Maite Artola

«Motzean asko esatea artea da, bertsolaritza bezala»

Mikrofonoa eta hitza lanabes, eta genero berdintasuna amets, 'Andromeda' irratsaioari bizitza ematen dio gaur egun Maite Artolak.

Amaia Agirre Arrastoa.
2011ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Ibarran jaio zen, duela 38 urte. Bokazio handiko kazetaria eta sari garrantzitsuak jasotako berriemailea da Artola.

Irratiko esatarien ahots bakoitzak norberari aurpegi bat iradokitzen dio. Askok esan al dizute ez zintuztela horrelakoa espero?

Batzuek bai. Eta beti zaharragoa irudikatzen nindutela esateko, «50en bat urtekoa» esan zidan batek. «Atsoa» esatea falta izan zitzaion.

Andromeda gizonen agintaria omen da grekeraz. Zergatik jarri zenioten irratsaioari izen hori?

Ez da nire meritua edo burutazioa. Nire aurretik Mertxe Ezeizak egiten zuen saioa; berak sortua da. Galaxia baten baino gehiagoren talka batetik, bategitetik sortutako galaxia da Andromeda. Gizon eta emakumeak elkarren eskutik joan daitezkeen lekua adieraz dezake.

Non dago berdintasuna gizon eta emakumeen artean?

Hierarkiak berdindu egiten gaitu askotan. Sisteman zenbat eta gorago egin, balio bertsuak nagusitzen dira: lehiakortasuna, irmotasuna, elkartasun eza... Baina emakumeak ere izan behar du gogorra izateko aukera, hori nahi badu.

Egia al da emakumeak, zernahi arlo edo lanetan, bere dohain eta gaitasunak bi aldiz erakutsi behar dituela kontuan har dezaten?

Zorionez, ez da nire kasua izan. Baina Emakundek eskura ditu datuak: gure aurrezki kutxetan, onenean, %25ekoa da emakumeen presentzia administrazio kontseiluan; sindikatuetan, LAB salbuespen hartuta, % 25 ingurukoa da batzorde exekutiboetan. Patronalean, lehen aldia da, Nuria Lopez de Gereñuren izendapenarekin, emakume batek Confebaskeko idazkaritza nagusia lortzen duela. Iberdrolako administrazio kontseiluan %12 da emakumea, eta Gamesan ez dago bakar bat ere. Unibertsitatean lizentziatura egiten ari diren ikasle gehienak emakumeak dira, baita nota onenak ateratzen dituztenak ere, baina EHUko katedratan %20ra ere ez dira iristen. Emakumeak bere gaitasunak bi aldiz erakutsi behar balitu ere gaitzerdi. Oraindik ere bide asko itxita dauzka.

Bruselan berriemaile aritu zinen, baita Afganistanen ere. Orain Egiptora joateko esango balizute? Joango al zinateke?

Begiak itxita, Anerrek nire beharrik ez balu. Edo nik Anerren beharrik ez banu. Nire amonak esaten zuen bezala: banintz eta bagina senide asko dira.

Orain gutxi arte informazioaren zurrunbiloan ibili zara; orain urrunagotik jarraitzen al duzu?

Mezularia egiten nuenean berehalakotasunak indar handia zuen. Etengabe azken orduaren atzetik eta albistea sortu orduko erreakzioaren bila aritzen ginen. Oraingo irratsaioak informazioa beste patxada batez jasotzeko aukera ematen dit. Are gehiago, albiste asko bere neurrira ekartzeko denbora daukat. Izan ere, urgentziak ez du uzten askotan garrantzitsua zer den ikusten.

Albiste agentzietatik datorrena zurrupatzeaz gain, inoiz utzi al duzu albisterik zuk nahi bezala eman ezinik?

Bai. Baina ez hainbeste goitik jaso dudan presio edo kontrolagatik, neronengabeziengatik baizik. Albistea ondo ulertzeko testuingurua behar da; gai askotan ezjakinak gara, eta dakienari galdetzeko betarik ez dugu hartzen.

Iaz, urtebeteko eszedentzia hartu zenuen, eta orain lanaldi murriztuan ari zara. Lehen lan gehiegi eta orain gutxiegi egiten ote duzun esan dit zure inguruko batek.

Hori esan dizuna nire laguna da? Zuzendaritzak ez al nau alpertzat hartuko!!! Lehen, saioa zen bezalakoa zelako lan asko egiten nuen, baina aitortu behar dut nire izaeragatik erritmo bizia gustuko dudala. Orain beste era batera lan egiten ikasten ari naiz. Batzuetan, tentsio informatiboa faltan sumatzen dut, eta, beste batzuetan, nagoenean ondo nagoela pentsatzen dut.

Euskararekiko sentiberatasun izugarria duzu. Egunean zenbat aldiz sentitzen duzu belarriko mina?

Gehiegitan. Askotan asaldatu egiten naiz euskaratik edo euskarari esker bizimodua ateratzen duen jendea, urrutira joan gabe, etengabe gazteleraz entzuten dudanean. Baita erakunde publikoetan, gobernuan, aldundietan, udaletxeetan, agintzen gaituztenek euskara ajolarik gabe erabiltzen dutenean ere. Ez dakite hitz egiten, bi esaldi irakurtzen dituzte eta horiek gaizki. Zer esaten ari diren arrastorik gabe.

Argia eta Rikardo Arregi sariek, irribarre bat lapurtzeaz gain, zer ematen dute?

Pentsatzen dut izena ematen dutela. Inoiz egindako lana norbaiti txukuna iruditu zaiola pentsatzea.

Sakelako telefonotik mezu bat bidaltzea edo dei bat egitea duzu nahiago?

Telefonoa nire pasioa da. Berdin dei edo mezu. Motzean ere asko esaten dakienik bada. Artea da hori, bertsolaritza bezala.

Taberna eta leku publikoen kanpoaldean egiten duen hotzaren beldur utzi al zenion erretzeari?

Badira sei urte utzi nuela. Orduan inork ez zuen pentsatuko gisa honetako legerik indarrean izango zenik. Eskerrak utzi nuen. Ikaragarri hozkila naiz eta!!!

Zer albiste ematea gustatuko litzaizuke hauteskundeen aurretik? Eta ondoren?

Aukera politiko guztiek hartu dutela parte.

Elkarrizketatuari protagonismoa ematean omen datza elkarrizketaren arrakasta. Nahikoa karaktere eskaini al zaizkizu?

Aspaldi utzi nuen prentsa idatzia, eta jada ez dut karaktereetan pentsatzen. Mikrofono gosearekin gelditu naiz, hori bai. Beti gehiago nahi...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.