Monumentu sustraidunak

Vicente Guinea argazkilari eta naturazaleak 'Euskal Herriko zuhaitz monumentalak' liburua ondu du. Hamabost urteko lanaren emaitza da: milaka urteren kontakizun grafikoa.

Eraulgo artea. VICENTE GUINEA
Eraulgo artea. VICENTE GUINEA
enekoitz telleria sarriegi
2026ko irailaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kiribilduta dituzte erroak, eta denboraren orbanak dira haien adarrak. Harrapa litezke argazki batean milaka urte, eta urtaroen joana esplikatu. Zer-nolako sentipena izan behar duen zuhaitzen historia kontatzen hastea eta historia haiek kontatzen dutela ohartzea. Sustraidun monumentuak dira, hostodun artelanak, argiaren arabera pozten edo tristatzen diren ederlanak, naturak agindutako aldartearen arabera. Erraldoi galant eta hauskorrak. Inguruan daude, baina askok ez dituzte ikusten, eta ez dituzte bizitzen. Vicente Guinea Gonzalez de Artazak bai. Urteak daramatza horien lilurak harrapatuta. Haien erro kiribilduetan preso. Hamabost urte egin ditu haiei segika. Une aproposenen eta izpi egokienen zain. Eta liburu batean bildu ditu zuhaitzak, uneak, izpiak eta irudiak: Euskal Herriko zuhaitz monumentalak.

Mendazako artea. VICENTE GUINEA
Mendazako artea. VICENTE GUINEA

Ez ditu berak deskubritu. Monumentu natural gisa katalogatuta dauden zuhaitzak dira liburuan agertzen diren ia denak. Deskubritu dituenak horien formak dira. Horien ertzak, zuloak, zirrikituak, itzalak eta argiak. Eta argazkitan jaso ditu. «Argazkilaritza, natura eta zuhaitzak izan dira nire pasioa betidanik. Oso mendizalea izan naiz. Pirinio gehiena zeharkatutakoa naiz, Afrikako Kilimanjaro mendira ere iritsi nintzen... Eta beti joan izan naiz nire kamera hartuta», azaldu du 76 urteko elgoibartarrak (Gipuzkoa). Denborarekin, afizio horiek guztiak «era naturalean» elkartu direla dio berak liburuaren sarreran: «Harik eta norberaren gozamenetik, ingurumenaren behaketa lasaitik eta gure lurraldeko zuhaitz ondareari balioa emateko desiratik, proiektu hau sortu arte».

Etxarriko haritza. VICENTE GUINEA
Etxarriko haritza. VICENTE GUINEA

Erretiroa hartuta dago Guinea. Eibarko (Gipuzkoa) Armerian lan egindakoa da urte luzez. «Elgoibarko Ongarri argazki taldean egin nuen nire lehen ikastaroa, eta argazkilaritzak katigatu egin ninduen. Laborategiko beste ikastaro bat ere egin nuen. Argazkiak modu analogikoan lantzen ziren garaiari buruz ari naiz. Hor deskubritu nuen nire afizioa, eta, geroztik, ez diot kamerari jaregin». Euskal Herriko mendi eta baso gehienak bisitatu eta zeharkatu ditu. Zuhaitzei erreparatzen die, eta haien forma bitxiei. Liburu forma hartu du oraingoan bere jardunak, eta oso eskertuta dago Beta argitaletxeak eta Elgoibarko Udalak eman dioten laguntzarekin. Aurretik, beste hiru bilduma zeuzkan eginda, eta erakusgai jarrita ere bai: Animarbolak, irudimenari irekia dagoen erakusketa, Jaizkibelgo Geoformak eta Euskal Herriko zuhaitz apartak. Bilduma horiek Euskal Herriko hainbat tokitan egon dira ikusgai azken urteotan. Esate baterako, Salburuko Ataria zentroan (Gasteizen), Okendo kultur etxean eta EHUko Carlos Santamaria zentroan (Donostian), eta Ingurumen Hezkuntzako museoan (Iruñean). «Animarbolen gaia lantzen duela hogei bat urte hasi nintzen. Pagadiak maite izan ditut beti; horren garbiak direnez... Eta figura horietatik asko pagadietan topatutakoak dira. Segitzen dut pagadietan sartzen. Zerbait magikoa da. Eta magia hori transmititzen saiatzen naiz argazkilaritzaren bidez».

