Sanferminak

Motxila 21ek botako du sanferminetako txupinazoa

5.000 boto jaso ditu down sindromea duten gazteekin osatutako musika taldeak. Denera, 12.000 boto jaso dituzte, inoiz baino gehiago.

Motxila 21 taldea. FOKU
Kerman Garralda
2018ko ekainaren 22a
20:30
Entzun

Motxila 21 arduratuko da sanferminei hasiera emateaz. "Ohore" bat dela adierazi dute, eta txupinazoa buru urritasuna duten guztien omenez izango dela. Leire Zabalza eta Ibai Ganuza izango dira, taldekide guztien izenean, suziria pizteko arduradunak. Urduri baina harro agertu dira, udaletxeko balkoitik ohiu egiteko irrikaz. Buru urritasuna duten pertsonak festaren parte direla gogoratu dute.

Motxila 21 down sindromea duten gazteez osatutako rock musika talde bat da. Urte luzeetako ibilbidean, ehun kontzertu baino gehiago jo dituzte. Joseba Asiron alkateak adierazi duenez, "soberan merezi dute aitorpen hau". Alkateak azpimarratu du kontzientziazio eta gizarteratzen lan handia egiten duela Motxila 21ek.

Hiritarrek ekimen hau saritzea erabaki dute. Denera, 5.000 boto jaso ditu Motxila 21en hautagaitzak. Aurten, inoiz baino boto gehiago jaso dira, 12.000. Bozkatu duten guztiei eskerrak eman dizkiete Motxila 21eko ordezkariek, eta gainerako hautagaiei, 'Rastrojo' unaiari, Chrisallys Nafarroari eta Artearen Lagunei, beraien alboan egoteko deia egin diete.

Down sindromea duten hamabi gaztek osatzen dute Motxila 21. 2005. urtean hasi ziren jotzen, "musikaren bidez ongi pasatzeko, komunikatzeko eta hunkitzeko". Bidean, ospe handiko musikariekin jo dute, baita ere CD bat argitaratu: No somos distintos –Ez gara desberdinak–. "Laino tartean argia bilatzen segituko dugu, munduari erakutsaraziz ez garela desberdinak", azpimarratu dute gaurko agerpenean. Iruñeko txistu alardeak proposatu zuen Motxila 21 taldea txupinazoa botatzeko.

[YouTube]https://youtu.be/Vd1UpbXGwLo[/YouTube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.