Ezarian. Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa

Mozambike: kontrastea eta kolore bizia

Mia Couto idazlearen arrastoak eraman zituen Mozambikera Loinaz Otegi eta Josune Otxotorena. Otxotorenak idatzitako kronikak gerturatuko digu herrialdea.

Kontrasteen herrialdea da Mozambike. Mareak behera egiten duenean, handitu egiten da uharteetako eremu erabilgarria. LOINAZ OTEGI.
2011ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Mia Coutoren esanak piztu zigun lurralde urrun hau ezagutzera joateko harra; haren ustez, lurraldearen erakargarritasunik handienetakoa turismorik eza omen, exotikoaren ehizan dabiltzanen inbasio falta dela, alegia, lurreko leku exotikoenetako bat are zoragarriago egiten duena. Izan ere, bertako jendea ezagutu beharrekoa da, manioka jendea, belaontzietako arrantzaleak, kapulanadun koloretsuak, 140 hizkuntza eta dialektoren hiztunak… Gainera, bere 2.500 kilometroko itsasertzeko edozein hondartza edo uhartetako ilunabarrak baino atseginagorik zer, luxurik gabe baina edertasunez bihotza lehertzear jartzen dizuna. Sekulako palmondo sailak, ur gardenetako buzeo saioak Vilankulon, eta Tofoko olatuak; Ibo eta Ilha de Moçanbique uharteak, estrategikoki kokatuak, persiar, arabiar eta portugesen bidegurutze, Asia eta Europa arteko lotura eginez; Maputo, kontrasteko hiriburua… Azken batean, espazio luze zabaleko lurralde isil honek pasioa eta irrika sorrarazi dizkigu.

Lehenengo, Iparra...

Horrela erabaki genuen bertan mugitzeko zailtasunak handiagoak direnez, turismo bide ohikoetatik baztertuta, makua eta makonde-en lurraldetik abiatzea, Penban lurreratuta. Hirigunea munduko badiarik handienetako bigarrenaren albo batean dago, penintsularen muturrean. Paquitequete, behean, jatorrizko arabiarren ondorengoek populatutako ghettoa, etxolez osatua, imana errezora deika ari dela ezagutu dugu. Goiko aldean, beste maila bateko hiria, probintziaren hiriburuari zor zaion moduan: egoitza ofizialak eta kale zabalak, portugesen herentzia beren beharretara egokitua... baina ez dabil inor. 110.000 biztanleetatik gehienak itsasertzera begirako etxolaz osaturiko auzuneetan bizi dira, arrantzatik nagusiki, ezarritako turismo guneetatik aparte; Hegoafrikatik heldutakoek kudeatzen dituzten hotel eta negozioak lanerako bakarrik zapaltzen dituzte.

Lehenbailehen abiatu nahi dugu Ibo aldera, baina lehenago Indiako Ozeanoko ur gardenetan bainatu, eguzki sartze paregabeez gozatu eta magia dastatu: 1.500 urteko baobab zuhaitz ikaragarriaren barrenean sartuta, portugesen aurkako gerran bertako biztanleen ezkutaleku eta babes gisa erabili zutenekoan.

Magiak atzean utzita, Tanzaniarekin mugakide den Cabo delgado probintzian barrena goaz Quirimbas Parke Nazionalerantz, 32 uhartek osatutakora. Lur gorriko errepideetan zehar, chapa (jendez betetako furgoneta edo pick-up antzekoa) hartuta, eguzki galdatan, aukera merke eta polita bezain neketsuabaliatu dugu Tandanhanguera. Baina bidaiak luze jotzen du, 8 orduigaro ditugu, sardinak latan lez,berriketan eta herrixketan gelditzen, gure chapa-kideek erosketak egin ditzaten, nagusiki horretarako erabiltzen baitute.

Azkenean, dhowa hartu eta mangladietan barna ibili ostean, haizearen indarrez dabilen ontziak Mozambikeko tokirik magikoenean uzten gaitu: Ibo, bera da interes handiena duen irla, noizbait oparotasunean bizi izandako zantzuak ageri dituena oraindik: duela 40 urte abandonatutako eraikin kolonial ederrak, elizak, fuerteak, portugesen hilerriak… urrun geratu dira urrezko garaiak eta, horren erakusle, bertako biztanle askok kontinentera jo beharra izan dute bizimodua aurrera ateratzeko. Dena den, uhartean galtzea bezalakorik ez dago, txoko guztietan aho zabalik utziko gaituzten irudiak aurkituko baititugu. Futbol zelaian Ibo Penbari irabazten ari zaio, giroa paregabea da, jendez lepo, kanpoan zuhaitzetara igotakoek ere txalo gogotik jotzen dute. Emakumeek mussiroa jartzen dute aurpegian, zuhaitz baten zainarekin egindako krema; neska gazteek, birjintasunaren adierazgarri, eta helduagoek azala hidratatzeko eta eguzkitik babesteko.

Biztanleak argindarrik gabe bizi dira, eguzkiaren erritmora. Guk, marea gora denean, hondar zuriko hondartza amaigabeez, turkesa koloreko ur lasaiez gozatzen dugu. Eta marea behera denean, berriz, irletako eremu erabilgarria handitzen denez, egunetako batean Ibotik Quirimbara oinez joan gara, bertako gaztetxo bat gidari hartuta, garbi dakielako zein ordutan gurutza daitekeen kanala eta noiz hartu dhow-a Ibora nabigatuz itzultzeko. Pozik jarri da eskupekoarekin, Penbako ikasketak ordaintzeko ondo etorriko omen zaio. Eskerrik asko ere bere hizkuntzan, swahiliz, nola esan erakutsi digu: «Asante sana».

Uhartetik uhartera, Mozambike irlarantz

Bidaia luzea da hiriburu ohirainokoa, horregatik dugu hitzartua chapa partikularra; baina era horretan, goizeko ordu txikietan jaikita, gauerako Mozambike uhartean izango gara, kontinentearekin lotzen duen hiru kilometroko zubi mehar bat gurutzatu eta gero. Egun, Mozambiken bisitari gehien jasotzen duen tokia da. Unescok gizateriaren ondare izendatutakoa, abandonatuta, luzaroan utzita izan badute ere, pixkanaka berriz altxatzen ari dira gaur egun.

Uharte txiki hau, lau kilometro luze eta 800 metro eskas baita lekurik zabalenean, superpopulatua dago: 18.000 pertsona bizi dira bertan. Kaleetan jende andana dago uneoro; bisitariok inolaz ere ezin aspertu uharteko kaleetan, bertakoen begiek gure joan-etorriekin atseden hartzen ez duten bezalaxe: inguratu zaizkigun gazte batzuek badakite nongoak garen, noiz iritsi garen, non daukagun lojamendua, eta, inportanteena, dagoeneko zer edo zer erosia dugun ala ez. Atera kontuak…

Bi gune nagusitan banatzen da uhartea: Cidade de Pedra eta Macuti. Lehenean, portugesen garaian eraikitako elizak, gotorlekuak, ospitaleak, palazioak, hilerriak… aurki ditzakegu. Irla oinez zeharkatzea txango polita da. Iparraldean, Indiako Ozeano zabalera begira, Sao Sebastiao gotorlekua dago, portugesek 1558an eraikia. Hainbat erasoren lekuko izana, holandarrena 1607an kasu, gerora esklaboak gordetzeko erabili zuten; eta Mozambikeko Independentzia Gerran, berriz, iraultzaileen kartzela izan zen. Cidade da Pedra honetan derrigorrean bisitatu beharreko beste leku bat Sao Paulo museoa da. Vasco de Gama esploratzaileak zaintzen duen plazan kokatua. Jesuiten komentua izan zen hasiera batean, Xabierko Frantzisko irakasle ere aritua bertan. Gerora, Portugalgo agintarien jauregi bilakatu zen, eta iraultzarekin, azkenik, uharteko historia gordetzen duen museo ederra da.

Macuti auzunean, berriz, etxe xumeetan pilatuta, populazio gehiena bizi da, eta populazio gaztea; kaleetan umeak besterik ez dira ikusten, garbi dago zein den kirol nazionala, eta gobernuak ez duela jaiotza kontrolerako inolako neurririk hartu, ezta oraingoz asmorik ere, 25 milioi biztanle inguru izanik ez omen dute neurririk hartu beharrik 40 milioi izan artean!

Guruen Namuli mendi sakratua eta te plantazioak

Euskaldun baten bidaian ezin falta mendialdea, eta horregatik jo genuen Guruera. Iristeak lanak eman bazizkigun, ederki kostatu zitzaigun bertatik ateratzea ere, ez baitzegoen hegoalderanzko autobus lotura egokirik; hortaz, bost egunetako planak egiteari ekin genion. Egia esan, mikroklima honetan etsitzea ez da batere zaila: mendi artean kokatua izaki, paraje zoragarriak ditu.

Horrela, bada, zangoak luzatzeko parada hartu genuen, baita bertakoen bizimodua gertuagotik ezagutzeko aukera ere. Batean, te artean galtzera joan ginen, baina ezinezkoa: umeak korrika, algaraka, gidaritza eskaintzen gazte eta helduagoak uneoro… Azkenean batekin eman genuen paseoan bazuen zer erakutsia: plantazioetan langileak faenan, 1930eko urteetan eraikitako nagusi portugesen jauregiak, te mintegiak, Gurueko eta Namuli alderako ikuspegi paregabea eskaintzen zuten talaiak… Egia esan, gustatu, eta beste egun batean te fabrikaraino joan ginen, barrutik ezagutzera; eta horrela, egun faktoriaren nagusi indiarrak mundu osoan ospetsu den Gurueko tea eman zigun probatzeko, benetan fina.

Beste batean, ur-jauzi dotorera,haraino iristeko bidean erreka ondoan saltzaileei erositako kanabera hartuta, azukrearen indarra baliatuta, han eta hemen egur garraioan, arropa garbitzen, ahuntzak zaintzen edo beren zerbeza-rekin (likore antzekoa) bizipoztenari zirenak agurtuz. Namuliraino ere joango ginen; baina trekinak denbora gehiago eskatzen zuenez, alde batera uztea erabaki genuen.

Joan aurretik nork esango zinema ezagutu behar genuenik, Afrikako herrixka batean igande arratsaldeko planean Bruce Willisen pelikula txar bat ikustera sartu ginen, 0,25 euroren truke; surrealista.

Hegoalderantz, eta Maputo

Chapa Quelimanera, autobusa Beirara, eta hortik Vilanculosera. Kostaldeko kutsu kolonialeko hiriak pasata, Bazaruto uhartedia. A ze paradisua snorkel eta buzeorako, milaka koloreko arraintxoak koral artean, are zuriko hondartzak…kanpotarren negoziorik gabe, bertakoek gero eta gehiago antolatzen dituzte turistontzako txangoetako bat baliatuta.

Mozambike ari da esnatzen, gerrekin hondoratuta geratu zena goraka dator, nahiz eta erraiak ere jokoan jarri dituzten: 7 milioi hektarea salgai ditu kanpoko kapitalak erosteko zain. Hala ere, ez dira lehengo prezioak Vilankulon aterpe hartu genueneko nagusi alemaniarrak aditzera eman zigun 9 urte lehenago ordaindutakoa halako hamar balio zuela orain bere orubeak.

Hegoalderago, Tofon, gelditu eta Indiako Ozeanoaren haserrea zer den ezagutu genuen: erauntsipean, euria goian behean, surferoen paradisua atzean utzi, eta bizkor asko jo genuen azken helmugara, Maputora.

Egia esan, Maputoko kale zabaletan, jakaranda eta akazien itzalpean paseatzen alde ederrean gabiltza. Hiriko alderik koloretsuena Baixan dago, alderik zaharrena: eraikuntza dotoreak, Postetxea eta Tren geltoki ospetsua kasu, beste eraikuntza basati eta arrazionalegiekin kontrastean. Baixa azokak nonahi daude, denetik topa dezakezu, bertan ari da taupaka Maputoren bihotza, bertan bota ditzakezu nahi adina ordu, kamera eskuan, jendearen edertasunarekin txunditurik.

Nahiz eta Mozambike munduko naziorik pobreenetakoa izan (estatistikak beldurgarriak dira: bizi-itxaropena 37 urtekoa, analfabetismoa %52, hiesak jotakoak %15, pobrezian bizitzen populazioaren %54), Maputon herrialdea gorantz doala nabarmena da. Arestian aipaturiko atzerriko inbertsioak bultzatu dituen gobernu egonkorrari esker; egiazki, badute horren premia eta atzerritik jasotzen duten laguntza ororen beharra, tartean baita gure turismoa ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.