Azpiazuko artea. VICENTE GUINEA
Azpiazuko artea. VICENTE GUINEA

Jada deskubrituta dauden zuhaitzen inguruan egin du lanketa, «baina denak ez daude eskura, eta batzuk topatzea ez da erraza. Askoren bila behin baino gehiagotan joan behar izan nuen, baina duela hamabost urteko kontuak dira horiek. Orain hobeto seinaleztatuta daude. Eta hobeto zainduta ere bai; hesituta, sustraiak-eta inork zapaldu ez ditzan». Aitortzen du, hori bai, zuhaitzen atzetik bainoago horien argiaren atzetik ibili izan dela. «Argazkia argia da, eta gai honetan are gehiago. Eta une hori harrapatzea. Pazientzia izatea. Tematzea». Grina da harena, eta obsesio puntu bat ere baduela onartu du. «Iparrorratz bat eramaten dut, zeren batzuetan zuhaitzari ez dio argi egokiak ematen argazki ona ateratzeko. Hortaz, haren atzetik joaten naiz goizean edo arratsaldean harrapatzera, argiak egoki jotzen ote duen ikustera». Orein forma zeukan zuhaitz batekin akordatzen da: «Behin baino gehiagotan bisitatu nuen. Bost bidaia egin nituen inguruan, argiak aurpegian jotzen zuela topo egin arte. Zorionez, nire herritik gertu zegoen, Kortazarren».

Getariako artelatza. VICENTE GUINEA
Getariako artelatza. VICENTE GUINEA

Zuhaitz bakoitzaren bi, hiru edo lau argazki jaso ditu liburuan. «Saiatu naiz urtaro batean baino gehiagotan ateratzen. Ehunka urte dituzten zuhaitzak dira, baina bizi-bizirik daude, eta urtaro batean baino gehiagotan ateratzean, agerian gelditzen da hori. Urte batean baino gehiagotan, urtaro batean baino gehiagotan. Hori nabarmendu nahi izan dut». Baten bat aukeratzeko eskatuta, Mendazako (Nafarroa) artea nabarmendu du: «Askotan bisitatu dut. Energia berezia ematen dit». Zuhaitz bakoitzak bere fitxa dauka liburuan. Mendazako arteari buruzkoak honako hau dio: «Mendazako Hiru Hanka artea Quercus ilex espezieko zuhaitz bat da, Iberiar penintsulan dagoen zaharrenetako bat. Itxura monumentala du; 15,7 metroko altuera, 20 metroko adaburua eta 7,7 metroko diametroko enbor bat du, barrua hutsa duena, eta hiru hanketan eusten den ale bakarra dugu. Espainiako zuhaitzik zaharrenetakotzat jotzen da, 1.200 urte ditu eta». 

Hernaniko gingko biloba. VICENTE GUINEA
Hernaniko gingko biloba. VICENTE GUINEA

Guineak dio «dibulgazioa» dela bere jardunaren helburu bakarra. «Eta jendeak esatea: ‘Orain gehiago erreparatzen diet zuhaitzei eta horien formei’. Batzuek esaten didate: ‘Aizu, irudi bat ikusi dut hemen’. Beste batzuek aipatzen dute: ‘Zer zortea duzun’. Ba, nik uste dut natura mundu guztiari gustatzen zaiola, ezta? Baina ni pauso bat harago noa».

Ondategiko haritza (Araba), Orkinekoa eta Etxarri Aranazkoa (Nafarroa). Azekietako pagoa (Bizkaia), Altzokoa (Gipuzkoa) eta Zizkinokoa (Araba). Getariako artelatza eta Hernaniko gingko biloba (Gipuzkoa). Gasteizko sekuoia erraldoia. Azpiazuko artea (Gipuzkoa) eta Eraulgoa (Nafarroa). Liburuan agertzen direnetako batzuk baino ez dira. Beste bat aukeratu du Guineak: «Eraulgo artea berezia da niretzat. Erabat bihurrituta dago. Sustraiak bistan ditu». Liburuko fitxan zera dio: «Nafarroako zuhaitzik baliotsuenetako bat da. 500 urte baino gehiago dituela kalkulatzen da. Bere enbor oinazetuak Daliren irudi bat dirudi: halakoa da bere egitura bitxia eta surrealista. Alboko adar bakar baten gainean garatzen da, oso makurtuta, eta horrek tentsio handia eragiten dio, baina  itxura berezia ere ematen dio». Guineak garbi dauka: «Sekulako altxorra da gurean daukaguna».

Zizkinoko pagoa. VICENTE GUINEA
Zizkinoko pagoa. VICENTE GUINEA

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA