratu du euskal herritarrei gustatzen zaiela hemengo markak janztea. Erronka atzerrian ere sona hartzea da, Kukuxumusuk egin duen gisara, diseinatzailearen ustetan. Eta belaunaldi berrietan jarri du jomuga. «Gazteek gauza berriak proposatu behar dituzte. Boterea gazteengan dago; irudimenean, arriskuan eta teknologian».
Bartzelonan ikasi behar
Irati Guarretxena da Euskal Herrian lan egiten duen gazte diseinatzaileetako bat. Bartzelonara joan zen ikastera, 18 urte zituela. «Hemen ez zegoen moda diseinuari buruzko ikasketarik». Bartzelonan pasatu zituen bost urte, eta gero Londresen egon zen denboraldi bat. Baina Guarretxenak Euskal Herrian bizi nahi zuen. «Hemen lan aukera gutxi zeuden, eta orduan pentsatu nuen bakarkako proiektuan».
Letitare saltokia eta marka ditu orain, Donostiako Bretxa saltoki gunearen azpian. Bi urte daramatza, eta oso pozik dago. Hirugarren bilduma egiten ari da, eta Bartzelona, Bilbo eta Frantzian ere saltzen ditu bere diseinuak. «Azkenean dagoen aukera bakarra da. Pixkanaka bilduma laburrak egin, eta desfileetan parte hartzea». Garapen artistikoan ez dagoela inongo mugarik inon dio Guarretxenak, baina baliabide teknikoen aldetik, Euskal Herrian ez dagoela ehungintza industriarik azaldu du.
Bere diseinuak Bartzelonako tailer batera bidaltzen ditu jostera. «Euskal Herrian ez dut topatu prezio kalitate bideragarriko tailerrik, eta enpresa txikientzat Indiara edo Txinara bidaltzea ez da hain merkea».
Moda Vasca markak lagunduko duela uste du Guarretxenak. «Nire kasuan, behintzat, babestu egingo nauela uste dut. Nik diseinatu, ekoiztu, eta markaren garapena hemen egiten dut». Erosle batzuek kezka badutela uste du Guarretxenak, eta krisi garaiotan dirua bertan gastatzea eta bertako industriari laguntzearen alde egitea ongi ikusita dagoela.
1990ean sortu zen Zestoako Batela arropa enpresa. Itsasoari lotutako jantziak eta osagarriak egiten ditu. «Bi jantzi ekoizten ziren hasiera batean: txanodun euritakoa eta kamiseta bat», azaldu du Marta Arratibelek, Batelako merkataritza arduradunak. Enpresa haziz eta zabalduz joan da pixkanaka, eta egun bi bilduma egiten ditu: udakoa eta negukoa. «Udakoa da guretzat garrantzitsuena. Baina bezeroen eskariz negukoa ere zabaltzen ari gara: berokiekin, jertseekin...».
Euskal Herrian eta Frantzian saltzen dute gehien, baina Europako beste herrialde batzuetara zabaltzen ari dira: Italiara, Frantziara, Alemaniara, Finlandiara, Erresuma Batura. «Batez ere kosta duten herrialdetara eta turismoko lekuetara iristen gara, baina pixkanaka beste leku batzuetara zabalduz joan nahi dugu. Izan ere, krisia hasi aurretik zabalkunde hori egiten hasita egotea egoerari aurre egiten laguntzen ari zaigu».
Euskaragatik kezka
Arrasatekoa (Gipuzkoa) da Ternua marka, eta 1994tik mendiko arropen merkatuan leku bat lortu du. Rikardo Idiakez Ternuako komunikazio arduradunak azaldu duenez. Inport Arrasate enpresak Astore marka sortu zuen lehendabizi, 1989an, eta 1994an sortu zuten Ternua, Euskal Herrian zegoen mendizaletasunari lekua eman nahian. Nazioartean saltzen dute, gaur egun. Japoniara, Taiwanera, Koreara, Europako hainbat herrialdetara nahiz Ameriketaraino iristen dira. «Mendiko arropen merkatua ikaragarri hazi da Europa osoan, eta hazkunde hori baliatu du Ternuak. Gainera, Euskal Herrian janzteko ohituren eredu baten barruan sartu gara», dio Idiakezek. Modari garrantzi handia ematen zaiola uste du. «Gizarteak modarekin gero eta harreman estuagoa dauka. Bertako markek, gainera, badugu pisua».
Basquemodak Moda Vasca etiketa euskaraz egoteagatik kezka azaldu dute batzuek, badirelako euskaraz leloa eta marka duten arropa enpresak. Ternua da horren adibideetako bat.
Ezarian. Euskal Herriko moda
Moda modan jartzeko
Basquemodak Moda Vasca marka sortuko du. Krisia dela eta, modaren kontsumoa jaitsi egin da, eta gehiago saltzeko ongi etorriko dela uste dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu