Irailaren 11n Mugarik Gabeko Telebista herri egitasmo legegilea eztabaidatu zuten Madrilgo Kongresuan. PPren eta UPDren kontrako botoekin atzera bota zuten 651.650 sinadura jaso zituen egitasmoa. ETB Nafarroan LTD bidez ikusi ahal izatea, TV3 Valentziako erkidegoan ikustea eta Bierzo eskualdean TVG ikustea eskatzen zuen egitasmoak, funtsean telebista publikoak hizkuntza hori duten beste erkidego autonomoetan ikustea, Euroitunarekin bat eginez.
Ordutik, gaia nahiko ahaztuta gelditu da. Administrazioan Euskaraz taldeak, ordea, jendaurrean salatu nahi izan du Madrilgo Kongresuak hartutako erabakia. «PPk gehiengo absolutua du, eta bere ezezkoa nahikoa zen proposamena atzera botatzeko. Arrazoia: hori aurrera eramateak estatuari finantzaketa eskatuko liokeela multiplexetan egin beharreko aldaketengatik», dio taldeak. «Jakinekoa da PP euro bat ere prest ez dagoela katalan, galego edo euskaldun hiztun eskubideak babesteko».
Administrazioan Euskaraz taldeak azaldu duenez, iraileko bozketan PSOEk proposamenaren aldeko botoa eman zuen, behin jakinda PPk proposamena atzera botako zuela. «Aurreko legegintzaldian PSOEk nahiko boto ziurtatuak zituen aurrera ateratzeko, baina geldiarazi egin zuen, gertatu dena ahalbidetzeko».
ETB1 eta ETB3 Nafarroan LTD bidez ikusteko aukerarik ez dagoela eta, honako galdera hau planteatzen du Administrazioan Euskaraz taldeak: «Espainiako Estatuaren egitura lagungarria al da euskarazko hizkuntz komunitatearen eskubideak babesteko? Erantzuna garbia da: Ez». ETB, berriz, ezingo da Nafarroako LTDko lehiaketara aurkeztu.
Komunikazioa
Mugarik Gabeko Telebistaren aurkako erabakia salatu dute
Administrazioan Euskaraz taldeak Madrilgo Kongresuak irailean hartu zuen erabakia gaitzetsi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu